Txirrindulariak

Iker Gomezek bigarren garaipena lortu du, Seguran

Guaixe 2024ko api. 15a, 12:05

Quesos Albenizko txirrindulari altsasuarra esprint ikusgarrian gailendu zen, denboraldiko bigarren garaipena lortuaz

Iker Gomez Lopez de Goikoetxea txirrindulari altsasuarrak (Quesos Albeniz) denboraldiko bere bigarren garaipena lortu du. Martxoaren 3an zabaldu zuen garaipenen kutxa, bere klubak Altsasun antolatutako XXXVIII. Udaberri Saria irabazita. Hotza, euria eta tarteka elurra ari zuen lasterketa horretan, baina altsasuarrak beroarekin ere ongi moldatzen dela erakutsi du, apirilaren 13an, larunbata, Juniorren Segurako Saria irabazi baitzuen (65,7 km), denboraldiko bigarren garaipena lortuaz. Lasterketa azkar eta menditsuan hirukote baten arteko esprintak erabaki zuen garailea, eta Iker Gomez izan zen Marco Martin (Baque) eta Aimar Quintana (Invitec) baino azkarrago. Gomezek mendiko txapelketa irabazi zuen baita ere. Taldeka, Baque izan zen onena. 

Quesos Albenizko gainontzeko txirrindularien kasuan, Ekaitz Perez 48. sailkatu zen, Eñaut Oiarbide 64., eta Iker Begiristain 86. 

Gomez eta Perez, Lizarrako Top 10ean
Hurrengo egunean, apirilak 14, Lizarran bildu zen juniorren tropela, VII. Ega Ibaia Trofeoa baitzuten jokoan (83km). Lasterketa gorabeheratsua izan zen, eta beroa eta etengabeko erasoak izan ziren protagonista. Azkenean, hiru txirrindulariz osatutako taldetxoa iritsi zen batera helmugara. Esprintean, Fernandez de Gorostiza (Ipar Maquina) gailendu zitzaien Huesca La Magiako Elias Tameri eta Diego Galvani. Quesos Albenizko Iker Gomez seigarren sartu zen, 1:08ra, eta bere taldekide Ekaitz Perez zazpigarren, 1:15era. Iker Begiristain eta eta Mikel Viloria taldekideak 25. eta 27. izan ziren, 3:41era. Taldeka Huesca La Magia gailendu zitzaion Quesos Albenizi.