Saskibaloia

CBASK vs Aguerri Larraona, txanponaren bi aldeak

Guaixe 2024ko api. 18a, 12:30
Zelandi kiroldegia.

Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan talde altsasuarrak Aguerri Larraona Clareten kontra galdu zuen, baina Emakumezkoen Lehen Senior mailako taldeak Larraona Claret mendean hartu zuen

CBASKeko bi talde nagusiek Larraona Claret klubeko bi talde hartu zituzten larunbatean Zelandin. 

Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan CBASK Narum Fisioterapia taldea 49-62 erori zen Aguerri Larraona Clareten kontra. Iruñeko taldeak hasieratik hartu zuen aurrea, eta gutxika alde gehiago ateratzen hasi zen, garaipen sendoa lortu arte. 

Sailkapenean, Humiclima taldeak jarraitzen du Bigarren Maila Interautonomikoko lider (42 puntu). CBASK Narum Fisioterapia hamabigarren postuan dago (31 puntu). Apirilaren 20an, larunbata, talde altsasuarrak sailkapenean seigarren den Navasket izango du aurkari, 18:00etan, Iruñean. 

Emakumezkoen seniorrak, ongi
Emakumezkoen Lehen Senior mailako 23. jardunaldian CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak garaipen polita lortu zuen etxean, Larraona Clareti 7 puntuko aldearekin irabazita (50-43). Lehia bizia izan zuten bi taldeek eta parez pare ibili ziren, baina azken laurdenean aurrea hartu zuten altsasuarrek, eta garaipena lortu. 

Sailkapenean Aranguren Mutilbasketek jarraitzen du emakumezkoen Lehen Senior mailako lider (46 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldea hamargarren postura igo da (29 puntu). Apirilaren 20an, larunbata, talde altsasuarrak sailkapenean hamairugarren den Optica Azpilicueta Navarro Villoslada izango du arerio, 18:00etan, Iruñean.