Araba trenaren alde, Goierriko AHTrik ez eta Nafarroa trenaren alde plataformak deituta, “Burgos, Araba eta Nafarroan ibilbideen azterketa eta tren publiko eta sozial baterako proiektua” defendatu zuten Altsasun bildutako manifestariek. Proiektu horren oinarrizko jarduerek trenbidearen bikoizketa eta egokitzapena aurreikusten dute, bertatik, mota guztietako trenak ibil daitezen. Horrekin batera, geltoki eta geratokiak berriro ireki, trenbide zatiak lurperatzea, eta gatazkatsuak diren puntuen ezabaketak planteatzen ditu proiektuak. Manifestariez aparte, 22 traktore, joaldunak, pertsonaia mitologikoak, trikitilariak eta kantuz taldeek parte hartu zuten.