'Euskara kirolean' mahai ingurua, Beleixeren urteurrenean

Guaixe Irratia 2024ko api. 29a, 10:10

Jagoba Arrasate, Yolanda Martil, Maitane Vilariño, Igor Martinez eta Iñaki Berastegi.

Apirilaren 30ean, asteartea, Iñaki Berastegi kazetariak gidatutako, Jagoba Arrasate, Yolanda Martil, Maitane Vilariño eta Igor Martinez kirolarien solasaldia izanen da, Iortia kultur gunean.

Beleixe Irratiaren lehenengo emisioaren 25. urteurrena izanen da maiatzaren 3an, eta Guaixe Fundazioak behar bezala ospatuko du. Maiatzaren 4an, larunbata, urteurrenaren ospakizun handia izanen da, Etxarri Aranatzen antolatu den Beleixe Egunarekin, baina aurretik apirilaren 30ean, asteartea, 18:00etan, goi mailako kirolariak Iortia kultur gunean izanen dira, Sakanako Mankomunitateko Euskara eta Kirol zerbitzuek, Guaixe Fundazioak, Beleixe Irratiak, Altsasuko Udalak eta Nafarroako Gobernuak antolatutako Euskara kirolean mahai inguruan.

Jagoba Arrasate Elustondo Osasunako entrenatzaileak, Yolanda Martil Fernandez Xotako jokalaria eta kapitain irurtzundarrak, Maitane Vilariño Mendinueta Osasunako jokalari olaztiarrak eta Igor Martinez Lumbreras saskibaloi entrenatzaile eta 2024ko Conquiseko partaide altsasuarrak parte hartuko dute Euskara kirolean mahai inguruan. Iñaki Berastegi Goikoetxea kirol kazetari urdindarrak gidatuko du solasaldia.

Beleixe Eguna
Maiatzaren 4an, larunbata, Beleixeren urteurren ospakizuna izanen da, Etxarri Aranatzen. Goizean irratsaio berezia eginen da, Beleixe irratiaren estudiotiketa eguerdian Bazkaria antolatu dugu Guaixe Fundazioak. Bazkarian izena emateko azken eguna apirilaren 26, ostirala, da irratia@beleixe.eus epostan. Bazkalostean Joxek_Farrak bakarlariaren emanaldia izanen da.

Erlazionatuak