Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoko 24. jardunaldian CBASK Narum Fisioterapia taldeak 73-68 galdu zuen Navasket taldearen kontra, partida oso borrokatuan. Bi taldeak paretsu ibili ziren partida guztian barna, baina azken minutuetan Navasketek alde txikia atera zuen eta, azkenean 5 punturengatik gailendu zen.
Sailkapenean, Humiclima taldeak jarraitzen du Bigarren Maila Interautonomikoko lider (44 puntu). CBASK Narum Fisioterapia hamabigarren postuan dago (32 puntu). Apirilaren 27an, larunbata, talde altsasuarrak sailkapenean bosgarren den Loyola hartuko du Zelandin, 17:50ean.
Emakumezkoen seniorrak, beste garaipen bat
Emakumezkoen Lehen Senior mailako 24. jardunaldian CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak bigarren garaipena lortu zuen jarraian, Optica Azpilicueta Navarro Villosladari partida oso lehiatuan 56-59 irabazi eta gero. Emozio handiko partida izan zen. Bi taldeak parez-pare lehiatu ziren, eta azken tartean Navarro Villoslada joan zen aurretik. Baina azken unean Altsasuk arerioa aurreratzea lortu zuen eta garaipen gozoa lortu.
Sailkapenean Aranguren Mutilbasketek jarraitzen du emakumezkoen Lehen Senior mailako lider (48 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak hamargarren postuan jarraitzen du (31 puntu). Apirilaren 27an, larunbata, talde altsasuarrak Aranguren Mutilbasket liderra hartuko du Zelandi kiroldegian, 16:00etan, Altsasun.