Astekaria

"Musikari dagokionez helburua nahiko argi genuen"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko api. 30a, 12:56

Aingura taldeko kideak 'Garenaren Arrazoia' diskoarekin: Urriza, Adur, Edu, Oier eta Antolin. UTZITAKOA

Bi lagunekin batera Aingura punk-oi taldea sortu zuen Adur Ramirez de Alda Pozueta altsasuarrak; boskotea egin zuten ondoren. 'Garenaren Arrazoia' diskoa kaleratu dute orain, zortzi abestiz osatuta

Nafarroa Garaiko herri desberdinetatik elkartu diren bost lagunek Aingura taldea sortu zuten duela pare bat urte inguru: Oier gitarra jole iruindarrak; Antolin baxu jole agoiztarrak; Edu abeslari erriberriarrak; Nafar ekialdeko haran batekoa da Urriza bateria jolea, eta taldekideen artean ere sakandar bat dago, Adur Ramirez de Alda Pozueta gitarra jole altsasuarra. Aingurak Garenaren Arrazoia diskoa kaleratu du, eta bertan, besteak beste, belaunaldi gazteek bizi duten espektatiba faltari, desesperantzari, biolentzia psikologikoa, ekonomikoa, soziala eta politikoari, eta krisi ekologikoari buruz hitz egiten du boskoteak. Sakanan Altsasuko Lezea eta Idergi tabernetan salgai dago diskoa. 

Nola sortu zen Aingura taldea?
Aspaldiko hiru lagunen artean sortu zen. Urriza, Antolin eta ni Iruñeko Herriko Tabernan ostegun batean pote batzuk hartzen ari ginen eta haiek aurretik beste talde bat zuten, beste estilo batekoa, eta esan zuten ea animatzen ginen horrelako zerbait muntatzera. Nik ez nekien oraindik gitarra jotzen, espetxean zer edo zer ikasi nuen, baina esan nien baietz, animatzen nintzela. Beste gitarrista bat, nagusia izango zena, eta abeslaria behar genuela esan genuen eta Iruñeko jende desberdinarekin tanteatzen hasi ginen. Hasieran Gaizka sartu zen, baina beste bi taldetan zegoen eta esan zigun ezin zuela gurekin jarraitu, eta orduan Edu sartu zen, ibilbidea gurekin egin duena. Bagenekien punkrock eta punkoi eszenan zerbait egin nahi genuela. Gaur egun Iruñean eta Euskal Herrian gurekin gehien identifikatzen den estiloa da, eta bagenekien hortik joango ginela. Musikari dagokionez helburua nahiko argi genuen.

Nolakoak izan ziren hasierak?
Hasieran dezente kostatu zitzaigun dinamika hartzea. Baina lehenengo kontzertua Antzina tabernan egin genuen; piszinara bota ginen pixka bat. Taberna lehenengo kontzertu bat egiteko toki hoberena da, taberna, lagunak, oso espazio txikia eta jendeari gustatzen zaion eszenatokia da. Orduan, aukera paregabea zen. Segituan kantak grabatu nahi genituela esan genuen, are gehiago, lehenengo kontzertua grabatu genuen ere. Gure filosofia da ahalik eta gehien guk sortu eta guk grabatu, inoren eskutan ez egoteko. Antolinek etxean estudio bat dauka, eta berarekin grabatu genituen abestiak.

Beraz, hasieratik zuen abestiak sortu dituzue. Zein da prozesua?
Lehenengo musikalak ditugu, Antolinek egiten ditu, gehienbat inspirazioa sartzen zaionean, egiten du, eta proiektuak bidaltzen dizkigu. Taldekideren batek proiektu horri letra bat sartzen dio eta probatzen joaten gara. Momentuz horrela egiten dugu.

Zertan desberdintzen zarete?

"Niri gustatzen zaidan gauza bat da bi belaunaldien arteko lotura dagoela"

Gure doinuak nahiko melodikoak dira. Ez da punk oi klasiko bat, gogorra; guri melodikoagoa izatea gustatzen zaigu, entzungarriagoa. Diskoan entzuten duzunean konturatzen zara edozeinek entzun dezakeen diskoa dela, ez da behar izatea punk oi zalea. Horrekin nabarmendu nahi izan dugu. Letrek oso gaurkotasunetik hitz egiten dute. Niri gustatzen zaidan beste zerbait da bi belaunaldien arteko lotura dagoela taldean: Oier eta Edu gazteagoak dira, 2122 urte dituzte; eta gero Urriza, Antolin eta ni 30 urte tarte horretan gaude. Bi belaunaldi horiek elkartzen dira. 

'Garenaren Arrazoia' diskoa kaleratu duzue. Nolakoa da?

"Gure doinuak nahiko melodikoak dira; ez da punk oi klasiko bat, gogorra"

Aurretik lau abesti grabatuta genituen, eta orain abesti horiek birgrabatu ditugu, Edurekin, abeslariarekin, aurretik lehenengo abeslariarekin genituelako. Beste lau abesti grabatu ditugu, eta horietako bat Benito Lertxundiren abesti baten bertsio bat da Rotten XIII.ko Endikaren kolaborazio batekin. Oihartzun handia izan du, azkenean Benitok gure herrian duen garrantziagatik, eta jendeari asko gustatu zaio. Horrek igoera handia eman digu. Abesti guztiak euskaraz dira, bat izan ezik. Antolinek, baxu joleak, ez daki euskara. Kaña sartzen diogu, baina oraindik ez daki. Bere familia argentinarra da, eta berak egin zuen abesti bat kontatzen bere familiak egin zuen migrazio prozesua. Apirilaren hasieran Argentinatik itzuli berri zen, eta Iruñean jo genuen kontzertuan abestiaren unea oso hunkigarria izan zen, emozionatu zen, oso polita izan zen.

Nola izan da prozesua? 
Diskoa Antolinen estudioan grabatu genuen ere, baina konturatu ginen zer edo zer gehiago nahi genuela, eta soinu aldetik hasiera batean ez zara konturatzen, baina gero aldaketa handia dago. Orduan, pista horiek estudio batera bidali genituen, eta masterizatu ditu. Diseinua Urriza, bateria joleak, egin du, diseinu grafikogilea da, eta guztia etxean gelditu da. 

Nolakoak dira zuzenekoak?
Denetarik izan dugu. Apirilaren 12an Iruñean eman genuenean oso polita izan zen. Amerikako Estatu Batuetako talde batekin jo genuen, eta hemengo giroarekin flipatu zuten. Espazioak asko egiten du, herria, ezagutzen zaituzten edo ez, eta egia esan oraingoz harrera txukuna izan dugu. Aurreko kontzertuan diskoa kaleratu ondoren egin genuen lehenengoa izan zen, eta nabaritzen zen jendeak letrak bazekizkiela. Sorpresa handia hartu genuen; giroa aldatzen da. Publikoa zurekin dago.

Nola duzue agenda?
Hilabetean behin edo bitan jotzen saiatzen gara. Garden eta Tuteran emango ditugu kontzertuak, eta beste batzuk itxita ditugu ere.