Astekaria

Nazabalen artearen unibertsaltasuna

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko api. 29a, 12:11

Itziar Nazabalek performancearekin sortutako 'Human Life and Diversity' lana. GHASSEN GHERISSI

Artista altsasuarraren 'The dance of the Nature' (Naturaren dantza) erakusketa Hego Koreako Haegeumgang Teme Museumean izan da; erakusketa ibiltaria da eta, beraz, Asiako herrialdeko zenbait museotan izanen da ikusgai.

2023ko udazkenean Itziar Nazabalek Hego Koreara bidaia egin zuen bertako Goejeko Haegeumgang museoan antoaltzen duten Life is Art nazioarteko arte erakusketan epaimahaikide izendatu zutelako. Bidaia "estresantea" izan zela aitortu du artistak, baina esperientziarekin pozik dago. Jaialdiaren ondoren, Nazabalen The dance of the Nature naturan oinarritutako erakusketa mustu zuten martxoaren 1ean Haegeumgang museoan. Apirilaren 25era arte altsasuarraren hamazazpi lan eta performancearen murala ikusgai egon dira, Orain Hego Koreako zenbait museotara bidaia hasi du erakusketak. 

The life is Art jaialdia zenbait museotan egin zen: "Leku desberdinetatik mugitzen ginen. Bira antzeko bat egin genuen, eta egunero autobusa gora eta behera ibiltzen ginen". Zonaldea "hemen bezala" menditsua dela esan du: "Ez genekien zehazki nora joaten ginen, eta toki batetik bestera iristeko asko kostatzen zen". Esperientzia "oso mugitua" izan zela esan du artistak, "aurten ere eskaini zidaten, baina haize pixka bat behar nuela esan nien".

Artea edonon
Mustutze ekitaldian Nazabalek haren ezaguna den performancea egin zuen. "Aurretik ezin izan nuen gustatzen zaidan bezala prestatu", baina prestatu zioten tokia "izugarria" zela kontatu du. "Horma handi bat, ingurua egurrezkoa, farolilloekin...". Performancearekin oso pozik gelditu zen artista: "Inportanteena ez da emaitza, baizik eta eztanda hori. Inoiz baino gehiago sentitu nuen". Lehendabiziko eztanda da inportanteena, "eta trantze batean sartzen naiz, baina oraingoan melodiarekin joaten nintzen, eta nik ez dakit dantzatzen, baina mugimenduak sentitzen eta egiten nituen". 


Itziar Nazabal Hego Korean performancearen ondoren. GHASSEN GHERISS

The life is art, Bizitza artea da, jaialdiaren filosofia jarraituz, eta bizitza "edonon" aurki daitekela kontuan hartuz, esekitoki bat margotu zuen Nazabalek. "Niretako zerbait unibertsala da. Denok sartzen gara arropa gai horretan. Edertasun bat dago arropa zintzilik irudi horretan, bizitza eta aniztasuna irudikatzen du". Egindako murala Hego Korean gelditu da artista altsasuarraren beste hamazazpi artelan erakusketa ibiltarian. Performancearen bideoa ikusteko aukera ere badago bertan. 

The dance of the Nature erakusketan ikus daitezkeen lanak Hego Koreako jaialdirako propio sortutako artelanak dira. "Eskaera onartu nuen eta aurreko urte osoan egin nituen, epaimahai izatearen kudeaketa lanarekin uztartzen nuen bitartean". Gogorra izan zela aitortu du artistak. Landareak dira protagonistak erakusketa honetan: "Naturan inspiratu naiz, naturaren edertasunean, mugimenduan, fintasunean, grafismoan...". Bitxikeria bezala, maletetan eraman zituzten artelanak Hego Koreara.