Etxerako egurra eskatzeko garaia

Guaixe 2024ko mai. 2a, 11:19

Altsasuko ikuspegia Barga aldetik. ARTXIBOA

Eskabideak 948 012 012 telefono zenbakira hots eginez egin behar dira.
Maiatzaren 10era arteko epea dago eskaera egiteko.

Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, etxerako egur lotea eskuratu nahi duenak eskabidea aurkezteko garaia du. Udalak zehaztu duenez, familia-unitate bakoitzak eskaera bakarra egin dezake, beti ere, ordenantzaren baldintzak bete beharko ditu. Udalak Torretxiki dermioan 3.000 kilo inguruko aprobetxamenduak prestatu ditu, 150 gehienez. Haietako bakoitzagatik 20 euro ordaindu beharko dituzte eskuratzen dutenek. Baldintzak betetzen dituzten eskaerei jakinaraziko zaie ordainketa egin dezaten. Loteen zozketa ordaindu dutenen artean egingo da. Zozketa hori ekitaldi itxian egingo da. Zozketa egin ondoren, dokumentazioa posta elektronikoz bidaliko da.

Udal ordenantzaren arabera, honako baldintzak bete behar dituzte familia-unitateek egur epaitzaren onuradun izateko: adinez nagusia izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adin txikikoa izatea; biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 3 urteko antzinatasunarekin; Altsasun urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea; Altsasuko Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izatea; zehatua ez izatea ordenantza ez betetzeagatik, aprobetxamendu eskubidea galduz; urte berean eroritako arbolarik eskuratuta ez izatea.