Altsasuko Zelandi kiroldegiak Banakako Nafarroako Gimnasia Erritmikoko NKJ-etako bigarren fasea hartu zuen apirilaren 20an. Nafarroako 21 klubetik gerturatutako 136 gimnastak hartu zuten parte, eta guztiek primerako ikuskizuna eskaini zuten. Lehen fasea, aurrekoa, martxoaren 23an jokatu zen Barañainen, eta Banakako Nafarroako Gimnasia Erritmikoko behin betiko sailkapena egiteko bi jardunaldietan lortutako puntuazioa batu du Nafarroako Gimnasia Erritmikoko Federazioak.
Altsasuko bigarren fasean Iskiza Sakana gimnasia erritmikoko zortzi gimnastak parte hartu zuten. Laugarren mailan Enara Perez, Haizea Perez, Ainhoa Marijuan, Uxue Zubelzu eta Nerea Palomino lehiatu ziren, eta bigarren mailan Ane Iturrioz, Naroa Diaz eta Nagore Erdozia. Nerea Palomino eta Uxue Zubelzu pilotarekin aritu ziren, eta gainontzekoak mazoekin.
"Oso pozik gaude guztiek egin zuten lanarekin. Denek oso ondo defendatu zuten euren ariketa, eta banakako denboraldiari amaiera ezin hobea eman genion. Oso egun polita izan zen larunbatekoa" nabarmendu du Iskiza Sakana Gimnasia Erritmikako klubeko Olaia Agirre koordinatzaileak. Altsasuk 2019an hartu zuen azken aldiz Nafarroako Txapelketa, eta Iskizakoek gogotsu eta ilusioz hartu zuten aurtengoa antolatzeko erronka.
Altsasun jokatutako bigarren faseko podiumei begira, Ainhoa Marijuan bigarren sailkatu zen kadeteen 2009 kategorian, laugarren mailan; eta Ane Iturrioz bigarren sailkatu zen jubenilen 2007-2008 kategorian, bigarren mailan.
Nafarroako bi txapeldun
Bi faseetako puntuazioa batuz, Banakako Nafarroako Gimnasia Erritmikoko NKJ-etan bi txapeldun ditu Iskizak: Ane Iturrioz lehengo postuan sailkatu zen bigarren mailako jubenilen 2007-2008 kategorian, eta Enara Perez laugarren mailako kadeteen 2010 kategorian irabazlea izan zen. Horretaz gain, laugarren mailatik hirugarren mailara igotzea lortu zuen Enarak. Bestalde, bigarren mailako jubenilen 2005-2006 kategorian Nagore Erdozia hirugarren sailkatu zen, brontzea, eta Ainhoa Marijuan laugarren mailako kadeteen 2009 kategorian hirugarren sailkatu zen. Ainhoak ere mailaz igotzea lortu zuen, eta Enararekin batera, datorren denboraldian hirugarren mailan lehiatuko da.
Aurki, taldekakoa
Banakako Txapelketa bukatu eta berehala, Taldekako Nafarroako Gimnasia Erritmikoko NKJ-en Txapelketa hasiko da. Apirilaren 27an kimuen, haurren eta jubenilen taldeekin Tafalla klubak antolatutako torneoan egon ziren Iskizakoak, taldeka parte hartzen. "Nafarroako Kirol Jokoak prestatzeko aukera ezin hobea da" aipatu du Agirrek.
Iskiza Liga, Altsasun
Apirilaren 28an Kluben Arteko Iskiza Ligaren Bigarren Fasea hartu zuen Zelandik. "Iskizako gimnasta guztiek partzen dute, bai eskolakoek eta baita txapelketa taldeetakoek ere. Gimnasta guztien bilakaera ikusteko aukera oso polita da" dio koordinatzaileak. Nafarroako Taldekako Txapelketarako landu dutena erakusteko aukera izan zuten gimnastek. "Erakustaldi txikia da, eta beste klub batzuetako gimnastak gonbidatzen ditugu. Datorrenari heltzeko nolabaiteko irteteko pistola-tiroa da". Izan ere, ekainera bitartean ia ez dira geldituko.
Espainiako Txapelketatik, oso pozik
Apirilaren 11tik 14ra Banakako Oinarrizko Espainiako Gimnasia Erritmikoko Txapelketa jokatu zen Castellonen. Nafarroako Banakako Txapelketako lehen fasean egindako lan bikainari esker bertan lehiatzeko txartela lortu zuten Iskizako Ane Iturriozek, Naroa Diazek eta Nagore Erdoziak. Orain arte taldeka aritzen ziren lehian, baina iaz bi taldekidek taldea utzi zutenez, aurten banaka lehiatzera animatu dira. Ez da aldaketa erraza, baina primeran egokitu dira.
Ane Iturrioz 164 gimnasten artean 126. sailkatu zen, bigarren nafarra, jubenilen 2007-2008 mailan. Nagore Erdozia jubenil mailako 2005-2006 kategorian 137 gimnasten artean 45. izan zen, lehen nafarra, eta Naroa Diaz, kategoria berean 82. sailkatu zen, bigarren nafarra.
"Hirurek akatsik gabeko ariketa egitea lortu zuten, beraz, helburua alde handiz gainditu zuten, eta tapiz gainean ongi pasa zuten. Oso pozik bueltatu ziren, lanean jarraitzeko gogoz" azaldu du Olaia Agirrek. Iskizako koordinatzailea ez dago jasotako puntuazioarekin guztiz ados. "Notek ez zuten tapizeko lana islatu; nahiko baxuak iruditu zitzaizkigun".