Igandean III. Euskal Duatloiko finala jokatu zen Azpeitiako zezen plazan. Martxoaren 23an Tolosan jokatutako kanporaketan sailkatutako sei aizkolarik jokatu zuten finala: Ugaitz Mugerzak, Ibai Soroak, Oier Kañamaresek, Arkaitz Jauregik, Suharri Rodriguezek, eta Xabier Zalduaren ordez aritu zen Julen Kañamaresek. Egin beharreko lana ez zen edonolakoa: 45 ontzako lau enbor etzan erdibitu; segidan 4 km-ko korrikaldia egin; eta, azkenean, zutik kokatutako 45 ontzako lau enbor erdibitu. Azkarrena Ugaitz Mugerza izan zen (31:56), Oier Kañamaresen (33:48) eta Arkaitz Jauregiren (33:54) aurretik. Atzetik Ibai Soroa (34:51), Suharri Rodriguez (35:17) eta Julen Kañamares (40:24) sailkatu ziren. Mugerza nagusitasunez gailendu zen, baina aitortu zuenez, “nahiko” sufritu zuen. 2022an lortutako txapela aurten berritu zuen.
Iaz laugarren sailkatu zinen Euskal Duatloian, eta aurten hirugarren, Oier Kañamares bigarrenetik 6 segundo eskasera. Gora egin duzula pentsa daiteke.
Finala hasi aurretik hirugarren postu hori lortzea sinatuko nuke. Azken urte honetan egur gutxi moztu dut, aizkora ia utzita dut eta korrika ere gutxi ibili naiz. Gainera, pisu pixka bat hartu dut, eta aurreko erritmo eta denboretara ailegatzea gehiago kostatzen zait. Beraz, alde horretatik diot hasi aurretik hirugarren postua sinatuko nukeela. Bestalde, orain dela bi urte bigarren sailkatu nintzen, eta beti pentsatu izan dut proba hau, Euskal Duatloia, ni bezalako aizkolari batendako eginiko proba bat dela, hau da, ez garelako gorputz handiko aizkolari horietakoak, eta korrikan pixka bat ibilita ongi moldatzen garelako. Eta alde horretatik, hobeki prestatu ezin izanagatik pena dut.
Beraz, proba ezin izan duzu behar bezala prestatu, eta hirugarren postu horrek ez zaituela guztiz ase ondoriozta daiteke, edo prestatu duzunerako bikain atera zaizula. Zein da duzun sentipena?
Bi gauzak. Beti gelditzen zaizu txirrinta hori. Euskal Duatloia irabazteko gogo hori banuen, baina ezin izan dut asko prestatu. Lan handiak dira, ongi prestatu beharrekoak. Lan kontuengatik eta beste ezin izan dut behar bezala entrenatu, eta alde horretatik pena pixka bat dut. Baina aurten ibili naizena kontuan hartuta, azkenean gustura nago egindako lanarekin.
"Geroz eta denbora gutxiago dut entrenatzeko, eta urteetan ere aurrera noa"
Ugaitz Mugerzak irabazi zuen txapela duela bi urte, eta faborito nagusiena zen, baina horrenbesteko aldea aterako zuela espero zenuen?
Nik banekien berak txapelketa oso ongi prestatuta zuela. Tolosako kanporaketan ere berak denborarik hoberena egin zuen, eta banekien berari txapela kentzea oso zaila izango zela; beraren hutsen bat beharko zela berak txapela ez janzteko. Ibai Soroa ere antzeko zebilen, Oier Kañamares baita ere... asko prestatu zuten finala. Bestalde, egur kontuak ere hor izaten dira; askotan egur xamurra jartzen denean horren aizkolari ez direnek ere egurra pasatzen dute. Baina aurrekoan ez zen horrela izan; egur batzuk nahiko eutsiak izan ziren, eta horrek niri ere lagundu zidan.
Zutik jarritako enborretan nabaritu omen zen gehien. Enbor batzuk oso gogorrak zirela diote.
Zutikako egurren bat bai izan zela bereziki eman beharrekoa, baina beste hirurak nik uste nahiko onak atera zirela. Nik zorte txarra etzandako bigarren enborrean izan nuen, hala iruditzen zait behintzat. Lehendabiziko egurra beste biekin paretsu bota nuen, eta azkenean ia minutu eta erdiko galera izan nuen lau egurretan.
Aizkora nahiko utzia duzula esan duzu. Aurten txapelketaren batean aurkezteko asmoz zaude?
Ez dakit ere zer esan. Hau azkeneko txapelketa izango zela esaten nuen. Motibazio falta handiarekin nabil, eta aizkorak lan asko du atzetik: egurrak prestatu behar dira, entrenatu, egurrak bildu, eta alde fisikoa landu, aizkoran lehiatzeko ez baita nahikoa soilik aizkoran entrenatzea. Geroz eta denbora gutxiago dut, urtetan aurrera noa eta ez dakit. Duatloian lortutako emaitza eta hurbileko jendearen animoak ikusita, aurten behintzat ez uzteko esaten didate. Baina beraiek ni laguntzeko konpromisoa hartzen ez badute, argi dut utzi beharko dudala.
Aizkolari batek prestakuntza fisikoa behar duela aipatu duzu. Aizkorri Kirol Zentroan aritu izan zara, eta hortik sortu zen crossfita eta aizkora batu zituen Altsasuko kirol apustu hura. Bide horretatik jarraituko duzu?
Aizkorrin hasi nintzen entrenatzen, eta ongi mantentzeko laguntzen didala jabetu nintzen; han dagoen giroa gustuko dut, eta zaletasunez egiten dut. Egin genuen apustu hartatik Euskal Duatloiko Txapelketa hasi baino hogei egun lehenera arte aizkora alde batera utzi nuen. Proba prestatzeko aizkoran hasi nintzenean Aizkorrin segitzen nuen, baina ikusi nuen funditzen hasi nintzela, eta tarte horretan Aizkorriko prestaketa utzi nuen. Orain, ziurrenik berriro bueltatuko naizela. Esan bezala, gertukoek ni laguntzeko konpromisoa hartzen ez badute, aurten aizkora txapelketak utziko ditut, ziurrenik, baina aizkoran jarraituko dut beste modu batean, aizkora gustuko dudan kirola delako eta ongi mantentzen laguntzen didalako.
Bestelako erakustaldietan parte hartuz, ezta? Plazetako erakustaldiak, festetakoak, apustuak...
Erakustaldiren bat ateratzen bada, eta gure arteko apusturen bat, ziur oraindik bateonbat aterako dela, halakoetan bai, parte hartuko dut.
Nola ikusten duzu Sakanako aizkolarien uzta berria? Pixkanaka hasi dira loratzen eta gazteen mailako txapelketetan parte hartzen.
Aizkora mundu honetan gazte dezente murgiltzen ari direla ikusten da, eta maila polita ematen ari dira. Sakanako Aizkora Eskolak horretarako aukera handia ematen du. Jakina da kaleko edozeinek ezin duela aizkoran aritu, aizkorak baldintza batzuk behar dituelako, eta eskolak asko laguntzen du.