Txirrindulariak

Iker Gomezen hirugarren garaipena, Lazkaon

Txirrindulariak 2024ko api. 30a, 11:30

Txirrindulari altsasuarra euri artean jokatutako LXVIII. Lazkaomendiko Proban gailendu zen

Apirilaren 27an, larunbata, euripean jokatu zen juniorren mailako LXVIII. Lazkaomendiko Proba. Eguraldiak baldintzatutako proba gogorrean Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarra (Quesos Albeniz) adi egon zen, eta une egokienean jo zuen erasoa, helmugara bakarrik iritsiz (2:31:58). Beñat Sainz (Viveros San Anton) segundo batera sartu zen. Iker Gomezek ere mendiko saria irabazi zuen, puntuatzen zuten hiru portuetan lehena izan eta erakustaldia eskainita. 

Quesos Albenizko gainontzeko txirrindulariei dagokienez, Ekaitz Perez 29. sailkatu zen, 6:36ra, Iker Begiristain 39., 7:07ra, eta Mikel Viloria 41., 7:18ra. 

Zalantzarik gabe, denboraldi ikusgarria ari da osatzen Iker Gomez. Dagoeneko hiru garaipen ditu, Altsasun, Seguran eta Lazkaon lortutakoak, eta Espainiako selekzioarekin Europan barna aritutako lasterketetan maila handia eman du.

Maiatzaren lehenean juniorrak Etxeberrin
Maiatzaren 1ean, asteazkena, junior mailako Lacturale Trofeoa jokatuko da. Lasterketa 10:30ean abiatuko da, Etxeberritik, Lacturale granjatik, eta 89,100 km osatu ondoren Goldaratzen despedituko da. Tartean Madotzetik Zuarrarrate gainditu beharko dute.