Saskibaloia

CBASK-eko bi talde nagusiek etxean estropezu egin zuten

Guaixe 2024ko mai. 2a, 12:30

Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoko taldeak 2 punturengatik galdu zuten.

Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan talde altsasuarrak 2 punturengatik galdu zuen, eta Emakumezkoen Lehen Senior mailako taldeak liderraren kontra ez zuen aukerarik izan

Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoko 25. jardunaldian CBASK Narum Fisioterapia taldeak Loyola hartu zuen apirilaren 27an, larunbata, Zelandi kiroldegian. Bi taldeek partida estu eta zirraragarria eskaini zuten. Parez pare ibili ziren, eta azken txanpan CBASK ere aurreratu egin zen, baina, azkenean, 2 punturen alde ñimiñoagatik gailendu zen Loyola, 59-61. 

Sailkapenean, Humiclima taldeak jarraitzen du Bigarren Maila Interautonomikoko lider (46 puntu). CBASK Narum Fisioterapia hamabigarren postuan dago (33 puntu). Maiatzaren 5ean, igandea, talde altsasuarrak sailkapenean zazpigarren den Avia Zizur Ardoi taldearen kontra jokatuko du, 17:20ean, Zizurren. 

Emakumezkoen seniorrak liderraren kontra erori ziren
Emakumezkoen Lehen Senior mailako 24. jardunaldian CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak Aranguren Mutilbasket liderra hartu zuten Zelandin. Partidaren hasieratik liderrak aldea hartu zuen, baina CBASK-ek berdintzea eta aurreratzea lortu zuen lehen txanpan. Hala ere, ilusio hutsa izan zen, berehala Arangurenek buelta eman baitzion. Azkenean, nagusitasunez, 48-63 gailendu zen liderra. 

Sailkapenean Aranguren Mutilbasketek jarraitzen du emakumezkoen Lehen Senior mailako lider (50 puntu) eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak hamargarren postuan jarraitzen du (32 puntu). 26. jardunaldiko partida aurretik jokatu zuen CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak, apirilaren 16an, Valle de Egüesen kontra, eta Iruñerrikoak 63-44 gailendu ziren.