Altsasuko Udalak, Altsasuko Merkatarien Elkartearekin (ADE) lankidetzan, Altsasu oso
gertu kontsumoko bonuen laugarren kanpaina abiarazi du. Iortia kultur gunea izanen da 1.250 bonuak banatzeko tokia, ohiko ordutegian. Adinez nagusi den pertsona bakoitzak bono bat hartu ahal izango du, eta, horretarako, nortasun argia aurkeztu beharko du. Ezgaitasunen edo mendetasunen bat dutenek beste pertsona baten bidez jaso ahal izango dute bonua. Pertsona horrek nortasun agiria eta ordezkatzen duen pertsonaren ezgaitasuna edo mendekotasuna egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.
Kontsumo bonoa eskuratzen duenak 10 euroko saldoa duen txartela jasoko du dohainik. Atxikitako establezimenduan bere kontsumo bonoa trukatzeko aukera izanen du erabiltzaileak, beti ere, gutxienez 40 euroko erosketa egiten badu. Bonua aurkeztuta, 10 euroko deskontua eginen diote establezimenduan, esate baterako, 40 balio zuenak 30ean erosiz. Aldea udalak ordainduko dio atxikitako establezimenduari, ADEren bidez. Kontsumo bonuen kanpainak 15.000 euroko aurrekontua du.
Establezimenduen izen ematea
Txikizkako merkataritzako Altsasuko establezimendu guztiak, bai ADErekin lotutakoak, bai kide ez direnak ere, gonbidatuta daude kanpainan parte hartzera, baldin eta 300m2 baino gutxiagoko salmenta azalera badute. Azalera mugan salbuespenak altzariak saltzen dituzten establezimenduak dira. Kanpainarekin bat egin dezakete, besteak beste, honako jarduerak garatzen dituzten establezimenduek: ile apaindegiek, estetika zentroek, argazkigintza zentroek, oinetakoak eta arropa konpontzeak egiten dituztenek, tatuaje zentroek, markoztatze zerbitzuek, akademiek, kirol zentroek, bidaia agentziek, aseguruek, higiezinen zerbitzuek, masajistek, fisioterapeutek eta abar.
Bonuen kanpainan parte hartu nahi duten establezimenduek maiatzaren 15era arteko epea dute izena emateko. Horretarako, altsasu.eus webgunean dagoen eskabidea bete behar da.