Bizikletaren erradioa handitzen

Guaixe 2024ko mai. 7a, 09:29

Ikasleak bertan zirela egin zen irrati saioa. UTZITAKOA

Ikasturtean zehar ikastetxean garatzen ari diren programaren eta joan den astean antolatutako Aste Berdearen  helburua da ikasleak oinez edo bizikletaz joatera animatzea. Horretarako, ikastetxean ezinbesteko jotzen dute bidea egokitzea edo bidegorri bat egitea.

Mugikortasun jasangarria sustatzea helburu duen Mugituz! programa garatzen ari dira Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuan. Haren baitan, Aste Berdea ospatu zuten joan zen astean. Liburuaren Egunarekin "Liburu berdeen" zerrenda bat eta scape book bat proposatu zieten ikasleei. Atsedenaldian, ikasleek zerrenda horretako liburuak institutuan barna opatu behar izan zituzten. 

Hurrengo egunean, apirilaren 24an, Beleixe Irratiak bi orduko zuzeneko emanaldia egin zuen ikastetxetik beretik. Ikasleak Erkuden Ruiz Barroso Guaixeko kazetariak egindako elkarrizketen lekuko izan ziren. Gainera, saioaren irudiak ikastetxeko Youtube bidezko telebistaren bitartez ikusteko aukera ere izan zen. Apirilaren 25ean bizikletak konpontzeko tailerra eskaini zien DBH4ko ikasleei David Crespo irakasle eta bizikleta zaleak. Bide segurtasunarekin lotutako gomendio batzuk ere eman zizkien. Astea despeditzeko Altsasu Film Festibalak  ESO4 eta BATX1eko ikasleek egin zituzten ikus-entzunezko lanak eman zituen. 

Bi orduko zuzeneko emanaldian ikasleek eta entzuleek bizikletaz bidaiatu duten hiru txirrindula zaleren bizipenak ezagutzeko aukera izan zuten. Bidai mota horretan eskarmentu handia du Jon Arretxe idazleak. Bizikletako aurreneko bidaia Maroko, Aljeria, basamortua, Mali eta Senegal ezagutu zituen hiru hilabetez. Ordutik urtero turistikoak ez diren bideak hartu ditu. Antton Zelaia kirola eginez bidaiatzen duen zikloturista da. Tokia askotan ibilitakoa da: Frantzia, Portugal, Kanariar Irlak, Erroma eta Sakana arteko bidea egina da Mikel Astizekin batera... Azkenik Irati Arroniz irakasle eta bizikleta zaleak azaldu zuen hasiera batean Gasteiz eta Nepal arteko bidaia izan behar zuenak Atenas izan zuela helmuga, eta bideko ibileren berri eman zien ikasle eta entzuleei. 


Erkuden Ruiz Barroso kazetaria, Iñaki Mundiñano Larraza zuzendaria eta Yolanda Mazkiaran Zelaia irakaslea.

Irrati saioan esandakoak 
Mugikortasun jasangarria sustatzen badute ere, hori eragozten duen traba bat begiz jota dute institutuan: bidea. Hura egokitzea edo bidegorri bat egitea eskatzen du ikastetxeko komunitateak. Iñaki Mundiñano Larraza zuzendariak azaldu duenez, "institutura mila lagun inguru etortzen gara, herrietatik autoz edo autobusez etortzen gara, baina parte handi bat oinez edo bizikletaz". Irakasleak azaldu duenez, "duela bi urtera arte Altsasuko ikasle batzuk autobusez etortzen ziren, horretarako  herrietako autobus batzuk erabiltzen genituen. Baina horrek herrietako ikasleei ordu erdi lehenago etortzea eta ordu erdi berandu itzultzea suposatzen zien. Autobusak aprobetxatzeagatik ordu bat bateko gainkarga zuten herrietako ikasleek". Hori ezinezkoa zela erabaki eta Altsasuko ikasleendako autobus zerbitzu hori kendu zuten. 

Mundiñanok azaldu duenez, "juxtu orduan sortu zen arazoa: oinez edo gurasoen autoan etorri beharra. Ondorioz, auto gehiago etortzen dira. Gehi autobusak, gehi oinezkoa, gehi bizikletan joaten direnak, gehi bidea eta espaloiak estuak direla". Sarrera eta irteera orduetan ibilgailu ugari pilatzen dira. Eta Iñigo Aritza ikastola aldamenean dutela kontuan izanik, are handiagoa da trafikoa ordu jakin batzuetan. Ibilgailu gutxiago joan beharko lukeela nabarmendu du. Institutura egunero bizikletan joaten den irakasletako bat da Yolanda Mazkiaran. Altsasun bizi denez, berarendako “altxor bat” da lanera bizikletan joan ahal izatea, "joan etorrietan airea hartzen duzu". 


Ikasleek Youtuberako zuzeneko emanaldia egin zuten.

Arriskua
Ikastetxe ondoan hori, baina institutu arteko bidean "autobus bat gehi beste edozer (autoa, bizikleta) ez dira bateragarriak". Bide estua da eta ez dago bi noranzkoetan joaterik. Beraz, instituturako bidea ere arriskutsua da bizikletan joaten direnendako. Gainera, bidearen egoera ez dela onena gaztigatu dute: bidea eta espaloiak estuak dira, zuhaitzetako adarrek argitasuna kentzen dute, bidea tarte batzuetan zabaldu behar da eta dauden zuloak konpondu.

Mazkiaranek azaldu duenez, ikasturte honetan "puntako orduak saihesten saiatzen naiz. Zorionez moldatu naiteke. Baina duela urte batzuk ezin nuen egin, eta arriskutsua da". Bidea estua denez, "bi autobus elkartuz gero bizikleta batendako ez dago lekurik. Saihesteko, batzuetan espaloitik noa, baina han ere jendea dago". Bidean dauden zuloez ere gaztigatu du bizikleta zaleak. Askotan pentsatu izan du bizikleta bazter utzi eta oinez etortzea. Duela urte batzuk hala egin zuen.

Zuzendariak gogoratu du 2018an ikastetxerako bidean bidegorri bat egiteko eskatuz 1.251 sinadura bildu zirela. Ikastetxean gaiari, atzera ere, duela bi urte heldu zioten, Altsasuko ikasleak autobusez joateari utzi ziotenean. Altsasuko Udalarekin harremanetan dago institutua eta hark zenbait lan egin dituela azaldu du Mundiñanok: bidea pixka bat txukundu, argitasunarena. Zuzendariak gogoratu du ez dela ikastetxearen kontua bakarrik: "asteburuetan mugimendu handia dago Dantzalekun, udan jende asko joaten da igerilekuetara eta paseatzen jende pila bat ibiltzen da uneoro. Altsasuarrendako ere ez dago ongi prestatua", nabarmendu du. Altsasuko Udalak mugikortasunari buruzko azterketa eginen duela eta, horrek zer ekarriko duen ikusi nahi dute institutuan. Baina garbi du zuzendariak: "altsasuarrek bai oinez bai bizikletan etortzeko beste zerbait behar dute".

Bizikleta bideaz
Sakanako Garapen Agentziako turismo teknikari Paki Urbitartek ibarreko bizikletendako bidearen nondik norakoak azaldu zituen. Bi ardatz ditu. Batetik, "Sakanan mugikortasun jasangarria bultzatzea, modu ziur batean herri batetik bestera bizikletan joan ahal izatea, ahal den neurrian errepidea saihestuz edo ahal den gutxiena erabiliz". Beste ardatza turismoa da: "produktu zikloturista bat garatu nahi dugu, guregana iristen diren bisitari horiei ere bizikletan ibiltzeko aukera emateko". 

Gaur egun sakandarrok bizikleta erabiltzeko egokitutako ibilbide falta da dagoen gabezia: "Horrek errepidea erabiltzera bulkatzen gaitu, eta autoekin elkar bizitzera". Bisitariei begira seinaleztatu gabeko bideak daude. Bestetik, hainbat profiletako bizikleta zaleak datoz baina haiendako zerbitzu gabezia dagoela nabarmendu du: bizikletak gordetzeko toki segurua, toki itxiak,  bizikletak konpontzeko erremintak dituzten guneak, bizikletak garbitzekoak... 

Bideari dagokionez, Urbitartek azaldu du eraikuntza proiektua idatzia dagoela, "finantzabideak ia lotuak ditugu, hitzarmena sinatzeko zain. Beharrezko baimenak tramitatzen gabiltza eta helburua litzateke 2024 akaberan edo 2025 hasieran obren lizitazioa egitea. Datarik ezin dut eman, baina geroz eta gertuago dugu". Jakinarazi duenez, ibarreko bizikleta bidea "Euroveloren irizpideekin eginen da. Biharko egunean gure ibilbidea martxan dagoenean, nahi izatekotan Eurovelo sare horretan txertatu ahal genezake". Bitartean lotura hori Irurtzunen egiten da. 

Erkuden Ruiz Barroso eta Amaia Gerrikagoitia Uriarte.

Zaletasunaz 
Amaia Gerrikagoitia Sakanako Mankomunitateko ariketa fisikoko eta kirol teknikaria da. Berak azaldu duenez, bizikletarena "aspaldiko tradizioa da Sakanan, gustuko kirola izan da betidanik". Zaletasunari inguruko bide onek lagundu diotela gaineratu du, “autobidea egin zenetik, bigarren mailakoa libreago dago". Aralar eta Burunda taldeak egiten duten lana ere nabarmendu du. Bera ere zalea da eta ibiltzen da: "bizi filosofia gisa hartu dut bizikletan ibiltzea". 

Hala ere, bizikletan ibiltzeko gutxieneko segurtasun irizpideak txikitatik ezagutzea ezinbestekoa dela ziurtatu zuen. Esaterako: "errotonda batean sartu aurretik ziurtatu atzetik heldu diren autoak oso ongi ikusten zaituztela: bide erdirantz joan eta ondoren sartu errotondan. Halakoek laguntzen dute". Aldi berean nabarmendu zuen komenigarria dela oinarrizko ezagutzak izatea konponketa txikiak egiteko: zulaketak konpondu, katea ateratzen bada sartu... Eta gomendatu zuen beti puzgailua eta tresnak eramatea. Gaztigatu zuenez, “errepidean txirrindulari asko ibiltzen gara eta denok elkar laguntzen dugu". 

Azkenik, Gerrikagoitiak jakinarazi zuen Sakanako Bizikleta Egunak aurten 30 urte beteko dituela bizikletaren erabilera sustatzen. "Aurten Ziordia eta Uharte Arakil arteko bidea egiten du, Ergoienan barna pasa eta gero. Bost urtean behin edo egiten da horrela". Irailaren 22an izanen da.