Estatu mailako 15 urtez azpiko Liga Nazionalean lehiatu dira aurten Sakana Patin taldeko kimuen eta haurren mailetako neskak, eta balorazioa ezin hobea da. “Txapelketan kimuen eta haurren mailetako (2010 eta 2012 urteetan jaiotakoak) sei neska eskatzen zituzten, eta guretako txapelketa egokia zen. Txapelketa taldeka jokatzen da, hau da, irristalariek taldearendako batzen dituzte puntuak. Hiru mailatan jokatzen denez eta gu berriak ginenez, hirugarren mailan hasi ginen, oso gustura”, hala azaldu zuen Sakana Patineko entrenatzaile Oscar Zamarron Carravillak martxoaren 23an Olaztin jokatutako Nafarroako Abiadura Irristaketa Indoor Txapelketako laugarren jardunaldian. Hirugarren maila horretan Estatuko hainbat txokotako taldeak lehiatu dira, hamahiru talde.
Estatu Mailako 15 urtez azpiko Liga Nazionaleko Sakana Patin taldean 11 eta 14 urte bitarteko sei irristalarik hartu dute parte: Aiora Resano dorrobarrak, Amalur Apaolaza lakuntzarrak, Leire Rabat arbizuarrak eta Elaia Agirre, Nahia Zamarron eta Eneritz Fresneda altsasuarrek. Txapelketak lau jardunaldi zituen. Lehendabiziko biak martxoaren 9an eta 10ean jokatu ziren, Xixonen, eta azkeneko biak apirilaren 20an eta 21ean, Argandan (Madril).
Xixonen eta Argandan ederki
Xixonen jokatutako bi jardunaldietan 500 m, 4.000 m puntuazioa eta 3.000 m taldekako erreleboetan lehiatu ziren, eta Sakana Patin bosgarren sailkatu zen. “Hori guretako asko zen, gainontzeko taldeak estatuko klub askoz ere handiagokoak zirelako”. Argandan bosgarren postua eustearekin “asko” egingo zutela uste zuten sakandarrek, baina aurreikuspenak hobetu zituzten.
Argandan 300 m sprintean, 1.000 m linean, 3.000 m puntuazioan eta 3.000 m taldekako errelebotan lehiatu ziren. Hain zuzen ere erreleboetako proban emaitzarik onena lortu zuten sakandarrek: Sakana Patin bigarren sailkatu zen, helmugarako bi itzuliren faltan lehenak izan ondoren. Lan guztien batuketa eginda, emaitza ederra lortu dute sakandarrek, Estatu Mailako 15 urtez azpiko Liza Nazionalean laugarren sailkatu baitira, hirugarrenetatik 11 puntu eskasera.
Sakana Patinekoak “oso kontentu” daude. “Liga Nazionalak zapore ona utzi digu, eta espero dugu datorren urtean atzera ere bertan lehiatzeko aukera izatea” nabarmendu du Zamarronek. Gainera, beraiendako “esperientzia zoragarria” da. “Xixonera eta Argandara Iruñeko Lagunak klubekoekin joan ginen, eta asteburu osoa eurekin egon ziren kontzentratuta. Txapelketak bizia eman die, izugarri disfrutatu dute, eta, gainera, espero baino emaitza hobea lortu dute”. Hemendik aurrera denboraldiko beste lasterketetan zentratuko dira Sakana Patineko irristalariak.
Zamarronek, atzera ere, Sakanako Patin taldeak "ateak zabal-zabalik" dituela gogoratu du. "Gaztetxo guztiak dira ongi-etorriak. Anima daitezela, mutilak bereziki, oso gutxi baititugu taldean".