Bost egunez, Dantzaz konpainiako dantzari profesionalak Altsasuko institutuan, Iñigo Aritza ikastolan eta Jesusen Bihotza ikastetxean eta Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolan egon ziren DBH bigarrengo (Altsasun) eta hirugarrengo (Etxarri Aranatzen) ikasleei gorputz adierazpenari buruz dakitena erakutsiz. Dantzarien bidez, eta elkarlanean, talde bakoitzak, guztira zortzi, koreografia bat sortu zuten, eta apirilaren 26an, ostiralean, Burunda frontoian erakutsi zuten astean zehar egindako lana. Dantzaz konpainiak YOUth ikuskizuna egin zuen ikasleen emanaldia hasi aurretik, "telonero" gisa. Laura Gomez Dantzaz konpainiako kideak aitortu zuenez, "ez da erraza izan, adin zail batean daude, baina harro egoteko modukoa da".
Oholtzara salto programa duela sei urte sortu zuen Nafarroako Antzoki Sareak, Nafarroako Kutxaren eta La Caixa fundazioen laguntzarekin, gazteen artean arte eszenikoak sustatzeko helburuarekin. Etxarri Aranaz, Altsasu eta Olaztiko kultur zerbitzu eta kultur etxeak sarearen barruan daude. Hortaz, programak bi helburu ditu: dantzarien egonaldiarekin gazteak arte eszenikoetan murgiltzea eta ikuslegoari dantza eskaintza hurbiltzea.
Gazteek lotsak eta beldurrak alde batera utzi zituzten eta eszenatokian dena eman zuten
Oholtzara salto ekimenaren eta Dantzaz Nazioarteko Koreografia Sorkuntzaren Zentroaren Dantzabideak programaren bidez dantzari profesionalak ikasleekin egoten dira eta elkarrekin koreografiak sortzen dituzte. Elkarlanean ere, abestiak aukeratzen dituzte, baita ikuskizunean eramango dituzten arropak ere. "Oso aberasgarria da" esan zuen Gomez Dantzaz konpainiako kideak. Sortutako koreografiak egonaldiaren azken egunean egiten duten ekitaldiaren pieza nagusiak dira. Ekimenaren emanaldia ez da beharrezkoa, eta gehienbat mutil asko falta izan zirela esan zuten penarekin dantzari profesionalek. Parte hartu zuten gazteek beldurrak eta lotsak alde batera utzi zituzten, eta eszenatokian dena eman zuten. Oholtzara salto! Dantzabideak ekimenak urtero geroz eta publiko gehiago biltzen du.
Ikasleen koreografien emanaldien aurretik Dantzaz konpainiako dantzariek YOUth ikuskizuna egin zuten. Wubkje Kuindersma koreografoak 2017. urtean konpainiarendako egindako emanaldi bat da, eta You, zu, eta youth, gaztetasuna, hitz joko bat da, eta denborak aurrera egin ahala dena aldatzen dela, baina barrualdean norbera dena gelditzen dela adierazten du. Horretan oinarritu dira dantzariak ere ikasleekin elkarrekin egindako koreografiak sortzeko.