Kirolean, bizitzaren alorreko bestelako esparruetan bezala, sarritan erabiltzen da “fair-play” ingelesezko terminologia. Fair-play-az ari garenean joko garbiaz, kiroltasunaz, kirol legeaz... eta halako balioez ari gara. Bada, infantil-kadeteen Baztan taldeko David Alegre entrenatzaile altsasuarrak ederki asko jarri zuen praktikan balio hori, Leitzako Aurrera KE taldearen kontra jokatzen ari zirela. Aurrera taldea jokalari bat gutxiagorekin geratu zen, jokalari baten lesio bat zela medio, eta Alegrek bere taldetik jokalari bat kentzea erabaki zuen, partida parekatzeko. Hori bai benetako fair-play keinua.