Astekaria

"Egunero egindako lana egi bihurtzea da saria"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko mai. 8a, 13:30

Mikel Lopez Saez de Asteasu altsasuarra doktoretza sari berezia jasotzen. UTZITAKOA

Nafarroako Unibertsitate Publikoak sei sari berezi eman ditu 2018-2019 eta 2019-2020 ikasturteetan defendaturiko tesien artean. Tartean Mikel Lopez Saez de Asteasuk jaso du saria.

Osasun Zientzien arloko sari berezia jaso du altsasuarrak.

1. Fisioterapia ikasketak egin ondoren, doktoretza egin zenuen. Zergatik?
Fisioterapia gradua NUPen, Tuteran, ikasi nuen. Bukatzean Bartzelonako Gimbernaten Masterra egin nuen. Geroxeago, NUPen Mikel Izquierdo eta Nicolas Martinez Velilla irakasleekin tesi doktorala egiteko aukera izan nuen, 2016tik 2019ra.

2. Zer baloratu zenuen horrelako erabaki bat hartzeko?
Irakaskuntza gustuko nuela ikusten nuen, eta doktoretzak horri ateak irekitzen zizkion. Ikerketa mundua ere oso hurbil izan dut, horretan beti gogotsu ibili naiz; artikuluak irakurtzen eta abar. Mundu horretan murgiltzea erabaki nuen. Gainera, Mikel Izquierdorekin aurretik lan egin izan nuen, beraz, berarekin bidea errazago izan zen.

3. Zer egin behar da doktoretza egiteko?
Lehendabizi, kontzientzia hartu. Bide nahiko gorabeheratsua izaten da, eta gogotsu ibili behar zara. Momentu oso gogorrak egoten dira. Azkenean, hiru edo lau urteko bidea da. Doktoretza ikasketak egiten dituzunean errutina ikasi, ikasi eta ikasi izaten da. Nik beti esaten dut jakinmin puntu bat behar duzula ere. Ordenagailuaren aurrean ordu asko eman behar dira artikuluak irakurtzen, eta hortik aurrera, pixkanakapixkanaka, gaitasunak hartzen dituzu. Zure lanak idazten eta egiten joan behar zara, jakintzak berritzen edo berriak sortzen. Azkenean tesia garatzen duzu eta, normalean, defendatzen duzun eguna oso polita izaten da.

4. Zer landu zenuen?
Nafarroako Ospitalean, Geriatria zerbitzuan, ariketa fisiko programa bat egin genuen. Adineko jendeak ospitalean sartzen denean eserita edo etzanda denbora asko pasatzen zuela ikusi genuen, eta programa hori aurrera eramaten hasi ginen. Multi konponentea da, eta emaitzak izugarriak izan ziren. Ikerketak oihartzun handia izan zuen munduan.

5. Nolakoa da doktoretza egiteko prozesua?
Hasieran gehienbat irakurri egiten dugu. Nolabait esateko, gai horri buruzko jakintza ikasi behar da. Hortik aurrera, datuak hartzen dira; zelaiko lana. Datuak ditugunean, analisi estatistikoa egiten dugu, eta emaitzak lortzen ditugu. Hurrengo pausoa zientziaren bidez barreiatzea eta zientzia komunitatean jakintza elkarbanatzea da. Artikuluak publikatzen saiatzen gara, eta lortutako emaitzak kongresuetan eta artikuluetan aurkezten ditugu.

6. Momentu gogorrak daudela aipatu duzu. Noizbait uzteko momenturen bat izan duzu?
Uzteko momentu hori ez dut izan. Asteburutan eta jai egunetan lan egiten nuen, eta momentu horiek gogorrak izaten dira. Baina emaitzan pentsatu behar duzu. Emaitza hori jasotzen duzunean izugarrizko poza sentitzen duzu, eta egindako lanarekin gustura gelditzen zara. Hori da ordainsaria. Egunero egindako lan hori egi bihurtzen da.

7. Alde onak, beraz, emaitza ikustea da.
Hori da. Tesia aurkezten duzun egun horretan familiarekin eta lagunekin elkarbanatzen duzu. Izugarrizko eguna izaten da. Nire kasuan elkarrekin ospatu genuen. Osooso berezia izan zen. Bide batez, familiarekin eta lagunekin bazkari bat egitea oso interesgarria iruditzen zitzaidan. Iruñean parranda egiteko aukera izan genuen ere, beraz, niretako oso egun polita izan zen. Ederki ospatu genuen. Helburua bide gogor horri amaiera puntua jartzea izan zen.

8. Zer suposatzen du doktorea izateak?
Jakintzaren arloan doktoretza ikasketa azkenengo helburua da. Gai batean aditu bihurtzen zara.

9. Doktoretza ikasketak egitea gomendatzen duzu?
Beti. Motibazio puntu hori baldin baduzu, aurrera. Jakin behar duzu egoera gogorrak izango dituzula, baita onak ere. Pertsonalki garatzeko aukera ezin hobea da. Horretan gaude NUPen, doktoretza ikasketak garatzen saiatzen eta laguntzen.

10. Ikertzen jarraitzen duzu?
Bai, horretan gaude. Navarrabiomeden nago, gure ikerketa zentroa, eta NUPen barruan ere ikerketa lanak garatzen ditugu.

11. NUPen sari berezia jaso duzu, zer esan nahi du horrek? Espero zenuen?
2018tik 2020ra aurkeztu ziren tesien artean Osasun Zientzietan nire tesia epaimahaiaren iritziz erabaki dute hoberena edo aipagarriena dela. Izugarrizko lanak egongo ziren, eta niretako poza izugarria da. Ez nuen espero. Gainera, 2019an defendatu nuenez, pixka bat urru gelditzen zen. Batbatean berri polita jaso nuen, eta ospatzeko beste aukera bat izan zen. Oso pozik.