Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan ligako 26. eta azken jardunaldia jokatu zen. CBASK Narum Fisioterapia talde sakandarrak garaipenarekin despeditu zuen liga, Avia Zizur Ardoiri Zizurren jokatutako partidan 49 eta 73 irabazi ondoren. Talde altsasuarrak hasieratik hartu zuen aurrea, partida erdialdean Avia parean jarri zitzaion, baina hortik aurrera atzera ere aldea ateratzen hasi zen CBASK eta garaipen erosoa lortu zuen, 49 eta 73.
Humiclima taldea izan da Bigarren Maila Interautonomikoko liderra (48 puntu), eta CBASK Narum Fisioterapia hamabigarren postuan sailkatu da (35 puntu). Lehen lau postuetan sailkatu ez denez, CBASK-ek ez du Lauko Finala jokatuko, eta, beraz, denboraldia bukatu du. Humiclimak, Aguerri Larraona Claretek, Erisa Clavijok eta Valle de Egüesek jokatuko dute Lauko Finala.
Emakumezkoen seniorrak
Emakumezkoen Lehen Senior mailako 26. jardunaldia aurreratu egin zuen CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak. Partida apirilaren 16ean jokatu zuten, eta 63-44 galdu zuten Valle de Egüesen kontra.
Aranguren Mutilbasketek irabazi du Lehen Senior mailako liga (52 puntu). CBASK Xabi Gorriz Tattoos hamargarren sailkatu da (34 puntu). Beraz, lehen lau postuetan sailkatu ez denez, bukatu da aurtengo denboraldia talde altsasuarrarendako. Aranguren Mutilbasketek, Navasket SF´oldek, Lagunakek eta Valle de Egüesek jokatuko dute Lauko Finala.
CBASK-eko gainontzeko taldeek ere aurki despedituko dute denboraldia.