Altsasuko herri larreen azalera 2.532.707 metro karratukoa da, eta 26 artzaintza eremutan banatuta dago. Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, herriaren larreetan bere azienda bazkatzea nahi dutenek orain dute eskubide hori eskatzeko aukera. Horretarako, udaletxean eskabidea aurkeztu beharko dute. Udalak jasotako eskabideak aztertu ondoren herri larreen aprobetxamenduaren herritarrendako zuzeneko esleipena eginen du. Esleipen horiek hamar urterako izanen dira.
Herri larreen aprobetxamendua ematerakoan, kontuan hartuko du, batetik, ustiategiko azienda larriko unitateen proportzionaltasuna, larratzeko zonako edo zonetako abere-zamarekin. Bestetik, lehentasuna izanen dute beraien jardun nagusia abeltzaintza dutenek, edo lehentasunezko ustiategiak dituzten ustiategiei gainerakoen aurretik jarriko ditu. Aldi berean, herri larrea titular eskatzailearen ustiategitik hurbil egotea kontuan hartuko du udalak. Eta, azkenik, aurreko herri-banaketan lursailaren onuradun izatea. Deialdiari buruzko informazio guztia altsasu.eus webgunean dago.