Erraldoi konpartsaren 80 urteko ibilbidearen errepasoa

Guaixe 2024ko mai. 14a, 09:28

Erakusketako argazkiak eta bideoak ikusten.

Iortia kultur guneak hilaren hasieran erakusketa hartu du. Konpartsaren argazkiak, bideoak, erraldoiak eta beste izan dira ikusgai.

Urtetan haien "etxea" izandakora, Iortia kultur gunera, bueltatu dira Altsasuko erraldoiak eta han izan dira maiatzeko aurreneko hamabi egunetan. Izan ere, erakusketa gelan Erraldoiak 80 urtez Altsasun erakusketaren zati garrantzitsua izan dira figura erraldoiak. Miguel Angel Nuncio Gonzalez konpartsa kideak azaldu duenez, "jende pila etorri da". Edurne Gonzalez Somocurcio konpartsako kideak gaineratu duenez, "konpartsarekin haur eta helduak oso lotura handia dute. Aurrekoan gomazko momotxorro eta sorgina aurkeztu ziren, eta jendetza izan zen". Nunciok jakinarazi duenez, "goiz hartan panpina guztiak saldu zirela, baita herrian salgai zeudenak ere".

Nunciok argitu duenez, "argazki bilduma bat egin eta erakusteko gogoa genuen. Aurten konpartsaren 80. urteurrena zela kontuan hartu genuen". Horregatik, erakusketarako "geratzen diren erraldoi zaharrak atera ditugu, jendeak ikus ditzan. Gainera, argazki erakusketa prestatu dugu. Guk gaur egungo argazkiak ditugu, baina erakusketa egiteko material gehiago behar zen, eta konpartsako kide izandakoengana joan gara. Haiei eskerrak". Argazkiren batean ikus daitekeen haurretako bat gaur egun konpartsako kidea da. Konpartsari buruzko argazki edo informazioa dutenei haiekin harremanetan jartzeko dei egin die Nunciok. 

Konpartsan "jendea badago, baina jendea behar" dela jakinarazi du Gonzalezek, "erraldoi bat eramateak nekatzen baitu. Geroz eta gehiago izan, denondako erosoago. Gogoa duenak, ez da gehiago behar, hurbildu dadila. Nik, esaterako, kalejira egiten dut bakarrik, ez dut dantzatzen ez dudalako bueltak emateko indarrik. Hori ematen diot konpartsari, bakoitzak ahal duena. Pisua dute, baina gehiago oreka kontua da. Edozeinek ahal du". Nunciok zehaztu duenez, "erraldoi bakoitzeko hiru pertsona behar dira, bestela izugarri nekatzen zara. Proba egin nahi duenak erakusketan erraldoi baten egitura bat du, soinean hartu eta proba egiteko jarri dugu".  

Azken urteetan jubilatu elkarte ondoko gimnasioan, egurrezko estalpe batean, gordetzen dituzte. Eta konpartsak han bertan entseatzen du, "jarduera gutxiago izatean entseatzeko aukera gehiago ematen digu. Arazoa da goian dauden bi haberen artean entseatu behar dugula, bestela ez gara sartzen". Hala jakinarazi digu Gonzalezek. 

Bost aldi
Erakusketan konpartsak izan dituen aldiak eta erraldoiak ezagutzeko aukera dago. "Bost konpartsa edo momentu desberdin izan dira", azaldu du Nunciok. "Lehenengoaren ia-ia arrastorik ez dago, argazki bakarra besterik ez dugu opatu. 1944koa da lehen konpartsa eta erraldoi bikote bat zuen", gaineratu du. Aurreneko konpartsa errege-erregin erraldoiez osatuta zegoen, Bartzelonako El Ingenio etxeak eginak. Ondoren, 1975era arten bi erraldoi bikote izan ziren: errege katolikoak eta Brasilgo erregeak, Zaragozako Industria Juguetera Recacha enpresan eginak. 1975 eta 2019 artean beste bi bikote izan ziren:Marko Antonio eta Kleopatra eta Afrikako erregeak, Aragonesa de Fiestasek eginak. Enpresa berak egin zituen momotxorroa eta sorgina, 1995etik 2022ra erabili zirenak. Kinto eta kintaren irudia konpartsara 2019an iritsi ziren. Aitor Callejak Markalainen egindako irudiak dira. Egile berarenak dira ere momotxorroa eta sorgina, 2022koak. 

Fitxak

Kinta
Egilea: Aitor Calleja.
Urtea: 2019.
Pisua: 45 kilo.
Altuera: 3,46 metro. 
Astoa: zurezkoa. 
Gorputza: zuntza. 
Burua eta eskuak: harri kartoia. 

Kintoa
Egilea: Aitor Calleja.
Urtea: 2019.
Pisua: 42 kilo.
Altuera: 3,56 metro. 
Astoa: zura. 
Gorputza: zuntza. 
Burua eta eskuak: harri kartoia. 

Sorgina 
Egilea: Aitor Calleja.
Urtea: 2019.
Pisua: 43,75 kilo.
Altuera: 3,46 metro. 
Astoa: zura. 
Gorputza: zuntza. 
Burua eta eskuak: harri kartoia. 

Momotxorroa
Egilea: Aitor Calleja.
Urtea: 2019.
Pisua: 54,75 kilo.
Altuera: 3,96 metro. 
Astoa: zura. 
Gorputza: zuntza. 
Burua eta eskuak: harri kartoia. 


Sorgina 
Egilea: Aragonesa de Fiestas, Zaragoza. 
Urtea: 1995.
Pisua: 45 kilo.
Altuera: 3,5 metro. 
Astoa: aluminioa. 
Gorputza: zuntza. 
Burua eta eskuak: harri kartoia. 

Momotxorroa
Egilea: Aragonesa de Fiestas, Zaragoza. 
Urtea: 1995.
Pisua: 45 kilo.
Altuera: 3,5 metro. 
Astoa: aluminioa. 
Gorputza: zuntza. 
Burua eta eskuak: harri kartoia. 

Marko Antonio eta Kleopatra 
Egilea: Aragonesa de Fiestas, Zaragoza. 
Urtea: 1975.
Pisua: 45 kilo.
Altuera: 3,5 metro. 
Astoa: zura. 
Gorputza: harri kartoia. 
Burua eta eskuak: harri kartoia. 

Afrikako erregeak
Egilea: Aragonesa de Fiestas, Zaragoza. 
Urtea: 1995.
Pisua: 45 kilo.
Altuera: 3,5 metro. 
Astoa: zura. 
Gorputza: harri kartoia. 
Burua eta eskuak: harri kartoia.