Errepresioaren kontrako Ospa! Mugimenduak jakinarazi duenez, aurten Ospa! Eguna antolatuko du. Hamabigarren edizioa izanen dena agorrilaren 31rako iragarri dute. Ospa!ko kideek azaldu dutenez, "joan zen urtean Ospa! Egunik izan ez zen arren, mugimenduak ez du bere jarduna eten eta errepresioaren kontrako borrokaren premia berresten dugu. Izan ere, sistema kapitalistak dirauen bitartean burgesiak bere ordena mantentzeko ezinbesteko zaion tresna baita errepresioa".
Ospa!ko kideen iritziz, "errepresio horren isla poliziaren eskutik exekutatzen diren langileen kontrako ekintzak ditugu: etxe gabetzeak, kontrolak, isunak, atxiloketak… Egunero irudi horiek ikustera behartua dago langile klasea eta egoerak bere horretan jarraitzen duen bitartean, errepresioa salatzen eta poliziarik gabeko gizarte baten aldeko borrokan tinko jarraituko dugu". Horregatik, agorrilaren 31eko hitzorduan parte hartzera deitu dute. Iragarri dutenez, "hurrengo hilabeteetan egunaren nondik norakoak argitara ematen joango gara".