Lanbide Heziketa, "lanerako bermea"

Guaixe 2024ko mai. 15a, 09:00

Aitor Larraza Carrea, Jose Julian Garziandia Pellejero eta Iñaki Urbitarte Cabrera prentsaurrekoan. SGA

Sakana Lanbide Heziketa institutuak heldu den ikasturteko hezkuntza eskaintza robotika eta automatismoen goi graduarekin zabaldu du. Ikastetxea handitu, garraioa hobetu eta euskarazko eskaintza zabaltzeko eskaera egin diote gobernuari.

Elkarrekin Lanbide Heziketako ikasketen aldeko agerraldia egin zuten Aitor Larraza Carrerak, Sakanako Mankomunitateko eta Garapen Agentziako presidenteak, Jose Julian Garziandia Pellejerok, Sakanako Enpresen Elkarteko lehendakariak, eta Ignazio Urbitarte Cabrera, Sakana Lanbide Heziketako institutuko zuzendariak. Larrazak "Sakanan bizi, ikasi eta lan ideala gauzatzen lagunduko duten estrategien alde" egin zuen. SGAko buruak ibarrean industriak eta sortzen dituen lanpostuek duten garrantzia nabarmendu zituen: "lanpostu finkoak eta bataz bestekoa baino altuagoak diren soldatak eskaintzen ditu". Gaineratu zuenez, "lanpostu sorrera handien eta langileria falta aurreikuspenen aurrean, Lanbide Heziketa dual eta intentsiboa estrategikoa da". Haren defentsa egin zuen, SEErekin batera. Aldi berean, gogoan izan zuen ikasketetan dagoen genero arrakala. Lanbide Heziketan Iruñerriaren eta Nafarroako gainontzeko eskualdeen artean dagoen desoreka ere aipatu zuen Larrazak. 

Sakana Lanbide Heziketako ikasketa eskaintzaren heldu den ikasturteko berritasuna robotika eta automatismoen goi gradua da. Ikasketa horrekin industriarekin zerikusia duten ikasketen eskaintza zabaldu du ikastetxeak, bost dira guztira. "Eskaintza horrekin enpresetan premia handien dagoen lanpostuetarako trebatzen ditu ikasleak". Ibarreko hamaika enpresek babesa azaldu ondoren ezarri da ikasketa hori. Enpresa babesle horiek dira: Aldakin, Electricidad Ramos, Eseki, Hydro, Iberica Suspensiones, Industrial Barranquesa, Industrias Laneko, Lacunza Kalor Group, Magotteaux, Irura eta Sakana kooperatiba. 

Ikasketa duala 
Ikasketak egitearekin batera ikasleak enpresetan praktikak egiteko aukera eskaintzen aintzindaria izan zen Sakana Lanbide Heziketa institutua.  Gaur egun ikasketa Dualak, hiru gradutan eskainiko dira eta horietatik azken biak intentsiboak dira: mekanika fabrikazio ekoizpeneko goi gradua, soldadura eta galdaragintza gradu ertaina, eta robotika eta automatismoen goi gradua. Guztien artean prestakuntza dual intentsiboko 60 plaza eskainiko dira. Garziandiak gaztigatu zuenez, "Altsasukoa eskaintza dibertsifikatuena izanen duen Nafarroako ikastetxea izanen da". Aldi berean, ikasketa mota horrekin  ibarreko enpresek duten “inplikazioa eta konpromisoa” nabarmendu zituen. 

Ikasleek enpresetan 700 eta 1.000 praktika ordu artean egiten dituzte ikasturtean zehar eta  enpresek ikasturteko 3.000 eurora arteko bekak ematen dituzte. 

Handitzea, garraioa eta euskara
SGA, SEE eta ikastetxearekin elkarrekin, Sakana Lanbide Heziketa institutua sustatzeko hainbat ekimen garatzen ari dira. Ikastetxea txiki gelditu da. Ikasketa eskaintza handitzearekin batera, zazpi urtetan ikasle kopurua bikoiztu eta gaur egun 216 ikasle ari dira Lanbide Heziketa ikasten. Ikasle hazkundearen  alde txarra da ikasketa berriak arratsaldez emanen direla, tokirik ez baitago bestela. Urbitartek nabarmendu zuenez, "Lanbide Heziketa enpleguaren bermea da. Ikasten duten gehienak lan mundura sartzen dira. Industria arloko gradu ertaineko ikasketak egin dituzten guztiak lanean daude". 

Ikastetxea txiki gelditu da. Horregatik, enpresarien ordezkariak Carlos Gimeno Gurpegi Hezkuntza kontseilariari egindako proposamenaren berri eman zion: "jar dadila Altsasuko Udalarekin harremanetan, institutuaren aldamenean dagoen pabiloia, okindegia zena, erosi eta, horrela, etorkizunean ikastetxea handitu ahal izateko".  

Institutuan ikasten duten 216 ikasleetatik 43 Iruñerritik etortzen dira. "Nahi eta nahiez autoz etorri behar dute, garraio publiko egokirik ez dagoelako. Iruñetik autobusa 06:00etan abiatzen da eta 07:00etan Altsasura iritsi. Baina klaseak 08:10ean hasten dira", azaldu zuen Urbitartek. Agerraldia baliatu zuen Altsasuko Udalari eskerrak emateko ikastetxe aldamenean aparkalekua egiteagatik. 

Garziandiak, bestalde, azaldu zuen Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan euskarazko ikasketak nagusi zirela, baina ez Lanbide Heziketan. Horregatik, "parekatzeko, industria graduetan euskarazko ikasketa gehiago izatea" aldarrikatu zuen. 

Ekonomia aurreikuspenak 
SEEko buruak azaldu zuenez, aurten eta heldu den urtean Sakanan 815 lanpostu sortzeko aurreikuspena dute. "Haien %80 Lanbide Heziketako prestakuntza edo titulazioa behar du", azaldu zuen Garziandiak. Kopuru horretan Volvoren autobusak egiteko Sunsundeguik kontratatzea aurreikusten dituen langileak daude. Garziandiak gaztigatu zuenez, "enplegu horiek sortzeko epeak luzatu daitezke automozio eta haize erroten sektore garrantzitsuetan arazoak dituztelako, azken hori batez ere". 

Ikasketa eskaintza 

Oinarrizko Lanbide Heziketa
Merkataritza zerbitzuak.

Lanbide Heziketa berezia
Merkataritzako Zerbitzu Orokorretako laguntzailea (elebitan).

Erdi mailako zikloak
Mantentze lan elektromekanikoa.

Soldadura eta galdaragintza (ikasketa duala).

Mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza (euskaraz).

Mikroinformatika sistemak eta sareak (ikasketa duala, euskaraz).

Goi mailako zikloak
Industria Mekatronika.

Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa (ikasketa duala).

Haur Hezkuntza (euskaraz).

Automatizazioa eta industria robotika.

Araubide bereziko kirol ikasketak
Mendi ertaineko teknikaria.

Eskalada teknikaria.

Ziurtagiriak
Lanean ari diren langileak titulazioa lortzeko profesio ziurtagiriak lortzeko ikastaroak.

Gaitasun kreditazioa
Lan esperientzia eta arautu gabeko trebakuntzaren bidez eskuratutako gaitasunak ofizialki aitortzeko aukera.