Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarra (Quesos Albeniz) Espainiako junior mailako selekzioarekin Nazioen Kopako baliagarria den Baron Sari nagusian lehiatu da. Baron Sari nagusiak bi etapa zituen. Lehendabizikoa, 20 km inguruko taldekako erlojupeko gogorra zen. Espainiako selekzioak sekulako erakustaldia eman zuen eta erlojupekoa irabaztea lortu zuen (24:37), Borgo Molino Vigna Fioritari segundo bat eta Italiako selekzioari 5 segundo aterata. Adriá Pericas lider jarri zen.
Bigarren etapa, desnibel handia duen zirkuitu gogorreko 123,5 kilometroko lasterketa zen. Espainiako selekzioak Adriá Pericasen alde egin zuen lan. Eguneko ihesaldiak ia 4 minutuko aldea ateratzea lortu zuen, baina Iker Gomez, Luis Arberto Lajarin, Javier Cubillas, Marco Martin, Adriá Pericas eta Hector Alvarez lanean jarri ziren, eta ihes egindakoak harrapatzea lortu zuten ahalegin izugarriaren ondoren. Azkenean, Adriá Pericas laugarren sartu zen helmugan, eta lidergoari eustea eta proba irabaztea lortu zuen (3:30:05), Andrea Bessega italiarrari 2 segundo aterata. Beraz, lanak ongi eginda itzuli da Iker Gomez.