'Permanencia' liburua kaleratu du Suarezek

Guaixe 2024ko mai. 13a, 08:26

Castillo Suarez idazlea. ELKAR

Galegoz, katalanez eta frantsesez argitaratu ondoren, 'Irautera' poema liburuaren gaztelaniazko bertsioa aurkeztu du idazle altsasuarrak. Fernando Rey izan da itzultzailea, eta lan bat ongi idatzia dagoenean itzultzea "errazago" dela esan du.

2019an Castillo Suarez idazle altsasuarrak Irautera poema liburua aurkeztu zuen. Poemen arteko lotura zuhaitzek egiten dute eta paisai sentimentala Altsasuko basoetan kokatu zuen. Irauteraren ideiaren inguruan hitz egiten du. Bost urte beranduago, apirilaren hasieran idazleak bere lehenengo gaztelaniazko poemarioa aurkeztu zuen: Permanencia. Irautera liburuaren itzulpena. Fernando Reyk egin du itzulpena, eta aurretik itzulita bazegoen ere, argitaratzea falta zen. Editorea Miguel Angel Arcas izan da. 

Idazleak aurkezpenean esan zuen bezala, Irautera-k landareez eta botanikaz hitz egiten duela dirudi, baina gero beste gauza batzuei buruz hitz egiten du"; bakardadea, gizakien arteko harremana eta bizitzari aurre egiteko moduaz. 

'Irautera'
Irautera izenburuak hitz joko bat da eta irautea eta iratzea hitzak elkartu zituen, eta bizitzan aurki daitezkeen arazoen aurrean nola iraun esan nahi du. Angel Erro idazleak idatzitako poema batean oinarritu zen; poema horretan esaten zuen askotan itsasoari buruz eta itsas bizitzari buruz hitz egiten dutela, "egitan horri buruz ideiarik ez dugunean".  Euskarazko liburuan bezala, Permanencia-n ere iratze bat agertzen da azalean, lanak landarearekin harremana duelako: landare primitibo bat da, lehendabizikoa ateratzen eta azkena joaten dena. "Karea behar da kentzeko; ez du loratzen eta espora bidez ugaltzen dira".

Liburua lau bloketan bananduta dago, eta bloke bakoitzean hamabost poema daude.Fernando Rey Permanencia liburuko itzultzaileak aurkezpenean esan zuen ongi idatzita dagoen lan bat "errazago" itzultzen dela, eta Suarezekin lan egitea asko gustatu zaiola. 

Gaztelaniazko Permanencia argitaratu aurretik, galegoz, katalanez eta frantsesezko bertsioak kaleratu zituzten.