Udarako eskaintza zabala Altsasun

Guaixe 2024ko mai. 14a, 11:06

Haurrak Intxostiapunta gazte txoko ondoko zelaian jolasten. ARTXIBOA

Udalak udako jardueretarako eta heldu den ikasturteko kirol eta musika eskoletako izen ematea zabaldu du. Horren berri ematen duen liburuxka zabaldu du.

Altsasuko Udalak udako eta 2024-2025ko kirol eta musika eskolan izen-ematea ireki du. Gazteria, Ludoteka, Musika eskola eta Kirol Zerbitzuen eskaintzaren berri ematen duen liburuxka altsasu.eus webgunean kontsulta daiteke. Gainera, ikastetxeen bidez, familia guztietara iritsiko da. Izen ematea hilaren 24 arte egin daiteke, gazteria eta kirol eskoletarako garagarrilaren 7ra arte luzatuko da. Horretarako, 948 012 012 telefonora hots egin edo altsasu.eus webgunean sartu behar da

Altsasuko Udaletik izen ematearen berri ematearekin batera gogorarazi dutenez, "haur eta nerabe osasuntsuak izan nahi baditugu, funtsezkoa da mugitzea eta kirola egitea, fruta eta barazki asko jatea eta koipe eta azukreen kontsumoa murriztea. Hori pentsatzera animatzen ditugu, erosketak egiten diren momentuan".

Udalak gogorarazi du hobariak lortzeko aukera dagoela. Zehaztu duenez, hobariak inskripzioa hasi baino sei hilabete lehenago Altsasun erroldatutako pertsonei bakarrik aplikatuko zaie.

Aisiaz blai
Ikastetxeko oporraldian eskaintzen den programa ludiko hezitzailea da eta 3 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta. Jolasaren bidez, haurren aisialdiari arreta emateko zerbitzu bat eskaintzen du. Zerbitzu hori haurrek parte hartzen duten programa batean gauzatzen da, pertsona bakoitzaren garapen integralean funtsezko elementu gisa jolasteko duten eskubidea bermatuz, funtzio sozialak betez, balioak sustatuz (hezkidetza, desberdintasunarekiko errespetua...) eta garapen kognitiboa, psikomotorra eta sozioafektiboa estimulatuz. Bide batez familia eta lana uztartzeko zerbitzua eskaintzen die familiei.

Aisiaz Blai programak hiru eskaintza izanen du. Aurrenekoa garagarrilaren 20, 21, 24, 25, 26, 27 eta 28an garatuko da, eta 08:30etik 13:30era izanen da. Garilean eta agorrileko eskaintza 4 eta 12 urte arteko haurrei zuzenduta dago. Garilaren 1etik 30era eginen da, 08:30etik 13:00etara. Aurreneko orduan, 08:30etik 09:30era, kontziliazio ordua da, eta talde horretan plazak mugatuak dira eta sartzeko kontziliazio baremoa aplikatu da. Programaren ordutegi orokorra, berez, 9:30etik 13:00etara izanen da. Agorrilean 09:30etik 13:00etara izanen da. Bai garilean bai agorrilean hamabostaldika izena emateko aukera badago. 

Gazteria 
Intxostiapunta gazte txokoak garagarrilaren 3tik irailaren 20ra udako ordutegia izanen du eta, beraz, zabalik egonen da, 18:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera. Gazte gunea, berriz, 07:30etik 15:00etara zabalik egonen da. Gazteria Zerbitzuak martxan jarriko dituen programak dira, alde batetik, Udagazte, 12 eta 16 urte bitarteko gazteendako. Garilaren 1etik 12etara izanen da, 10:00etatik 13:00etara. Ordaindu beharreko matrikula errentaren arabera izanen da; hamar tarte daude 26,60 eta 54,10 euro artekokoak.  

Bestetik, aniztasun funtzionalak dituzten gazteendako zuzendutako Gu Geu Gazte programa dago. Garilaren 1etik 26ra izanen da, 17:00etatik 20:00etara. Kuota, errentaren araberakoa da. Azkenik, zerbitzuak jakinarazi du aurtengo Ur Festa Goxoa garilaren 10ean izanen dela Dantzalekuko igerilekuan, 21:00etatik 24:00etara. Eskaintza horiei buruzko informazioa intxostiapunta@altsasu.net edo gazteria@altsasu.net e-posta helbidetara idatziz edo 948 564 785 edo 608 617 778 (arratsaldez) telefono zenbakietara hots eginez lor daiteke. 

Kirolak 
Altsasuko kirol eskoletan izena emateko epea garagarrilaren 7an despedituko da. Altsasun heldu den ikasturtean hamaika kirol eskolen eskaintza izanen da: atletismoa, taekwondoa, gimnasia erritmikoa, yoseikanbudoa, tenisa, saskibaloia, futbola, irristaketa, txirrindularitza, esku pilota  eta emakumezkoen pala. Udalaren kirol eskolen eskaintza posible dela, kirol klubekin sinatutako lankidetza hitzarmenei esker. Bestetik, igeriketa ikasteko ikastaroetan izena eman nahi dutenek Atabo udal enpresarekin edo Sakana igeriketa klubarekin harremanetan jarri beharko dute. 

Altsasuko Udalaren helburu nagusietako bat kiroletan emakumeen parte-hartzea handitzea eta sendotzea da. Horregatik, heldu den ikasturterako helburua da neskek pilota eskolan parte hartzea bulkatuko du, emakumezkoen pala eskainiz, baita emakumezkoen esku-pilota talde bat ere 2009-2012 urteetan jaiotako neskendako. Gainerako adinetan pilota-taldeak mistoak izango dira. Hori guztia dela eta, pilotalekura esku-pilota probatzera animatu dituzte neskak eta pilota eskolan emakumeen parte hartzea sendotzen jarraitzeko.

Futbolari dagokionez, aurten eskaintza zabaldu egin da, futbol 11ko talde berri bat eskainia. Guztira hiru talde eskainiko dira: futbol 8ko talde bat; 2013-2015, urteen artean jaiotako neskendako eta bi futbol 11koak; haurren mailako talde bat (2011-20125) eta kadete talde bat (2009-2010). Helburua da neskek beren kategorian parte hartzea. Animatzen da  izena ematera, emakumezkoen hiru taldeak sendotzeko.

Horiekin batera, Zelandi kiroldegian multiekintza (2013-2017) eta indor zikloa  (2009-2012) ere eskaintzen dira haur eta gazteendako. Jarduera horiek pediatria arloarekin koordinatuta daude eta kirol eskolen eskaintza osatzen dute, beste jarduera fisiko batzuk eskainiz eta kirol eskolek bezala bizimodu osasungarri eta aktiboa sustatuz. 16 urtera arteko eskaintza zabal horren helburua da pertsona bakoitzak aurkitzea gustuko duena, mugitzea eta kirola edo jarduera fisikoa egitea ikasturtean zehar.

Zelandi
Kiroldegiak igeriketa ikastaro trinkoak hartuko ditu garagarrilaren 10etik 21ra, astelehenetik ostiralera. 15:30ean, 16:15ean eta 17:00etan izanen dira ikastaroak, 40 minutuko iraupena dutenak. Honako mailetako ikastaroak eskainiko dira: zuria, grisa, horia eta laranja. Izena emateko Zelandi kiroldegiko harreratik pasa behar da, maiatzaren 31 baino lehen. Kiroldegiko bazkideek ikastaroagatik 35 euro ordaindu beharko dute, bazkide ez direnak, berriz, 60. Izena ematen dutenek zein maila duten jakiteko garagarrilaren aurreneko astean maila proba egin beharko dute igerilekuan.   

Udalak jakinarazi duenez, kiroldegiko igerileku klimatizatuen gunea itxita egongo da garilean eta agorrilean. Gimnasioa, berriz, irekita egongo da, abuztuko lehen hamabostaldia barne. Bestetik, Dantzalekuko igerilekuak garagarrilaren 13tik irailaren 1ra egonen da zabalik. Eguneko sarrerarekin sartu nahi duten 3 eta 15 urte arteko haur eta gazteek 4,6 euro pagatu beharko dituzte, 16 eta 64 urte arteko erabiltzaileek eta  65 urtetik gorakoek 6,2 euro. Dantzalekuko igerilekuetako udako sasoiko abonamendua ere eskuratu daiteke Zelandi kiroldegiko harreran, garagarrilaren 1etik aurrera izanen da hori. 3 eta 15 urte artekoen abonamendua 45 euro balio ditu, 16 eta 64 urte artekoena 55 euro eta 65 urtetik gorakoena, berriz, 50 euro. Eskaintza horien inguruko informazio gehiago nahi dutenek harrera@ataboaltsasu.com e-posta helbidera idatzi, zelandikirolgunea.com webgunean sartu edo 948 562 786 telefono zenbakira hots egin dezakete. 

Musika eskola 
Dagoeneko izen emate epea zabalik dago eta maiatzaren 22an despedituko da. Izena emateko eskolako idazkaritzatik pasa edo altsasu.eus webgunearen bidez egin daiteke.