Kultur entitateendako dirulaguntza deialdia egin du udalak

Guaixe 2024ko mai. 20a, 11:12

Gau beltza ospatzen. ARTXIBOA

Irabazi asmorik gabeko erakundeak, udal erregistroan izena emanda daudenak aurkez daitezke deialdira.

Altsasuko Udalak herrian gizarte eta kultur jardueren antolaketa sustatzeko helburuz, dirulaguntza deialdia onartu du. Deialdiak 5.160 euroko poltsa du. Laguntza deialdian interesa duen erakundeak bere eskabidea betea eta udalak eskatzen duen dokumentazioa maiatzaren 29rako aurkeztu beharko du. Deialdiari buruzko informazio guztia altsasu.eus webgunean dago. 

Dirulaguntza deialdiaren bidez, udalaren kultur programazioaren osagarri moduan eta kulturaren zeharkakotasuna bulkatzen duten herritarren ekimenak, funtzionamendua eta partaidetza indartu nahi ditu. Aldi berean, sustatu eta babestu nahi ditu sare eta artikulazio sozialak sortzen
dituzten herri kulturaren sustapen jarduerak (Gau Beltza, solstizioak...) 

Horrekin batera, Altsasuko Udalak diruz lagunduko du kultura bizitasuna sustatzea, kultur jardueren programazioa eta gauzatzea babestuz, bai eta herritarren parte-hartzea eta gizarte-sarearen sareko lana ere. Gaineratu duenez, kultura eta haren irisgarritasuna sustatzea eta zabaltzea, batez ere gazteen artean. Eta, azkenik, espazio publikoa kultura-helburuetarako erabiltzen laguntzea.