Garai bateko bertako etxeetako beheko solairuan aziendarendako estrabia zegoen, lehen solairuan logelak eta teilatu azpian goiko ganbara zegoen. Logelak etxeko pareten kontra zeuden, leihoak izateko. Eta solairu hartan geratzen zen espazioari ganbara zelaia deitzen zaio. Han trasteak eta gauzak uzten ziren, kutxak eta artaporkak esaterako. Ganbarazelaian ere etxekoak eta aldamenak artoa edo gaztainak aletzera edo artaburuak txirikordatu eta porkak egiteko elkartzen ziren udazkeneko gauetan.
Urtearekin batera jaio da Proiektuak elkartea. Bera Altsasuko estalpea hartzen duen zelaian bigarren eskuko azoka egitea bulkatzen ari da. Ganbarazelai izena eman diote ekimenari eta hilabeteko azkeneko domekan eginen da, 09:30etik 14:30era. Estreinakoa maiatzaren 26an, domekarekin, eginen dute. Han, besteak beste, trukerako eta saltzeko aukera izanen da.
Zein helbururekin bihurtuko duzue estalpea ganbarazelai?
Jabi. Gertuko azoka sortzea da helburua. Sakanan ez gaude ohituta bigarren eskuko gauzak erostera edo saltzera. Zabaldu diren bigarren eskuko dendak denborarekin itxi egin dituzte. Baina, bestetik, gaur egun Sakanan "klandestinitate" handia dago: jende pila bat dago plataforma erraldoien (Mil Anuncios, Wallapop...) bitartez gauza pila saltzen eta erosten ari dena. Ez da publikoki egiten: praka hauek halako tokitan erosi ditut, eta altzari hau holakoan. Jendeak agian makina bat kilometrotara dagoen produktua erosten du, esaterako, Sevillan. Edo saldu. Eta bigarren eskuko produktua bidaltzeko garraiatu behar da, kutsadura eta bestelako gastuak sortzen dira. Gure planetarendako kaltegarriak diren ondorioak ekartzen ditu. Gure ideia da: hemen dagoen aberastasuna hemen bertan salgai jartzea, gure auzokideei. Edo behar ditudan gauzak hemen bertan erostea. Gertuko azoka, gauzen garraioa izan daiteke Arabako Lautadatik hona, Altsasutik Sakanara edo hemendik Gipuzkoako Goierrira.
"Gure ideia da: hemen dagoen aberastasuna hemen bertan salgai jartzea, gure auzokideei"
Beste helbururik baduzue?
J. Erosi eta bota, erosi eta bota, erosi eta bota. Joera hori dago. Mentalizatuta gaude. Guk maite dugu gure herria, gure ibarra. Baina zaindu ere egin behar ditugu. Kapitalismoarekin eta gaur egungo gure erritmoarekin agian ezin dugu mundu jasangarri bat egin. Gauzak erabili eta bota ordez, agian konpondu behar ditugu.
Bestetik, amorrua ematen digu botatzen dugun janari kopuruak. Gainera, janari hori ez dugu botatzen ezta bosgarren edukiontzira, berdera baizik. Sakanako Mankomunitateak joan zen urtean jakinarazi zuenez, sakandar bakoitzeko urteko 131 kilo elikagai alferrik galtzen dira. Guretako ideologikoki oso garrantzitsua den beste zerbait ere eskaini nahi dugu azokan: pintxo-pote jasangarria. Hau da, aprobetxamenduko produktuekin, osagai onekin, egindako jatekoa jendeari eskaini.
Beraz, linea ekonomia beharrean zirkulu ekonomiaren alde egitea.
J. Bai. Azoka bat antolatu nahi dugu eta hau esatea gure kontra doa: kontsumoa murriztu. Zerbait behar ez baduzu, ez erosi! Erabili behar ez baduzu, ez erosi! Baina behar eta erabili behar baduzu azokan erosi. Beraz, berrerabili, kontsumoa murriztu eta birziklatu.
Hori guztia, zergatik?
J. Ez dago aurrera egiteko beste modurik. Beno, bai, lehertzen den arte aurrera egitea.
Martin. Mundua aldatu behar dugu, zeren, bestela... Klima aldaketaren ondorioak gero eta handiagoak dira. Konpontzeko edo, behintzat, okerrera egitera eragozteko jokabideak aldatu behar ditugu. Kapitalismoak gero eta gehiago kontsumitzera garamatza. Eta guk, justu, kontrakoa egin behar dugu.
Hainbat gune
Bigarren eskuko azoka da. Zuek gauzak salduko dituzue? Edo ni nire mahaiarekin gauzak saltzera joan naiteke?
M. Edonor joan daiteke. Guk gure gauza batzuk eramanen ditugu. Jendeak nahi eta ahal badu bere gauzak hara saltzera eraman ditzake. Berak zuzenean sal dezake, edo gauzak gure esku utzi eta guk bere partez saldu. Bi aukerak daude. Horretarako, Ganbarazelain hiru metro luzeko mahaiak jarriko ditugu.
Nik gauzak saltzera joan nahi badut, zer egin behar dut?
M. Onena da aldez aurretik izena ematea eta jakinaraztea zer gauza jarriko dituzun salgai. Heldu den aste osoan, 19:00etatik 21:00etara, estalpean egonen gara. Jendeak hara gure bitartez saldu nahi dituen gauzak eraman ditzake. Gauzen egoera aztertu, katalogatu eta jabea zein den jakiteko identifikatu eginen dugu. Horrela, egun berean dena antolatuago izanen dugu. Baina egun berean pixka bat goiz etorriz gero, eta gauzak han uztea ere aproposa da.
J. Jendearen gauzak saltzeko gure baldintzak oso errazak dira. Gauzak eramaten dituztenek esan behar dute bakoitzaren balioa zein den. Esaterako, eramaten duen mahaitxoak 10 euro balio duela pentsatzen badu, guk 10 euroren truke salduko dugu. Baina guk salduz gero, gure lanagatik, prezioaren %30 guretako izanen da eta %70 saldu den gauzaren jabearendako. Beraz, guk gauzak hartu, saldu eta, ondoren, jabeari dirua ematen diogu. Hori bai, ez dugu edozer gauza salduko. Bigarren eskuari duintasun pixka bat eman behar diogu.
"Kapitalismoak gero eta gehiago kontsumitzera garamatza. Eta guk, justu, kontrakoa egin behar dugu"
Gauzak konpontzeko txokoa ere egonen da, ezta?
J. Bai. Esaterako, zuk ordenagailuak konpontzen badakizu Ganbarazelain zure mahaia jar dezakezu, eta guk kartel baten bidez jakinaraziko dugu zer konpontzen duzun. Bakarren bat zuregana joaten bada, bien artean moldatuko zarete. Han gauzak konpontzen jartzen denak trukea edo negozioa egin dezake. Gu hor ez gara sartuko. Baina guk aldez aurretik jakin nahi dugu gauzak konpontzera zein joanen den, eskaintzeko. Azoka fisikoaz aparte birtuala ere baitugu. Azokara konpontzera joan nahi duenak 637 947 054 telefonora hots egin edo Whatsapp mezua bidali behar du guk erreserba egiteko. Zer konpontzen duen jakinarazi behar du.
Beraz, hemendik deialdia egiten dugu: Ganbarazelai azokan gauzak konpontzen dakiten pertsonak behar ditugu. Hara joan eta beraien bezeroekin ekonomia harremanak edo trukaketa egin dezakete. Izan daiteke praka baten barrenak hartzeko beharra duen pertsona bati laguntzea, apurtutako altzaria konpontzeko, metalezko altzari bati premia duen soldadura puntua ematea... Erabili eta bota beharrean, konpontzea. Azokan hori eskaintzeko konpontzen dakien jendea behar dugu.
Konpontzen dutenek ekarpenik egin beharko dute?
J. Lekua alokatzeagatik, metro karratuko 3 euro-edo kobratuko diegu gauzak saltzera edo konpontzera joaten direnei. Ezin dugulako dirurik galdu. Izan ere, guk ere udalari zoru publikoaren okupazioagatik eta mahaien erabileragatik ordaindu behar diogu. Gainera, zer gerta ere, asegurua ordainduko dugu.
"Ez dugu edozer gauza salduko. Bigarren eskuari duintasun pixka bat eman behar diogu"
Mahaiak behar izanez gero, erreserba egin behar da?
J. Bai, hots egin edo mezua bidali. Mahaia behar izanez gero ordaindu beharko da, baina guk jarri eta jasoko dugu. Mahaiak hiru metroko luze dira. Bi edo hiru lagunen artean hartzeko aukera dago, eta gero hartu dutenen artean erabili beharreko espazioa banatuko dute: batek metro eta erdi behar badu, gainontzeko hiru metro eta erdiak bestearendako izanen dira.
Ganbarazelain ez da beste inorendako tokirik gelditzen.
M. Bai, berrerabilitako materialekin gauzak egin eta saldu nahi duten artisauak eta artistak ere egonen dira. Horiek ere deituko ditugu.
J. Guretako oso garrantzitsua da lehengaia berrerabilitakoa izatea da. Nik, esaterako, kutxak zaharberritu izan ditut. Beste batek horma armairu bat eskatu zigun, baina ez dugu halakorik egiten. Hala ere, halako bat lortu eta bezeroak nahi bezala margotuko dugu. Eginda zegoen armairu bat bezeroen nahietara egokituz berrerabili dugu. Ni han egonen naiz.
Aurreneko azokara besteren bat etorriko da?
J. Barrikupel. Lizarraldeko aita-alabak dira. Han upategiak daudenez, ardo kupelen piezekin diseinuzko lanparak egiten dituzte.
Jakien berrerabilpena, zergatik?
M. Jabik eta biok Sakanako Mankomunitatearendako pintxo-pote jasangarria antolatu genuen azaroan. Sakanako ia taberna guztiei eskaini genien aprobetxamenduko janariarekin pintxoak egitea. Batzuek egin zuten. Horretarako, ibarreko ekoizleengandik baliatu zitezkeen jaki batzuk lortu genituen. Horiekin pintxoak egin zituzten. Ondo atera zen eta jendea pozik gelditu zen. Orain antzekoa egin nahi dugu: halako jakiak lortu eta horiekin azoka egunerako pintxo-potea egin.
J. Agian ikasi behar dugu sukaldean gauza gozoak prestatzen baratzean dauden hondarrekin. Duela hilabete baratzetan bakarrik zeuden: borrajak edo porruak, denak erdi igota. Edo zuzenean azkar jan edo bota egiten ditugu. Beharbada horiekin plater goxoak prestatu daitezke. Guztiok daukagu etxeko izozkailuan jatekoak gordeta. Gaizki daudela esan eta bota egiten ditugu. Gure asmoa da erakustea pintxo-potea nola prestatzen dugun, ganbarazelai.org webgunearen eta sare sozialen bitartez eginen dugu.
Zuek egonen zarete zerbitzatzen?
M. Hainbat lagun egonen gara azokan, ea denon artean zer egiten dugun.
J. Hasieran boluntarioak izanen gara. Baina azoka egunean bospasei egonen gara lan egiten. Egitekoak dira: mahaiak jarri, pintxoak presatu, tabernan egon, jendeari harrera egin... Eta, esaterako, nik altzariak konpontzen ditudanez, han lanean egonen naiz.
Zertarako jarriko duzue eszenatoki bat?
J. Adriana Olmedo sortzaile eta kantautorea etorriko da. Bere lanekin behin eta berriz etorri izan da Iortia kultur gunera, aktore profesionala baita. Olmedok gauzak berrerabiltzen ditu. Atrezzoa eta eszenografiak nik prestatzen dizkiot. Dirua garrantzitsua eta beharrezkoa da, baina harremanak izateko beste modu bat ere badago. Harekin gastu guztiak ordaindu eta kobratzen ditugu, baina trukea ere egiten dugu. Bera ekoizlea da eta obra berri bat ahalegin handi bat denez, behar duena duen aurrekontuarekin egiten dut. Ordu gehiago sartzen baditut, ez dut kobratuko, baina, ondoren zuk gure proiektuan parte hartzera, zure artea erakustera, etorriko zara. 13:00etatik aurrerako bere emanaldia trukea da.
"Gauza bera izanen da webgunekoa edo azken domekan mahaietan salgai jartzen dena"
Bigarren azoka digitala ere bada?
M. Bai, ganbarazelai.org webgunea egin dugu. Hasi berri gara. Han jarri nahi ditugu jendeak saldu nahi dituen gauzak. Guretako gauza bera izanen da webgunekoa edo azken domekan mahaietan jartzen dena. Facebook eta Instagram sareetan ere profilak ditugu, Ganbarazelai Sakana deitzen dira profilak. Whatsapp eta Telegram bidez ere aritu nahi dugu.
J. Dagoeneko eskaera bat jaso dugu: haize orratz bat saldu nahi du. Argazkia bidali du eta jakinarazi du egoera onean dagoela eta halako kopuruan saldu nahi duela. Hori webgunean jarri dugu. Eta hori ikusita, jendeak badaki hurrengo azokan haize orratza salgai izanen dela. Mahai bat eta sei aulki ere badaude. Horrelakoak bidaltzeko lehen aipatutako telefonoa erabili. Wallapop eta Mil Anunciosen modukoa egin nahi dugu. Bestetik, azokan bertan iragarki ohol bat ere jarriko dugu. Norberak saltzen duenari buruzko iragarkia eta telefonoa jar ditzan. Hor guk erraztu eginen dugu, eta partikularren artea adostu beharko dute gero.
Elkarteaz
Zergatik sortu duzue Proiektuak elkartea?
J. Proiektuak izena eman diogu agian hainbat egitasmo sor daitezkeelako. Urtearekin batera sortu zen elkartea, legeak esan bezala eratuta dago, CIF du, hiru hilabetetik behin Ogasunari BEZaren berri ematen diogu... Orain Ganbarazelai proiektuarekin gaude. Elkartea 50 urte baino gehiago duten pertsonen artean lana bulkatzeko sortu da. Zure egoeraren arabera adin zaila baita adin hori.
"Elkartearen helburua da 50 urte baino gehiago duten pertsonen artean lan aukerak bulkatzea"
Zer helburu du elkarteak?
J. 50 urte baino gehiago duten pertsonen artean lan aukerak bulkatzea. Lehenik adinarena jarri dugu, baina elkarteak ere beste helburu batzuk ditu: sormenak lantzea, gure eskualdea zaintzea eta hemengo produktuak eta aberastasuna lantzea. Guztiaren erdigunean daude pertsonak, gure ibarra, ingurumena, gure mundua. Horiek dira gure printzipioak. Horiek lortzeko ekimenak eginen ditugu. Azokaren lehen edizioan zer gertatuko den ez dakigunez, gehienok boluntarioak izanen gara. Espero dugu, poliki-poliki hori egun bateko, bi eguneko edo hilabeteko kontratuetan bihurtzea. Hori da asmoa. Baina aurreneko aldian denak boluntarioak izanen gara.
Azokak guztiondako ogibide bat izan behar du. Guztia martxan jartzeko ahalegin handia egiten ari gara orain. Oso gustura egiten ari gara. Gainera pentsatzen dugu guretako, Sakana eta munduarendako oso garrantzitsua dela. Baina dirua ezin dugu galdu. Gure lana, espazioaren alokairua, mahaien garraioa... gastu horiek ordaindu behar ditugu. Orekatzen badugu eta lan egiten gauden lagunak konforme gelditzen bagara, aurrera. Eta aurrera ezin badugu eraman, gauza bera pentsatzen jarraituko dugu, eta gauza berriak asmatuko ditugu, guretako garrantzitsua delako.
50 urtetik gora dituzue elkarteko kideek?
M. Gehienek bai. Azokan egonen garen guztiok 50 urte baino gehiago ditugu, denak boluntario. Badaude beste leku batean lan egiten dutenak, baina ekimena oso ona dela pentsatzen dute eta laguntza ematera joanen dira. Asmoa da poliki-poliki pausoa ematea eta aukera ematea beste pertsonei.
Kide gehiago onartzen dituzue?
J. Bai, edozeinek eman dezake izena. Nahiko nuke 50 urte baino gehiago daukaten langabe guztiei lana ematea. Baina, horretarako, lana lortu behar dugu. Hori lortu arte, ezin dugu eman. Agian honen bidez lor dezakegu norbaitek duen lanaldia osatzea eta, horrela, astero 40 ordu lan egitea. Bere jubilazioari begira, zoragarri. Edo elkartean egon daiteke autonomoa den bat, gastu guztiak ordaintzeko larri dabilena, eta ia-ia dirurik gabe gelditzen dena. Ekimenen bitartez, fakturazioa eginda, diru pixka bat lortuz gero, bere soldata izan daiteke hori, nahiz eta gutxi izan. Bakarren batek proiekturen bat badu, hitz eginen dugu.