Astekaria

Biomedikuntzan erabilera izanen duen ikerketaren fruitua

Guaixe 2024ko mai. 23a, 12:00

Adrian Claver Alba Arrosadiako campusean. NUP

Magnesio aleazioetan jarritako geruza mehe batek degradazio txikiagoko inplanteak egitea ahalbidetuko luke, Adrian Claver Albaren doktoretza tesiaren arabera. Hautsitako hezurra eusteko jarritako torlojuak kentzeko operaziorik ez zen beharko.

Adrian Claver Alba ingeniari altsasuarrak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) doktoretza tesia defendatu berri du. Claverren ikerketaren ardatza izan da medikuntzan magnesio aleazioak erabiltzeko oztopo nagusietako bat gainditzea: bere degradazio azkarra. Izan ere, korrosioa izateko arriskuak mugatu egin du material hori gailu medikoetan aplikatzea.

Altsasuarrak egin duen ikerketa magnesiozko medikuntzarako inplante biodegradagarrien fabrikazioari buruzko Europako proiektu batean du jatorria. Orain arte magnesio aleazioekin egindako inplanteak higatu eta korrosioa izaten zuten. Hori eragozteko ikertzen aritu da altsasuarra, eta lortu du. Magnesio aleazioekin egindako inplanteen gainean jartzeko estaldura bat garatu du Claverrek, eta horrek piezen higadurarekiko eta korrosioarekiko erresistentzia areagotzen du. 

Beraz, material horren gainean jarritako geruza mehe batek aukera ematen du materiala inplanteetan erabiltzeko; izan ere, orain arte, azkar degradatzen baitzen, gailu biomedikoetan aplikatzea mugatu du. Claverrek azaldu duenez, "magnesioa modu naturalean dago gure organismoan, eta, beraz, kontzentrazio kontrolatuetan ez du toxikotasun arazorik sortzen". Horri beste ezaugarri batzuk gehitzen zaizkio, esate baterako, arintasuna eta giza hezurrarekin duen antzekotasun mekanikoa. "Hori dela eta, aukera ezin hobea da torloju, finkapen, grapa eta traumatologian eta, oro har, ingeniaritza biomedikoan erabiltzen diren beste elementu batzuetarako", gehitu du.

Inplante baten degradazio-abiadura
Doktoretza tesiak erronka horri heldu dio fabrikazio teknika aurreratu bat erabiliz: lurrun faseko deposizio fisikoa. Metodo horri esker geruza mehe bat sortzen da balizko inplantearen materialaren gainean (magnesio aleazioa), haren propietateak hobetzeko; kasu honetan, higadurarekiko eta korrosioarekiko erresistentzia. Ikerketak frogatu duenez, korrosioaren aurkako emaitzarik onenak titanio nitruroa (TiN) erabiliz lortu dira. Material hori higadurarekiko erresistentziagatik eta gogortasunagatik da ezaguna, eta plasma bidezko oxidazio elektrolitiko bidez jarritako beste geruza batekin konbinatzen da, duplex estaldura bat osatuz.

Jarritako estaldurak hesi bat sortzen du inplantearen materialaren gainean, eta horrek babestu egiten du gorputzaren ingurunearekiko erreakzio kaltegarrietatik. Gainera, estaldura horrek aukera ematen du inplantea zein abiaduratan degradatzen den kontrolatzeko, egoera kliniko desberdinek inplantea organismoan egoteko denbora desberdinak eskatzen dituztelako. Esaterako, torloju batek egonkor eta funtzional egon beharko luke hezur hautsia sendatzen den bitartean. Guztiz sendatu ondoren, inplantea modu kontrolatuan degradatzen has daiteke, kirurgia ebakuntza egin beharrik gabe. "Balizko inplanteen korrosio bidezko degradazio erritmoa modulatu daiteke, halako moldez non, esaterako, inplantearen biodegradazioa burutuko baita soldatzen lagundu dion hezurrak sendatze prozesu naturala bukatu ondoren", azaldu du Claverrek.

Ikerketa
Altsasuarraren tesia eragin duen ikerketaren jatorria ERA-NET programaren Europako proiektu bat da: Magnesioz egindako inplante biodegradagarrien fabrikazio gehigarria, korrosio- eta infekzio-tasa kontrolatuarekin, AM-MBI, ingelesezko sigletan. Europako proiektu horretan Errumaniako hiru bazkidek eta Foru Komunitateko bik parte hartu dute: NUPeko Material Aurreratuetarako eta Matematikarako Institutua (INAMAT2) eta Berriobeitiko VTN (Vacío y Termoquímica de Navarra) enpresa. Guztien artean magnesiozko inplante biodegradagarrien fabrikazioa ikertu dute. 

Bukaresteko Unibertsitate Politeknikoak koordinatzen du proiektua. NUPeko ikertzaile nagusiaren lanetan aritu da Jose Antonio Garcia Lorente Ingeniaritza Saileko Materialen Zientziako katedraduna. Iñaki Zalakain Iriazabal sail bereko irakaslearekin batera zuzendu du Claverren doktoretza tesia.

Curriculum laburra
Claver Industria Teknologien Ingeniaritzan Graduatua NUPen, 2019an hasi zen erakunde akademikoko ikerketa-proiektuen lankide-lanetan. Aldi berean, Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako Masterra egiten ari zen NUPen. 2022az geroztik, irakasle elkartua da, eta eskolak ematen ditu Ingeniaritza Mekanikoko Graduan.

Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako ikerketa-taldeko eta INAMAT2 Institutuko kidea ere bada, non materialen teknologiei buruz ikertzen baitu, eta haren ikerketaren ardatza dira materialen gainazaleko azterketa eta gainazalaren hobekuntza eta funtzionalizazioa tratamendu eta estalduren bidez.

Estatuko I+G-ko zenbait proiektutan parte hartu du, eta beste batzuetan Europako erakundeekin aliantzan, eta lankidetzan aritu da bai estatu mailako bai nazioarteko ikerketa-zentro, unibertsitate eta enpresekin.

Orobat nazioarteko zientzia-aldizkarietako zenbait argitalpen eta ingeniaritzari buruzko liburuetako bi kapitulu idatzi ditu, bai eta Espainiako eta nazioarteko biltzarretako komunikazioak ere. Zientzia Komunikazioko adituaren titulu berekia ere egin du, eta zenbait erakunderekin lankidetzan dihardu dibulgazio- eta hezkuntza-jardueretan.