Zortzigarrenez Altsasuk Munduko Arrozak ekimena hartuko du. Aurreko edizio guztietan herriko festen egitarauan izan da. Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko gizarte hezitzaile Begoña Zestau Baraibarrek azaldu duenez, "antolakuntzan genbiltzanok urte batzuk generamatzan festetatik ateratzeko hausnarketa egiten". Argitu duenez, "ekimen hori festetan egiteak altsasuar edo talde askoren parte hartzea asko mugatzen zuen, hain zuzen ere festak zirelako. Gainera, beste ekimen batzuen ordu berean izaten zen". Horiek kontuan izanik, "ekimenak bilatzen zituen helburu guztiak" ez zirela betetzen ondorioztatu dute antolatzaileek, eta "helburuak betetzeko bulkada bat" behar zuela ekimenak. "Festetatik aterata, ekimenak berezko indarra eta izaera irabazten ditu. Jendea horretara joanen da". Azken batean, pertsonen arteko hartu-emanak sustatzera.
Altsasuko hamar taldek parte hartuko dute arroza prestatzen: Sakana Harrera Harana, Marokoko bi talde eta Siria, Senegal, Errumania, Nikaragua, Altsasu, Zelandi eskolako guraso elkartea eta Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutua. Aurreneko bost urtetan Zubeztia plazan zegoen karpan egin ziren Munduko Arrozak. Ondoren, Zumalakarregi plazara pasa zen. Igandean hirugarren egoitza ezagutuko du, estalpea.
Parte hartzaileak
Khaled Abou Sapam eta Feryal Almahmoud
Hama, Siria.
Altsasuarrak noiztik?
2023ko lastailetik.
Zergatik parte hartu duzue Munduko Arrozetan?
Jaki hori oso ezaguna da Sirian. Aspalditik, ehun urte eta gehiago, egiten da gure herrian.
Zer prestatu duzue?
Alberjinia da osagai garrantzitsuena, suan prestatuko dut. Barazkiekin, haragiarekin eta granadarekin lagunduko dut. Oso goxoa da.
Egun jakin batean edo egunero jaten da?
Duela 50 urte jendeak ez zuen jaki hori etxean prestatzen, beste herri batera egina erostera joaten ziren. Ondoren etxeetan egiten hasi ziren eta, orain, astero prestatzen da.
Igandean beste arrozen bat dastatu duzu?
Bai, probatu dut.
Assia Bendra
Berkan, Maroko
Altsasuarra noiztik?
Duela hiru hilabete.
Zergatik parte hartu duzu Munduko Arrozetan?
Igandea egun berezia denez, jendeak gure festa edo egun berezietako jaki bat ezagutzeko.
Zer prestatu duzu?
Haragia pasekin, gainean arbendolak dituela. Buztinezko eltzean, tajinean, prestatuko dut.
Egun jakin batean edo egunero jaten da?
Normalean, familia elkartzen denean egiten dugu: festetan, ezkontzetan...
Igandean beste arrozen bat dastatu duzu?
Bai, probatzeko gogoa neukan.
Georgina De los Angeles Pastrana Cabrera
Ocotal Nueva Segovia, Nikaragua
Altsasuarra noiztik?
Duela sei urte.
Zergatik parte hartu duzu Munduko Arrozetan?
Bigarrenez parte hartuko dut. Sekulakoa iruditzen zait, kulturak eta dena partekatzeaz aparte, gainerakoengandik pixka bat gehiago ikasten dugu. Gainera, gure erroak agerian uzten ditugu, eta nondik gatozen eta nora goazen jakitea asko gustatzen zait.
Zer prestatu duzu?
Ohiko jaki bat, gallo pintoa. Arroza eta babarrunak dituen platera da. Babarrunak baratxuri, tipula eta piperrarekin ur askotan egosi. Kontserbatu. Bestalde, arroza piperra eta tipularekin egosten dut. Arroza egiten denean biak nahasten ditut eta arrozak babarrunen kolorea hartzen du. Zaporea izugarria da, lehorra, oso ona. Oso goxoa izateaz aparte, nire herrialdeko plater oso esklusiboa da. Historiaz aparte, mestizajeak hitz egiteko aukera ematen du.
Egun jakin batean edo egunero jaten da?
Plater bakarra da, edozein momentutan jaten dugu: gosaltzean, bazkaltzean edo afaltzean. Beti prest egoten da.
Igandean beste arrozen bat dastatu duzu?
Ez naiz garaiz iristen. Zerbitzatzen nago eta probatu nahi dudanerako bukatu dira.
Iren Aparaschivei eta Daniel-Ion Aparaschivei
Brasov, Errumania
Altsasuarrak noiztik?
Duela 18 urte.
Zergatik parte hartu duzu Munduko Arrozetan?
Altsasun antolatu diren edizio guztietan parte hartu dugu. Errumania eta hemen, herrian, dagoen jendea pixka bat sustatzeko. Baita jendearekin gehiago sozializatzeko ere.
Zer prestatu duzue?
Arroza basoak ematen dizkigun zizak: onddoak, txanpiñoiak eta beste hainbat.
Egun jakin batean edo egunero jaten da?
Gu inguru menditsu eta baso ugariko toki batekoak gara; ziza asko har daitezke. Han ohiko jakia da. Sasoiko platera da.
Igandean beste arrozen bat dastatu duzu?
Dastaketan ez dugu betarik izaten. Beti ontzi batean denetatik pixka bat gordetzen dugu eta, akaberan, denetik dastatzen dugu.