Gorka Pascua

"Erronka handia izan da; gauzak gaizki doazenean ikasten da gehien"

Maider Betelu Ganboa 2024ko mai. 22a, 12:30

Gorka Pascua, Taxoaren, Osasuna B taldearen lana gidatzen. OSASUNA

Gorka Pascua entrenatzaile altsasuarraren gidaritzapean, Emakumezkoen bigarren RFEF mailako Osasuna B taldeak azken jardunaldian lortu zuen salbazioa

Sakanan emakumezkoen futbola gehien bulkatu dutenetakoen artean dago Gorka Pascua Moreno altsasuarra. Heziketa fisikoko irakaslea, egun Emakumezkoen Bigarren RFEF mailako Osasuna B taldeko entrenatzailea da. Liga oso zailean, taldearen salbazioa lortu du, askok zalantzan jarri zutena. 

Bere garaian Altsasun emakumezkoen futbol taldea sortzeko izugarrizko lana egin zenuen.
Aguraingo nesken taldeko entrenatzaile eta klubeko koordinatzaile izatetik iritsi nintzen Altsasura. Azkenean 2015/2016 denboraldian Altsasu taldea ateratzea lortu genuen, asko kostata, orduko haur eta kadete mailan lehiatu zena. Zorionez, gaur egun hiru talde daude. Aldaketa handia da; plazetan neskak futbolean jokatzen ikusteak asko pozten nau. 

2023/2024ko Emakumezkoen Osasuna B taldeko entrenatzailea zara. Nola sortu zen aukera hori?
Osasunako emakumezkoen atalean berregituraketa handia egon zen joan zen denboraldia bukatuta. Tito Iribarren kirol zuzendari nagusiak kargua utzi zuen, eta bere ordez Mai Garde Osasunako jokalari ohia sartu zen. Garde izan zen nirekin harremanetan jarri zena, Osasuna B taldea entrenatzea proposatzeko. Elkartu eta ideiak trukatu ondoren, erronka polita zela pentsatu nuen, eta baiezkoa erantzun nuen. 

Emakumezkoen futbolean zuk egindako lana zuten erreferentziatzat? 
Ez dakit esaten. Altsasu jubenilen liga nazionaleko taldea entrenatzen ari nintzen orduan; bi urtez egon naiz liga garrantzitsu horretan Altsasu zuzentzen. Pentsatzekoa da nire ibilbide guztia hartuko zutela kontuan.

Emakumezkoen bigarren RFEF federazio mailako Osasuna B taldea zuzendu duzu. Taldeak kategoria horri eustea zaila izango zela esaten zen hasieratik.
Gure gainetik lehen RFEF dago, Osasuna A talde nagusiarena, eta haien gainetik Liga F, lehen maila. Niri hasieratik esan zidaten gure helburua mailari eustea zela. Ligako taldeak ikusita super zaila izango zela bagenekien, baina azkenean, lan handia eginda eta jokalariekin egunero alde psikologikoa landuta, lortu dugu.

 

"Hasieratik bagenekien mailari eustea oso zaila izango zela, baina lortu dugu"

Maiatzaren 5eko ligako azkeneko jardunaldian lortu zenuten salbazioa. Bihotzekoa emateko moduko liga izan duzue.
Bai, oso luzea izan da, eta zaila. Azken jardunaldira hamahirugarren postuan iritsi ginen. Ligako hamasei taldeetatik azken hirurak jaisten ziren, eta, beraz, sekulako presioa genuen. Xixongo Sportingen kontra jokatu genuen azken partida, eta irabazi beharra genuen. Azkenean, 3-0 gailendu ginen. Gure atzetik zegoen Athletic-ek ez zuen irabazi, eta gu salbatu ginen. Azkeneko aste horretan jokoak egin genituen, giroa erlaxatzeko, eta ongi atera zen. Jokalariak salbazioa ospatzen ikustea oso polita izan zen. Bazkaria egin genuen, eta oso ongi pasa genuen. Osasuna emakumezkoen presidente Cesar Muniainek eta Osasunako staff eta talde guztiek zoriondu gintuzten. Ligan sufritu dugu, baina salbazioa lortuta, hemendik aurrera hori pasadizo bat izango da.

Denboraldia oso gogorra izan dela ezin daiteke ukatu. 
Oso. Emakumeen futbolak gora egin du nabarmen. Sustatu da, talde asko sortu dira, eta atzetik babesleak daude. Gure mailan, esaterako, talde oso indartsuekin jokatu dugu: Real Madrid B, Real Sociedad B, Athletic C, Athletico de Madrid C, Spanyol B... gehienak harrobiko taldeak, gu bezala, baina baita klubeko talde nagusiak ere, A mailakoak: Sporting de Gijon A, Oviedo A, Interrias A, Balears A, Zaragoza A...  talde oso sendoak. Esperientzia polita izan da guretzat, baina aldi berean gogorra, liga oso gorabeheratsua izan delako. Gaizki hasi ginen; abenduan, 3 edo 6 puntu genituen soilik. Bigarren itzulirako pilak jarri genituen, dinamika aldatu, eta salbazioa lortu dugu. 

Entrenatzaile izatea inoiz ez da erraza, baina halako egoeran, are zailagoa.
Denboraldi potentea izan da, baina halakoetan denetatik ikasten da. Gauzak gaizki doazenean gehiago ikasten duzu. Egunero aritzen zara gauzak zalantzan jartzen, aukerak aztertzen, begiratzen... Nola egingo dut hau, nola bestea. Eta uste dut horregatik gehiago ikasi dugula. Niretako erronka handia izan da, oso polita. Bestalde, futbol instalazio asko ezagutu ditugu, eta jende asko. Niretako harrigarria izan da.

Zer nolako giroa dago Taxoaren? Familia handia zarete, jende askok lan egiten du Osasunan.
Gure taldean ni naiz lehenengo entrenatzailea, eta gero bigarren entrenatzailea, prestatzaile fisikoa, fisioterapeuta, delegatua eta medikua daude. Medikua beste talde batzuekin, partekatzen dugu, baina talde bakoitzak bere staffa du. Beraz, atera kontuak. Giroa polita da. Taxoareren apustua bertako jokalariak ateratzea da. Guk Osasuna C taldekoekin asko entrenatu dugu, eta A taldekoekin dinamikak landu ditugu. Ongi moldatzen gara. 

Datorren denboraldian segiko duzu?
Oraindik ez dugu hitz egin. Gure lana eskertzen badute, Osasunan jarraituko dut, gustura egon naizelako. Aldi berean Altsasuko Korazonistetan heziketa fisikoko irakasle izaten jarraituko dut. 

Entrenatzaile izatea noizbait lanbide izan daitekeela uste duzu?
Orain arte ez dut horretan inoiz pentsatu. Taldeak entrenatzea beti hobbya izan da. Herrian egiten nuen, herriko jendearekin, eta pozik egon naiz. Astebururo noa Dantzalekura, Altsasu taldeak jarraitzera. Zaletasunez egiten dut, baina zerbait iritsiko balitz, pentsatu beharko nuke.