Juniorren mailako tropela Lizarran bildu zen maiatzaren 19an, III. Nafarroa Klasikoa – Jesus Galdeano Memorialean (114,4 km). Lasterketa gogor eta gorabeheratsuan, Iker Gomez Lopez de Goikoetxeak (Quesos Albeniz) sekulako erakustaldia egin zuen. Lezaunen bakarrik egin zuen aurrera eta ihes egindakoak harrapatu eta gero, Eraulen beste eraso bat jo, eta bakarrik iritsi zen helmugara (2:43:28), Jose Miguel De Mourari 6 segundo ateraz. Gomezek, halaber, mendiko txapelketa irabazi zuen.
Iker Gomezen taldekide Ekaitz Perez Barrenetxea 43. sailkatu zen, hirugarren nafarra, 1:50ra; eta Eñaut Oiarbide 66., 6:05era, seigarren nafarra. Iker Begiristainek eta Mikel Viloriak ezin izan zuten proba bukatu.
Pozik zegoen altsasuarra. “Nafarrak gara eta Nafarroako klasikoa irabazi nahi genuen. Egun polita izan da. Oso azkar hasi da lasterketa. Acedo aldetik errepidea nahiko estu zegoenez, aurrean egon gara, baina neutralizatu egin gaituzte. Grozinen erasoaldi bat egon da eta ez naiz ongi sentitu, baina aurrera egin dut, eta Lezaunen ongi ikusi dut neure burua. Orduan erasoa jo dut, eta bakarrik iritsi naiz helmugara. Oso pozik nago” azaldu du, denboraldiko bere seigarren garaipena lortu duen altsasuarrak.