Futbola

Mendigorrian zaplazteko galanta jaso zuen Altsasuk

Guaixe 2024ko mai. 21a, 10:30

Gizonezkoen Preferente mailako azken aurreko jardunaldian talde altsasuarrak ez zuen punturik bildu eta sailkapeneko gune gorrian sartu da

Preferente mailako 33. eta ligako azken aurreko jardunaldian Mendigorrian jokatu zuen Altsasuk, Mendi taldearen kontra. Hasieran nor baino nor lehiatu ziren bi taldeak, baina atsedenaldirako 2-0 aurreratu zen Mendi. Altsasu saiatu zen, baina ezin. Gainera, bigarren zatia hasi eta berehala hirugarren gola sartu zuen Mendik, Altsasu nahiko jota utzi zuena. Partida hala bukatuko zela zirudienean, Mendik laugarrena sartu zuen 89. minutuan, eta 4-0 galduta itzuli ziren altsasuarrak etxera. 

Burlades B taldea da Preferente mailako liderra (64 puntu), Antsoaingo Gazte Berriak taldea 3 puntura duela. Altsasu hamalaugarren da (40 puntu), eta azken 5 sailkatuen jaitsiera postuetan sartu da. 2023/2024 denboraldia etxean despedituko du Altsasuk. Maiatzaren 25ean, larunbata, 18:00etan, sailkapenean hamazazpigarren den Iruntxiki taldea hartuko du Dantzalekun. Zaleen laguntzarekin, irabaztera behartuta dago Altsasu, arriskutik kanpo ateratzeko.