Klinikan zerbitzu berria asteburu eta jaiegunetan

Guaixe 2024ko mai. 28a, 09:30

Klinikako eguneko zentroko erabiltzaileak. UTZITAKOA

Familia Atsedenerako Zentro berriak adinekoak zaintzen duten familiendako laguntza izan nahi du. Zerbitzu berri horrekin, klinikak adinekoen eta haien familien ongizatearekiko konpromisoa berretsi du, "ingurune seguru eta abegikor batean zaintza eta atseden beharrei erantzuten dien kalitatezko zerbitzu integrala eskainiz".

Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoa zerbitzu berria eskaintzen hasi da: Familia Atsedenerako Zentroa. Klinikak martxan jarritako zerbitzu hori adinekoen zaintzaz arduratzen diren familiei zuzenduta dago. Haiendako laguntza eta lasaitasuna emateko diseinatu dute. Zerbitzu berrian narriadura kognitiboa duten eta ez duten adinekoak hartuko dituzte. Klinikako arduradunek azaldu dutenez, zerbitzua asteburuetan eta jaiegunetan dago eskuragarri, 10:00etatik 18:00etara. Azaldu dutenez, "gune seguru eta abegikor bat eskaintzea du helburu, adinekoek beren errutinekin jarraitu ahal izateko eta zaintzen dituzten pertsonek merezitako atsedena hartzeko". Familia Atsedenerako Zentroan dauden bitartean, erabiltzaileek hainbat zerbitzu izanen dituzte: bazkaria eta berendua; familia medikuek adierazitako jarraibideen arabera sendagaiak hartzea; pertsona bakoitzari egokitutako jarduera ludikoak eta gerontogimnasia egitea.

Helburuak
Zerbitzu berriak "atsedena eta deskonexioa eman nahi die familiei, zaintzaileei atseden hartzeko eta energiak kargatzeko denbora eskainiz". Bestetik, adinekoen "errutinei jarraipena ematen die, eguneko zentroko ohiko erabiltzaileendako eguneroko jarduerak mantenduz. Hori guztia zaintza profesionalizatuen bidez, arreta aditua eta aholkularitza emanez behar duten familiei". Klinikatik gaineratu dutenez, "gizarte-harremanak sustatzen dira eta ingurune seguru bat sortzen da, adinekoek antzeko profilak dituzten pertsonekin sozializatzeko aukera izan dezaten".

Klinikako arduradunek azaldu dutenez, eskaintza berria klinikako Eguneko Zentroaren instalazioetan eskainiko da. Zentro hori guztiz eraberritu eta handitu zuten eta joan zen urteko azaroaren 24an mustu zuten. Solairu bakar batean dago, kaletik zuzenean sartzeko aukera du, baita terapia patioorako irteera ere. Horrek "erabiltzaile guztientzako erosotasuna eta irisgarritasuna bermatzen du. Zentroak espazio zabalak, argitsuak eta erosoak ditu, jarduera-eremu berria, sukalde irekia ekipamendu egokituarekin, bainu irisgarriak, kristalezko eta bisualki irekita dagoen erizaintzako kontrola gela guztietara, isolamendu termikoko sistema eta aerotermia motako sorkuntza, baita domotika ere gela guztietan". Gainera, etxeko giroa eta giro beroa eskaintzen ditu, etxebizitza baten berezko elementuekin, hala nola egongela, sukaldea eta tximinia. Horrez gain, patio terapeutikoa, baratzea eta lorategia ditu, eta ingurune naturala eta lasaigarria eskaintzen du.

Zerbitzuaren berri jaso nahi dutenek 948 563 850 telefono zenbakira hots egin eta gizarte langilearekin hitz egin beharko dute. Bestela, info@josefinaarregui.com edo trabajadorasocial@josefinaarregui.com helbide elektronikoetara idatzi dezakete. Klinikatik gaztigatu dutenez, "garrantzitsua da izena ematea nahi den eguna baino gutxienez hiru lanegun lehenago egitea".