Astekaria

"Mundu honetan lan egitea ez nuke inoiz imajinatuko"

Maider Betelu Ganboa 2024ko mai. 28a, 13:30

Miren Arregui Gorka bere lagunarekin, 2023ko Vueltako Larra-Belagua etapan. UTZITAKOA

Itzulian, Vueltan, Nafarroako Itzulian eta M2 Eventos publizitate eta marketing enpresak lan egiten duen ekitaldietan diseinatzaile grafikoa da Miren Arregui Olivenza altsasuarra.

Lana "polita da, eta beti ezberdina".

1. M2 Eventos publizitate eta marketing enpresako diseinatzaile grafikoa zara. Noiztik?
Nire irakasle izandako batek deitu zidan, Iruñeko enpresa batek langile bat behar zuela aipatzeko. “Zure perfila da, guztiz: diseinu grafikoa. Uste dut gustuko izango duzula” esan zidan. Berehala M2 Eventoseko kudeatzaileak deitu zidan, eta elkarrizketa arratsalde horretan bertan egin zidaten, enpresak AIN-en (Asociación de la Industria Navarra) antolatutako ekitaldi batean. Oso bitxia izan zen.

2. Zer nolako ekitaldiak lantzen ditu M2 Eventos-ek?
Gehienbat kirol ekitaldiak dira, baina baita bestelakoak ere: enpresek antolatzen dituzten ekitaldiak, “markaren ezarpena”, hau da, komertzio edo enpresa baten espazioa diseinatzea edo errotulatzea bere marka edo komertzioan sartuko duten beste marka bat ardatz hartuta, errotulazioak... denetarik. Bi urte daramatzat lanean, eta denbora gutxian enpresa asko hazi da.

3. Itzuliko Sakanako bi etapatan lanean zeunden. Zein izan zen, zehazki, zure lana?
Itzuliaren kasuan, azpiegitura guztia diseinatzea. Helmugako metalezko dorreak, podiuma, hesiak, ikusten zen errotulazio guztia diseinatu, eta azpiegitura osoa prestatu. Praktikoki azalduz: helmugako arduraduna Kerman da, eta irteerakoa Marino. Itzuliko Oceta elkarteak irteerak eta helmugak zeintzuk izango diren zehazten duenean, puntu horietako planoak egiten dituzte, podiuma, helmugako dorreak, vip guneak... guztia non kokatuko den erabakitzeko. Bulegora datoz, eta esaten didate: "Miren, Altsasuko eta Etxarriko plano hauek egin behar dituzu". Eta hortik kalkulatzen dut egin beharreko diseinu lan guztia: hesiak, kartelak, roll up-ak, irteerako alfonbrak, photocall-etako fondoak, dorreak, kamioien errotulazioa...

4. Roll up, kartel, viniloen eta bestelakoen inpresioa zuek egiten duzue?
Bai, enpresan beharrezko makineria guztia dugu beharrezko errotulazioak inprimatzeko. Bezeroaren eskarien arabera, egiten dugun lana ezberdina da. Adibidez, emakumezkoen Burgosko Vueltara komunikabideetarako kamioia eraman genuen bakarrik. Burgosko kartela eskatu nuen, babesleen logoekin batera, eta kamioiaren errotulazioa karteleko diseinuaren ildoari jarraiki diseinatu nuen, guztiak konkordantzia izan zezan.

5. Lan dinamikoa dirudi. Kontentu al zaude?
Lan polita da, eta oso kontentu nago. Ez nuke inoiz pentsatuko mundu honetan lan egingo nuenik, eta hara! Hasieran txirrindula batek bi gurpil zituela, ezer gutxi gehiago nekien, eta orain txirrindularitza jarraitzen dut. Aditua naizela esaten dut txantxetan. Telebistan Vuelta jarri, eta helmugan lankideak ikusten ditut. Kuriosoa da.

6. Egin duzuen lan garrantzitsuena zein izan da?
Duen tamainagatik, Vuelta. Iaz Tourrean lan egin genuen: Bilboko vip guneko azpiegitura prestatu genuen, eta bi kamioi eraman genituen. Gure kamioiak gorriak dira, baina egun horretarako horiz jantzi genituen: errotulazio integrala egin genuen.

7. Vueltak lan handia izango du.
Izugarria. Irteera eta helmuga bakoitzerako beharrezkoak diren diseinu lanez gain, azpiegitura guztia muntatu eta desmuntatu egiten dugu Vueltak irauten duen 21 etapetan. Gure enpresak zerbitzu integrala eskaintzen du: diseinatu, inpresio departamentuan lanak inprimatu, errotulazio lanak egin, eta ekitaldiek beharrezkoa duten elementu guztien muntaketa lana. 21 egunez muntai lan hori egitea, sekulako paliza da, txapela kentzeko modukoa. Iaz Larra-Belagua etapan egon nintzen, eta ikusgarria izan zen.

8. Itzuliko muntaketa ere itzela izan zen.
Bai, kamioiak Altsasura heldu zirenean muntaketa prozesua ikustea txundigarria izan zen.

9. Estres handiko lana al da zurea?
Epeekin zorrotzak izan beharra dugu, baina azkenean erritmo horretan lan egitera ohitzen zara. Ez da zure lana bakarrik; bezeroak babesleen logoak ez badizkizu bidaltzen, ezin duzu diseinua inprimatu. Jende asko dago tartean. Gustatzen zaidana da beti lan ezberdina dela.

10. Bestelako kiroletan lan egiten duzue?
Bai, Sadarreko barrak eta aldagelak errotulatu ditugu, Las Murallas atletismo lasterketa... Bestalde, Nafarroako Itzulia, Navarra Women´s Elite Classic, Indurain eta Las Murallas gure ekitaldiak dira, M2 Eventos enpresarenak. Gure probetan zerotik diseinatzen dut, eta urtero zerbait aldatzea gustuko dut.

11. Lanaz aparte, diseinu propioak egiteko tartea hartzen duzu?
Ahizpak Antsoaingo Harrobi gaztelekuan lan egiten du, eta kartelak diseinatzen dizkiot (kar-kar). Bestalde, argazkilaritza gustuko dut, eta primerako tokian nago argazkilaritzaz gozatzen jarraitzeko.