Futbola

Altsasu Preferente mailatik jaitsi da

Guaixe 2024ko mai. 27a, 10:15

Altsasu Preferentea, aurkezpen egunean.

Talde altsasuarrak garaipen garratzarekin despeditu du denboraldia, arerio zuzenek ere irabazi dutelako. Salbaziotik 2 puntura geratu da

Altsasuk Preferente mailako 34. eta azken jardunaldian Iruntxiki taldea hartu zuen Dantzalekun. Preferente mailari eustea zuen jokoan talde gorritxoak, eta, horretarako, irabazteaz gain, arerio zuzenen emaitzen zain geratzen zen Altsasu. 

2 punturengatik
Partida berehala bideratu zuen Altsasuk. Imanol Lobok eta Gorka Rubiok 2-0 aurreratu zuten Altsasu lehen zatian, eta bigarren zatian gol festak jarraitu zuen, atzera ere Gorka Rubiok eta Julen Floresek sartutako golekin. Azkenean, etxean 4-1 irabazita despeditu zuen denboraldia Altsasuk, baina garaipen garratza izan zen, arerio zuzenen emaitzek ez baitzioten mesederik egin eta hamalaugarren sailkatu delako Altsasu (43 puntu), hamahirugarren salbazio postutik 2 puntu eskasera. 

Penatuta
Pena handia da Altsasun. 2021/2022 urtean lortu zuen Altsasuk Preferentera igotzea, 30 urte erregionalean jokatu eta gero. Pozak gutxi iraun du, bi denboraldi bakarrik, 2024/2025 denboraldian Altsasuk erregionalean jokatuko duelako. Etxarri Aranatzek igoera fasean lortzen duenaren  baitan, momentuz Lakuntzako Lagun Artea taldea izango du bidaide. 

Burlades B ligako txapelduna mailaz igoko da, Ilunberri bigarrenak eta Gazte Berriak hirugarrenak igoera fasea jokatuko dute, eta Altsasu, Lezkairu, Infanzones, Iruntxiki eta Aurrera erregional mailara jaitsiko dira.