Itziar Nazabal artista altsasuarrak arte plastikoko tailerra ireki zuenetik hogei pasa dira, eta urtero bezala ikasturte amaieran ikasleek egindako lanen erakusketa antolatu du Iortia kultur gunearen erakusketa aretoan, maiatzaren 30era arte. Altsasuko tailerrean Sakanako osoko ikasleak daude, eta Agurainen ere klaseak ematen ditu.
Urteurrenaren erakusketa izan ez ezik, aurtengo erakusketa Nazabalendako berezia da tailerrarekin hasi zenetik bere lehen ikasleetako bat izandako Maria Jesus Goñiren lan bat erakusgai dagoelako ere. "Nirekin jarraitu zuen bere azken momentura arte. Bere koadro bat eta argazki bat jarri nahi izan dut. Bere azken lana sinatu behar izan nion". Nazabalendako "oso garrantzitsua" da artelan hori erakusketan egotea: "Emakume oso maitagarria zen; irekia, artearekiko,euskara... Miresgarria".