Emakumezkoen Master Cup-ek antolatzen duen Nafarroako Foru Komunitateko emakumezkoen esku-huskako IV. Torneoan azken txartelak banatu ziren.
Altsasun maiatzaren 25ean jokatu ziren finalerdien barruan, lehenik eta behin promesen mailako pilota mistoko finalerdietan June Urrutikoetxeak eta Amaia Zarrabeitiak finalerako txartela lortu zuten, Olatz Insaustiri eta Irati Betegiri 11 eta 18 irabazita.
Elite mailako pilota mistoko finalerdian azken orduko aldaketak egon ziren. Ibarrolak ezin izan zuen jokatu, bezperan ukalondoan kolpe handia jaso ondoren. Arraiza izan zen bere ordezkoa eta bikain ordezkatu zuen; Gaminderekin bikotea osatuta, 22 eta 13 hartu zituzten mendean Etxegarai eta Aldai. Gamindek egungo atzelaririk onena dela berretsi zuen. Amaia Aldaik ahal izan zuena eutsi zion, baina Etxegaraik ez zuen bere egunik onena izan.
Finalak
Horrela, ekainaren 9an 11:30etik aurrera Labriten jokatuko diren final handietan, gazteen mailan Onintza Galdosek eta Naia Zelaiak Alize Sagardui eta Uxue Gomez izango dituzte arerio; promesetan June Urrutikoetxea eta Amaia Zarrabeitia Lide Muruaren eta Amaia Arrastiaren kontra lehiatuko dira; eta, azkenik, eliteetan, Garaik eta Erasunek Arraiza eta Gaminde izango dituzte aurkari. Jaialdia zuzenean eskainiko du Navarra Television kateak.