EH Bilduk ekitaldi politikoa egin zuen Altsasun atzo. Pernando Barrena Arzak Europako hauteskundeetarako zerrendaburuak eta Laura Aznal Sagasti Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak hartu zuten hitza. Barrenak esan zuenez, “defendatzen ditugun balioak eta printzipioak eguneroko jardunean erabiltzen ditugu, ez ditugu bakarrik aldarrikatzen. Egiten duguna esaten dugulako eta esaten duguna egiten dugulako”. Hautagaiak gaineratu zuenez, “EH Bilduk dioenean Europan ere politika austeriziden kontra egingo dugula, guk beti betetzen dugu emandako hitzarekin. Guk bai. Eta esan dezakegu ez dugula inola ere bulkatuko, aldeko botoa emango alegia, austerizidioaren erregina den Von der Leyen anderea Europako Batzordeko lehendakaritzarako. Guk behintzat esan dezakegu hala egingo dugula. Beste batzuek duela 5 urte onartu zuten. Gaur Meloni ultraeskuindar egilearekin ‘kolaboratu’ nahi duela dioen bera”.
Aznalek nabarmendu zuenez, EH Bildu “batzen duen ezkerra gara. Ezker erabilgarria eta eraginkorra, politika modu desberdinean egiten duena, modu ez konbentzionalean”. Koalizioaren ezaugarriak zerrendatu zituen Aznalek: “ezker independentista bat, eskubideak eta askatasunak defendatzen dituena emakumezkoen, estaturik gabeko nazioen eta gurea bezalako kulturen kontrako politikak babesten dituztenen aurrean”. Foru parlamentariak gaineratu zuenez, “eskuin muturra gelditzen duen ezkerra gara. Ez dute ezkutatzen nortzuk diren, ezta zer nahi duten eta zer defendatzen duten ere. Haiek ez dute zalantzarik, eta haiek bai, garagarrilaren 9an joango dira bozkatzera. Orain Euskal Herria mobilizatu behar da. Guk ez badugu bozkatzen, beraiek bozkatuko dutelako”.