Altsasuk III. Emakumezkoen eta Gizonezkoen Berdintasunerako Plana onartu du

Guaixe 2024ko mai. 30a, 13:17

Berdintasun plana egiteko emakume migratzaileekin egindako lansaioa. UTZITAKOA

Planak lau urteko indarraldia izanen du, 2024tik 2027ra bitartekoa, eta bost esku hartze arlo izanen ditu.

Altsasuko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana onartu du Altsasuko Udalak maiatzaren 29ko bilkuran. Aizaga Zeberio Petriati berdintasun teknikariak azaldu duenez, “planaren helburu nagusia da gizarte berdinzaleago baten alde pausoak egitea, genero desberdintasunak gutxituz eta altsasuarren eta, bereziki, emakumeen bizi baldintzak hobetuz”. Onartu berri den planak bat egiten du nazioarteko, Europako, espainiar Estatuko eta Nafarroako lege, itun edo hitzarmen azpimarragarrienek zehazten dituzten printzipio, definizio kontzeptual nahiz jardute printzipioak. Gainera, berau garatzeko bermeak eta printzipioak zehazten ditu. 

Plana 2024tik 2027ra egonen da indarrean. Bere baitan bost esku hartze arlo daude: tokiko gobernantza eta genero-zeharlerrotasuna; indarkeria matxistarik gabeko herria; zaintzak eta bizitzak politika publikoen erdigunean; emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze soziopolitikoa eta herri berdinzalea. Teknikariak azaldu duenez, “esku hartze arlo horietako bakoitzak bere programa, helburu, neurriak eta epeak jasotzen ditu. Eta interesa duen ororentzako Plana eskuragarri egonen da altsasu.eus webgunean”. Zeberiok esna duenez, “udal osoaren ardura izanen da Planean zehaztutako neurriak garatzea. Beraz, datozen urteei begira erronka polita dugu eskuartean, eta denon eskutik lan eginen dugu Altsasu berdinzaleagoa izan dadin!” 

Ibilbidea 
Altsasuko Udalak hamabost urte baino gehiago darama emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko politikak planifikatzen. Dagoeneko bi plangintza landu, onartu eta garatu ditu: 2008-2011 artekoa eta 2016-2019 artekoa. Azken horren indarraldia 2019an bukatzen bazen ere, jasotako neurri batzuk oraindik garatzeke zeudenez eta beste batzuen garapena sendotu beharra zegoenez, Altsasuko Udalak haren indarraldia 2023ra arte luzatzea erabaki zuen 2019ko lastailaren 30ean.

2022. urtean II. Jarduera Plana ebaluatzeko parte hartze prozesua abiatu zuen Udalak, orain arte egindako lanaren balantzea egin eta egungo erronkak identifikatzeko. Ebaluazio horretan oinarrituta, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Altsasuko Udalaren Ordenantzan jasotakoa aintzat hartuta, Altsasuko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Plana diseinatu du. 
 
Behin Berdintasun Arloak Planaren lehen proposamena landuta, berau udal-ordezkariekin nahiz herritarrekin kontrastatzeko parte-hartze prozesua garatu du 2023ko lastailetik 2024ko otsailera bitarte. Guztira 6 lansaio egin dituzte udal teknikariekin, kanpoko teknikariekin, mugimendu feministarekin, migratutako emakumezkoekin, herritarrekin eta ordezkari politikoekin. Prozesuan, denera, 41 lagunek hartu dute parte, 34 emakumezkok eta 7 gizonezkok.