2023/2024 saskibaloi denboraldia bukatzear dago. Soilik kategoria txikiko partida gutxi batzuk geratzen dira, baina Altsasuko CBASK taldeko talde nagusiek euren jarduna bukatu dute. Balantzea egiteko garaia da, eta norekin hobeki Iosu Mendiola Marañon CBASK-eko koordinatzaile berriarekin baino.
Maila Interautonomikoan, zain
Talde nafarrak eta errioxarrak dituen Gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoan lehiatu den CBASK Narum Fisioterapia hamabigarren sailkatu da ligan. Denboraldi gorabeheratsua izan da, "denboraldi zaila. Joan zen urtean jende dezentek utzi zuen taldea. Urte pare bat gabiltza joera horrekin. Horren aurrean, aurten bi talderen fusioa egin genuen, helduen taldearena eta senior mailako taldearena. Taldearen maila pixka bat jaistea normala zen, jakitun ginen, eta, alde horretatik denboraldia zaila izan da" azaldu du Iosu Mendiola CBASK-eko koordinatzaileak. Hamabigarren izan dira, jaitsiera postuetan. "Helburua Maila Interautonomikoa mantentzea zen, baina horrela suertatu da, eta postu gorrietan gaude. Orain hor gabiltza, ea kategoria mantendu dezakegun, denboraldi bukaeran bulego erabakiak egoten direlako tartean. Erabaki horien esperoan gaude" .
Aurki datorren denboraldia zehazteko lanetan hasiko dira saskibaloi klubak. Nahiz eta zenbait taldek maila igoera lortu, klubek kategoria berriei ekiteko prest dauden baloratu eta erabaki beharko dute, ekonomikoki eta duten ahalmenari begira. "Kirol irizpideei begira jaistea dagokigu, baina gainontzeko taldeek zer egiten duten, horren zain gaude. Estu dago kontua, baina ikusi beharko dugu ea norbaitek beheko mailatik igo nahi duen, Errioxatik taldeak igotzen diren ala ez... hor dago koxka, eta hor izan dezakegu aukera". Ekaina aldera jakingo dute. Jaitsiz gero, datorren denboraldian Lehen Maila Autonomikoan jokatuko luke CBASK Narum Fisioterapia taldeak, soilik talde nafarrekin, duela hiruzpalau urte jokatu zuen mailan, hain zuzen ere.
Lehen Seniorrek eutsi diote
Emakumezkoen Lehen Senior mailako CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldea hamargarren sailkatu da, eta maila mantentzea lortu du. Joan zen denboraldian senior taldea sortu zenean bezala, Iosu Mendiolak entrenatu du taldea. "Aurreko denboraldiaren antzerakoa izan da hau. Joan zen urtea taldearen lehenengo urtea izan zen. Aurten, egia da zailtasun gehiago izan ditugula. Ikasle dezente ditugu taldean, horrek dakarrenarekin. Pare batek joan zen urtean taldea utzi zuen; beste hiru jokalari kanpoan ikasten hasi ziren, eta astegunetan ezin izan dute taldearekin entrenatu; ostiraletan etortzen ziren, ahal izanez gero, edo zuzenean partidetara joaten ziren. Bestalde, lehenengo sei hilabetekoan bi jokalari Erasmusen izan genituen, eta soilik bigarren zatia jokatu ahal izan dute. Beraz, zailtasun horiek izan ditugu. Baina emaitza joan zen urtekoaren antzekoa izan da, mailari eutsi diogu, eta aurrera".
Iosu Mendiola: "Kategoria nagusiko taldeak mantentzea da zailtasun nagusia"
Zailtasun hauei eta bestelakoei erreparatuta, Nafarroako Saskibaloi Federazioan CBASK talderik xumeena izan daitekeela esatea ez da okerra. "Azkenean Iruñean taldeek beti dute aukera gehiago jokalariak eta entrenatzaileak lortzeko. Ikasle gehienek Iruñean ikasiko dute, beti izango dute jendea. CBASK-en, jokalari batzuek Arrasaten ikasten dute, beste batzuek Donostian, Burgosen... Entrenatzeko ahal duguna egiten dugu. Betiko kontua da, kategoria nagusietako taldeak atera ditugu, eta orain haiek mantentzea da zailtasun nagusia; baina bi taldeak datorren denboraldian martxan egongo direla, hori argi dugu".
Entrenatzaileen bila
Hain zuzen ere, datorren denboraldirako entrenatzaileen faltan dago CBASK. "Lerro hauek aprobetxatzen ditut deialdia egiteko. Norbaitek saskibaloi talderen bat entrenatu nahi badu, jarri dadila gurekin harremanetan. Inoiz ez gabiltza jendez sobera" animatu du Iosu Mendiolak. Berak aurten bi talde entrenatu ditu, emakumezkoen Lehen Senior Maila eta txikienen maila. "Printzipioz datorren denboraldian nesken taldeko entrenatzaile izateari utziko diot, klubaren planifikazio eta koordinazio lanak, txikien entrenamenduek eta nire lanak ez didalako gehiagorako ematen. Baina hor ibiliko gara, ahal guztia laguntzen. Jokalariak gogotsu daude, eta entrenatzaileak, hori da faltan dugun bakarra. Lortuko dugu".
Iosu Mendiola: "Aurten 10 talde izan ditugu, eta datorrenean 11 izango dira"
Harrobiarekin, pozik
CBASK-eko gainontzeko taldeek ez dituzte talde nagusiek dituzten arazoak. Harrobia indartsu dator. 2023/2024 denboraldian, CBASK-en 33. denboraldian, guztira 10 talde aurkeztu zituen klubak, 144 jokalari guztira. "Alde horretatik kontentu gaude. Koordinatzaile gisa klubaren martxarekin oso pozik nago. Hurrengo denboraldiari begira, eta aurreikuspenak ikusita, talde bat gehiago aterako dugu. Beraz, oso gustura". Denboraldi polita egin dute kategoria txikiko taldeek.
Belaunaldi aldaketa
Aurten belaunaldi aldaketa egon da CBASK-en. Azkeneko urteetako koordinatzaile Enrique Vilasek ardurak utzi, eta Iosu Mendiolak hartu zuen bere lekukoa. CBASK-eko taldeen aurkezpenean omenaldi beroa jaso zuen Vilasek, eta kluba "esku onetan" uzten zuelako, "lasaitasuna eta poza" aitortu zuen Vilasek. Mendiolak gustura ekin zion erronkari. "Guztiaren erdian egon beharra duzu, dena kontrolatzen saiatu, eta zaila da, gauza batzuk eskapatzen direlako, normala den bezala. Entrenatzaile gazteak laguntzen saiatzen naiz, jendea animatzen... eta ongi gabiltza. Gurasoekin, klubarekin, udalarekin... gertutasuneko tratua izaten saiatzen naiz, eta gustura. Eta nerabeekin ongi pasa dut. Finean, ez dut zailtasun handirik izan; beti daude konplikazioak, baino gustura".
Udako campusa
CBASK taldeak udako saskibaloi campusa antolatu du, bigarren urtez. Campusa uztailaren 29tik abuztuaren 2ra bitartean eskainiko da Altsasuko Zelandi kiroldegian, eta 2010 eta 2016 urte bitartean jaiotako neska-mutilei dago zuzendua. Saskibaloian murgiltzeaz gain, igerilekuak eskura izango dituzte animatzen direnek, eta jarduera ugari. Opariak ere iragarri dituzte. Izena ematea zabalik dago: 626 554 346 (Whatsappez). Joan zen urtean gehienbat klubeko jendeak parte hartu zuen, baina baita klubetik kanpoko jendeak ere. "Iaz klubeko jendea etorri zen nagusiki, baina batzuen anai-arrebak ere animatu ziren. Gustura ibili ziren, eta haiengatik antolatu dugu aurtengo edizioa. Baina beste helburu bat ere badugu campusarekin: klubetik kanpoko jendea erakartzea. Badago jendea ikasturtean saskibaloian ezin duena aritu, bestelako ekintzak dituelako. Udan probatzeko aukera eskaini nahi diegu; agian gustuko dute, eta datorren urtean saskibaloia hautatzen dute" espero du Mendiolak.
Joan zen urteko campusa "oso esperientzia positiboa" izan zen. "Ondo atera zen, eta horregatik erabaki dugu errepikatzea". Iosu Mendiola eta Endika Mendinueta izan ziren monitoreak, eta aurten agian beste pertsonaren bat beharko dute, izena emate kopuruaren arabera.
3x3 Txapelketak
Berriki, Lehen Hezkuntzako bigarren eta seigarren bitarteko ikasleendako 3x3 saskibaloi txapelketaren bigarren edizioa antolatu zuten CBASK-ek eta Zelandiko gurasoen elkarteak. "Urtero denboraldi amaierako festatxoa egiten genuen, eta joan zen urtean, lehenengoz, Zelandi ikastetxearekin elkarlanean 3x3 Txapelketa egin genuen. Jende dezente etorri zen, eta esperientzia polita izan zen. Aurten ere berdina egitea erabaki genuen".
Beste klasiko bat 3x3 Street Basket da. Oraindik ez dute data zehaztu, baina txapelketa antolatzeko asmoa dute. "Uda amaiera aldean izaten da, Altsasuko festen aurretik. Joan zen urtean soilik mutilena jokatu zen, nesken txapelketa ez zen atera, soilik hiru talde aurkeztu zirelako. Ea aurten neska gehiago animatzen diren" Uda borobila izateko, Interautonomikoek maila mantentzea da falta dena. Ea hala den.