Ekainaren 9an, igandea, 9:00etan abiatuko da 27. Altsasu BTT Zeharkaldia, Barranka Txirrindulari Taldeak antolatutako proba ez lehiakorra, bikerrek euren egutegian urte hasieratik gordeta izaten duten data. Jose Antonio Imaz Primek hartu du probaren ardura eta koordinazioa, Julian Claver taldekideari lekukoa hartuta.
Altsasu BTT Zeharkaldiaren ardura aurten hartu duzu.
Azken urteetan Julian Claver taldekide eta Barranka Txirrindulari Taldeko presidentea zen probaren arduradun nagusia eta koordinatzailea, baina joan zen urtean ardura hori utzi nahi zuela esan zuen, probaren beste lanetan jarraitzeko. Nik hartu nuen bere tokia, baina, egia esan, talde lana egiten dugu, lehen egiten genuenaren bidetik. Ni orain arduraduna naiz, Felipe Troyano bide-segurtasuneko arduraduna da, eta Julian Claverrek ere lanean jarraitzen du, agian guk baino gehiago (kar-kar).
Aurtengoa 27. edizioa da. Nola doa izena ematea?
Oso ongi, jende asko animatu da, baina oraindik ekainaren 6ra arte eman daiteke izena Barranka taldeko webgunean. 700 txirrindulariren muga dugu. Izena ematen dutenek kamiseta jasotzen dute opari eta kamiseta hautatzeko aukera hori jada bukatu da, baina hemendik aurrera izena ematen dutenek ere txirrindulari-poltsa (Katealde patea, Arbizu txistorra, Lacturale esnea eta Alea olo-malutak) eta bestelakoak jasoko dituzte.
Urtero ibilbidean aldaketa egiten duzue. Zein da aurtengo berrikuntza nagusia?
Bernoako galtzadara igo eta jaistearen kontuari buelta batzuk eman dizkiogu. Jendeak oso gustuko du, baina orain arte Bernoako aukera hori ibilbidearen bukaera aldean egiten genuen, eta jende asko nahiko nekatuta iristen zenez, egiteko gogoz geratzen zen. Horregatik, aurten lehenago sartu dugu Bernoara igotzeko aukera, proba hasi eta 20. kilometroaren inguruan, txirrindulariak oraindik fresko daudenean.
"Bernoako galtzadako igoera lehenago sartu dugu, bikerrak fresko heltzeko"
Altsasutik abiatuta, Urdiaindik barna Etxarriraino helduko zarete, handik Haritzen Ibilbide zoragarrian sartzeko.
Bai, pista azkarrak hartuta joango gara Etxarri Aranatzera, Urdiain, Iturmendi eta Bakaikuko behe aldetik. Etxarrin ez gara herri gunera sartuko. Igerilekuetako bidea hartuko dugu, eta Haritzen Ibilbidean sartu. Ibilbide erdiraino iritsiko gara, han buelta hartu eta haritz zoragarri horien artean jaitsiko gara. Etxarri eta Bakaiku arteko galtzada hartuta, Bernoako galtzadaren azpira iritsiko gara.
Puntu horretan tropela banatuko da. Ibilbide luzekoak Bernoako galtzadara igo eta jaitsiko dira, eta ertainekoak aurrera segiko dute, Urdiaingo igerilekuetarantz.
Hala da. Altsasu BTT Zeharkaldian izena ematen duten gehienek ibilbide luzean ematen dute izena (55 km, 1.180 m desnibela), baina momentuan hartzen dute ibilbide osoa edo tartekoa (43 km, 630 m desnibela) egiteko erabakia. Tartekoan bi igoera gogorrenak kentzen dira, kasu honetan Bernoako igoera, eta Olaztiko Auntzetxeko igoera.
Hornidura gune nagusia Urdiaingo Auntzetxen egongo da, igerilekuen ondoan.
Bai, bertan indarrak berreskuratu ondoren, inguruetako hariztietan barna ibiliko gara; San Pedro ermita paretik pasako gara, eta baita Dantzalekutik eta Usolarraindik ere. Handik buelta ederra egingo dugu Sorozarretara heltzeko, eta ondoren zubi zintzilikaritik Oroberantz doan bidea hartuko dugu, Ameztiako gainera iristeko. Hor dago ibilbidearen bigarren alternatiba, Olaztiko Auntzetxera igotzen dena. Ziur jende askok ez duela igoko.
Olaztiko Auntzetxeko igoera hori gogorra al da?
Pista bat igotzen da, eta igoera nahiko potentea da, aurretik kilometro nahikotxo egin baitira. Jaitsiera pixka bat teknikoa da, zig-zagean egin beharrekoa. Jende askok ez du egingo. Ibilbidea Ameztiara itzultzen da, eta hortik helmugara, Iortia plazara.
"Olaztiko Auntzetxeko igoera nahiko potentea da, eta jaitsiera pixka bat teknikoa, zig-zagean"
Aurtengo berrikuntza da irteera eta helmuga Iortia plazan egongo direla, Foru plazan izan beharrean.
Iaz Iortia plazako lanak ez zeuden guztiz bukatuta 26. Zeharkaldia egin genuenean eta, beti bezala, Foru plazan antolatu genuen proba. Baina aurten ekainaren 9an Europako hauteskundeak dira, eta Gure Etxea ezingo dugu erabili. Hortaz, Iortia plazan egongo gara, eta eguraldi txarra egiten badu, frontoia eta Iortia Kultur Gunea ditugu eskura. Gune zabala da, eta uste dugu toki egokia izango dela.
Biker asko Sakanako paisaia zoragarriak erakarrita etortzen dira Altsasu BTT Zeharkaldira.
Bai, hori esaten digute. Zeinen polita dago orain Sakana. Eguzkia ateratzerakoan, berde kolore ia fluor hori ikustea zoragarria da. Zeinen paisaia ederra dugun, hori errepikatzen digute beti. Espero dezagun eguraldiak laguntzea eta ibilbidea baldintza onetan egotea.
Zenbat pertsona egongo zarete lanean Altsasu BTT Zeharkaldian?
Probaren egunean 65 boluntario inguru ariko gara. Bidegurutzeetarako soilik 48 pertsona behar ditugu. Ibilbidean barna jendea egotea gustatzen zaigu, edozer gerta ere, parte hartzaileak lagunduta daudela sentitzeko.
Zer moduzkoa da Barranka Txirrindularitza Taldearen osasuna?
Ona. Hiru sekzio ditugu: BTT taldea, BTT mistoa eta errepide taldea. Astebururo egiten ditugu irteerak. Klub aktiboa da gurea.