Altsasuko Udalak beste pauso bat eman du emakumezko eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzeko politikak planifikatzerakoan. Hirugarrenez helburu horrekin plangintza landu eta onartu du. Garatzen hasi aurretik plan berriaren nondik norakoak azaldu ditu Amaia Abucide Aylagas zinegotzi arduradunak.
Zer da berdintasun plan bat? Zertarako balio du?
Tresna moduko bat da. Tresna hori emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun politikak sistematizatzeko eta antolatzeko dugun baliabide onenetarikoa da. Bertan lehentasun batzuk ezartzen ditugu eta lehentasun horiek garatzeko behar diren neurriak zehazten dira. Neurri horiek garatzeko arduradunak izendatzen dira eta zein epetan egin behar diren eta abar zehazten dugu. Azken finean, plana gure lana antolatzen eta zehazten duen tresna bat da.
"Plana berdintasun politikak sistematizatzeko eta antolatzeko dugun baliabide onenetarikoa da"
Zein aldi hartzen du planak?
Plan hau 2024tik 2027ra bitartekoa. Lau urteko epea izango du, hori izaten da normalean gomendatzen diguten epea. Beraz, horrela egin du.
Hirugarrena da, aurrekoaren zein balorazio egin duzue?
Bai, bai. Azkenekoaren balorazioa egin genuen. Orokorrean, esan genezake oso balorazio positiboa jaso dugula. Aurreko plana nahiko fokalizatuta izan zen bere baitan, zehazten zituen ekintzetan, eta ia-ia ekintza gehienak egin izan ziren. Horrekin nahiko pozik. Gainera, oso plan errealista eta egingarria izan zen. Balorazio oso positiboa da.
Zertan asmatu zen aurreko planarekin?
Esan bezala plan nahiko fokalizatuta izan zen, batez ere, udal barruko jardunari erreparatu zion. Esate baterako, aipa genitzake: udalak onartutako Berdintasunerako Ordenantza; udal langileen egoera aztertzeko egindako ikerketa egin zen, ondoren barne berdintasun plan bat sortzeko; Sakanako Mankomunitatearen Berdintasun Zerbitzuarekin batera ibarreko lehenengo lurralde protokoloa diseinatu eta garatzea; indarkeria matxistaren bueltan herritarrekin sentsibilizazio kanpainak egin dira eta ikastetxeetan berdintasuna lantzeko programak abiatu dira.
Eta zertan ez zen asmatu?
Egia da gauza asko egin zirela eta horrekin ildo ia-ia guztiak garatu zirela. Baina aipatu genezake emakumezkoen ahalduntzeari buruzko ildoan egiteko geratu zitzaigula emakumezkoen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa sustatzeko programa bat. Baina beste arlo guztietan dezente egin da, bai.
Egiteko hori plan berrian jaso duzue?
Balorazio horretan hainbat kontu identifikatu ditugu, haien artean hori. Plana egiteko prozesuaren baitan bost jarduera ildo adostu eta zehaztu ditugu. Horri Nafarroako Berdintasun Institutuak irizpideak gehituta antolatu dugu III. Berdintasunerako Plan hau.
Bost jarduera ildo aipatu dituzu. Pitteka zein diren aletuko dugu?
Lehenengoa tokiko gobernantza eta genero-zeharlerrotasuna da. Ulertzeko, udal jarduera edo arlo administratiboa hartzen du. Udal ordezkari eta teknikariek jarraituko dugu prestakuntzan sakontzen, udal aurrekontuetan genero ikuspuntua txertatzen, bai dirulaguntzetan txertatu ahal diren klausulekin eta abarrekin sakontzen. Azken batean, udalaren egunerokotasunean genero ikuspuntua txertatzean datza ildo hori.
"Aurreko planak, batez ere, udal barruko jardunari erreparatu zion"
Bigarrena, zein?
Indarkeria matxistarik gabeko herria izena du. Aipatu dudan moduan, Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuarekin batera, lehenengo lurralde protokoloa lantzen jarraituko dugu. Alde batetik, protokoloaren baitan dauden profesional zein zerbitzuen prestakuntzan sakontzen eta jarraitzen, eta haien arteko koordinazioa hobetzen. Azken batean, emakumezkoei arreta hobea eskaintzeko helburua du. Herritarrekin sentsibilizazio kanpainak sustatzen ere ariko gara.
Eta hirugarren ildoa zein da?
Zaintzak eta bizitzak politika publikoen erdigunean. Bertan aurreikusten dugu diagnosia egitea, batez ere jakiteko Altsasun zaintzen inguruko zer-nolako zerbitzuak dauzkagun. Eta, baita ere, zerbitzu horietan dauden langileen egoera zein den jakiteko.
Bostetik laugarrena, zein ildo da?
Emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze soziopolitikoa. Azkenean hori jaso dugu aurreko plan horretatik. Beraz, bai, buru-belarri jarriko gara emakumezkoen ahalduntze indibidual zein kolektiboa sustatzeko programa bat garatzeko.
"Buru-belarri jarriko gara emakumezkoen ahalduntze indibidual zein kolektiboa sustatzeko programa bat garatzeko"
Atzeneko ildoa zein da?
Herri berdinzalea. Bertan kokatzen ditugu, esaterako, ikastetxeekin dauzkagun hezkidetza egitasmoak, horiekin aurrera jarraitzea. Baita ere Altsasuko emakumezkoek egin dituzten ekarpenen aitortza bat. Hori ikertzeko eta lantzeko beka bat eskaintzea aurreikusten dugu lau urteko epe horretan. Bekari forma eman beharko diogu eta ikusiko dugu zer-nolako beka moldatzen dugun herriari hobekien moldatzeko.
Aipatu duzu Nafarroako Berdintasun Institutuak markatzen duela plana.
Nafarroako Berdintasun Institutuak lehen lau ildoak markatzen dituzte batez ere. Baina bosgarren bat sartu nahi genuen, aurreko planetan ere sartu izan dena. Azken batean, agian, barne biltzen ditu kanpoan gelditu ziren gauza batzuk. Beraz, bosgarren ildo horretan behar duten garrantzia eta lekua eman nahi izan diegu.
Horrelako plan bat nola egiten da?
Prozesu luzea baino nahiko konplexua da. Tresna bat den heinean asko hobetsi izan dugu, batez ere herritarrekin eta jendearekin batera egitea. Modu parte hartzaile batean antolatu dugu prozesu guztia: bai aurreko planaren balorazioa bai honetan jaso ditugun ekarpenak eta hausnarketak. Lan saio batzuk egin ditugu. Azken finean, guretako oso garrantzitsua da ekarpen horiek jasotzea, plana herriarendako diseinatua dagoelako, eta herriaren beharrei erantzun behar zaielako.
"Prozesua bera baliatu dugula harreman horiek egiteko, zaintzeko eta sustatzeko"
Zer moduzko parte hartzea izan da?
Uste dut ia 50 pertsona batu garela prozesu honetan. Deialdi irekiak planteatu ditugu, baina, azken batean, badakigu bakoitzak egunerokotasunean zer-nolako zailtasunak dauzkagun deialdi horietara agertzeko. Baina, bai, baliatu ditugula Altsasun bertan dauden talde naturalak edo jada sortuta daudenak. Eta haiei esker, eta bide batez, eskerrak eman ere, batez ere migratutako emakumeei, Altsasuko mugimendu feministari eta herritarrei. Ekarpenak oso baliagarriak izan dira eta haien plana ere izan delako.
Parte hartzea sareak ehuntzeko modua da?
Esan bezala, prozesua bera baliatu dugula harreman horiek egiteko, zaintzeko eta sustatzeko. Azken batean eragile horiekin elkartzeak eta gauzak partekatzean sare bat sortzen du eta Berdintasun Sailarekiko beste harreman bat izatea ekartzen du eta horrekin oso pozik gaude. Plana onartua dago, baina, hala ere, ez da lana edo ez da parte hartzea bukatu. Hemendik aurrera bai jarraipenean, bai ebaluazioan, bai bestelakoetan, haiek kontuan izanen ditugu, edozein momenturako. Haiek kontuan izanen ditugu. Azken finean plan hau tresna bat da, baina tresna bizi bat da, aldaketekin, hobekuntzarekin. Esan bezala, parte hartzea ezinbestekoa da eta horren bitartez garatuko dugu plana.
Klak. 2027ra salto egin dugu Amaia. Planaren zer balorazio egin duzue?
Oso ondo, oso arrakastatsu eta izugarri ongi joan da.
Kronologia
1992-11 Altsasuko Udalak Berdintasun Zerbitzua sortzea erabaki zuen.
1993-01-28 Altsasuko Udalak Emakumeen Bilgunea aurkeztu zuen. Hiru hilabeteko probaldia zen.
2008-04-07 Udalak Emakumezkoen eta gizonezkoen aukera berdintasunerako Altsasuko aurreneko plana onartu zuen, 2008-2011 aldirako.
2012 Aurreko planaren ebaluazioa egin zen.
2016-07-27 Udalak II. Berdintasun Plana onartu zuen.
2019-10-30 Udal bilkurak erabaki zuen planaren indarraldia 2023ra arte luzatzea, planean jasotako hainbat jarduera ez baitziren egin.
2023-02-01 II. Berdintasun Planaren ebaluazioa aurkeztu zen.
2023-10-17 Berdintasun Planaren parte hartze prozesuko aurreneko lan saioa. Beste bost egin ziren ondoren.
2024-05-29 Udalak III. Berdintasunerako Plana onartu zuen.