Gure bidea eginez deitzen da Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako dantza ikasle txikienek maiatzaren 31an egin zuten emanaldia. Euskal dantza tradizionalak eta koreografia berrietan banatuko zen ikuskizuna. Bost taldek parte hartu zuten, Iñaki Agirre irakaslearen esanetan, eta guztira 40 bat dantzari aritu ziren. Sei urte eta 12 edo 13 urte bitarteko haur eta gaztetxoak igo ziren oholtzara, eta 15 eta 16 urteko talde bat ere egon zen, "ekainaren 7an irteera bat dute eta ezin genuen ziurtatu zaharren ikuskizunera helduko ziren". Ekainaren 7an, ostirala, 19:00etan, Etorkizunari so emanaldia eginen dute gazte eta helduen hiru taldek; guztira 40 bat dantzarik. Emanaldi honetan euskal dantza tradizionalen urratsak oinarri hartutako "koreografia berriak" erakutsiko dituzte.
Ikasturte hasieran Agirre euskal dantza tradizionalak erakusten hasten da: "Dantzari Txiki Egunetarako behar dituzte, orduan lehenengo gauza da horiek ikastea; gero denbora izanez gero koreografiak sortzen ditut". Gure bidea eginez ikuskizunean "denetarik" dantzatuko dute dantzariek: Gipuzkoako dantzetan oinarritutako batzuk, Bizkaiko dantzetan ere... "Herrialde bakoitzetik baten bat dago, ez guztietatik baina bai gehienak". Emanaldiaren bigarren zatian euskal dantzetan oinarritutako koreografiak izanen dira ere.
Klaseak ematea "gero eta zailagoa bihurtzen ari dela" aitortu du dantza irakasleak. "Arreta mantentzea izugarri kostatzen zaie; ikastea ikaragarri kostatzen zaie. Ez dakit zer gertatzen ari den, suposatzen dut teknologia berriak eta mugikorrak eta horrelakoak izango direla". Haurrak hain estimulatuta daudenez, "ez dira gai lehen bezala arreta mantentzeko" esan du, "baina tokatzen zaiguna da". Beste erronka bat.
Ikasturte amaierako ikuskizunak urtean zehar dituzten emanaldiekin uztartu behar dituzte dantzariek, besteak beste, Dantzari Txiki Egunak: "Apiriletik aurrera pilatzen zaizkigu gauzak. Apirilean Dantzaren Nazioarteko eguna da eta atera ginen, maiatzaren 19an Dantzari Txiki Eguna ospatu genuen Altsasun eta igandean Etxarri Aranatzen ospatuko dugu ere; 9an Lazkaora goaz eta martxoan Lesakan egon ginen". Horregatik ikasturte hasieratik euskal dantza tradizionalak lantzen ditu klaseak, eta martxoa aldera koreografia berriekin hasten da ikasturte amaierari begira.
Etorkizunari so gazte eta helduen taldeen ikuskizuna izanen da, eta bertan "dantza tradizionalen baten bat badago", baina orokorrean koreografia berriak egiten ditu Agirrek. "Beraiek atseginagoa daukate. Euskal dantzetako urratsetan oinarrituta daude, eta garaikide urratsen bat sartzen dugu ere, puntu berezi edo desberdina sartzeagatik". Musika modernoagoarekin "gehiago engantxatzen" direla esan du irakasleak. "Baina oinarria euskal dantza da".
Altsasuko Musika eta Dantza Eskolako dantza emanaldietarako sarrerak euro batean eros daitezke Iortia kultur guneko webgunean eta txarteldegian.
Dantzari Txiki Eguna
Ekainaren 2an, igandea, Etxarriko Dantzari Txiki Eguna antolatu zuen Etorkizuna dantza taldeak. Aguraingo Jeiki eta Irurtzungo Orritz dantza taldeak gonbidatu zituzten.