Emilio Boulandier Maiza hil da

Guaixe 2024ko eka. 5a, 11:31

Emilio Boulandier Maiza. ARTXIBOA

Bi legegintzalditan Altsasuko alkate izan zen eta Nafarroako parlamentaria ere izan zen, PSOErekin. 

Emilio Boulandier Maiza atzo hil zen, 90 urte zituela. Felisa Herrerarekin ezkonduta zegoen eta seme baten aita zen. 1934ko apirilaren 30ean jaio zen Justa Teodora Maiza Aranbururen eta Ramon Boulandier trenbideetako langilearen semea. Militante sozialista, 25 urtez jardun politiko handia izan zuen. PSOEko zerrendetan Altsasuko alkatea izan zen 1983 eta 1991 urteen artean, eta beste 17 urtez zinegotzia. Garai hartakoak dira Altsasu urbanizatzeko bigarren plana, XX. mendeko 80ko hamarkadako bigarren erdialdean egindako saneamendu-lanak, osasun etxearen eraikuntza eta Zelandi kiroldegiaren eraikuntza 1990ean. Bera alkate zela mustu zen Aita Barandiaran adinduen egoitza 1991n. 

Bestalde, 1979an foru parlamentari aukeratu zuten PSOEren zerrendetan aurkeztuta. Bere Parlamentuko jardunean nabarmentzen da Foru Batzordeko idazkari eta Ogasun eta Lurralde Sustapen eta Lurralde Antolamenduko batzordeetako kide gisa. Eztabaidei dagokienez, 1978ko ekitaldiko Aldundiaren kontuak onartzearen kontra agertu zen. 

1983ko maiatzaren 8ko foru hauteskundeetan, atzera ere, parlamentari aukeratu zuten. Legealdi horretan, Lehendakaritzaren eta Udal Administrazioaren Batzordeko lehendakariordea izan zen, eta honako ardurak ere izan zituen: Kulturaren, Nekazaritzaren, Abeltzaintzaren eta Basoen Batzordeak, Nafarroako Irrati Telebistaren Kontrol Batzordeak (1985) eta Foru Erregimenaren Batzordeak. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren sorreraren aldeko ebazpen positiboa eman zuen Hezkuntza Batzordeko kide izan zen 1987an. 

PSNren bigarren kongresuan, 1982an, Boulandier Herrialde Batzordeko kide izendatu zuten. eta gauza bera gertatu zen 1988an egin zen hirugarren kongresuan ere. Ondoren, 1986 eta 1996 urteen artean, Espainiako Kongresurako eta Senaturako PSOEren hautagaitzetan aurkeztu zen, nahiz eta ez zen aukeratua izan. Udalean eta Nafarroako Parlamentuan zuen postuaz aparte, PSNko Eskualde Batzordeko kide izan zen 1985ean. Gainera, Nafarroako UGT sindikatuaren birsorkuntzan aritu zen. 1978Ko sindikatuaren kongresuan mahaiko lehendakariordea izan zen Boulandier. 

2002an Nafarroako Alderdi Sozialista utzi zuen. Erretiroa hartu ondoren, Altsasuko Jubilatu eta Pentsiodunen Batasuneko presidentea izan zen 2008an. Ardura hori duela hilabete batzuk utzi zuen. 

Gaztetan dantzaria izan zen. Kirol zalea zen, pilota eta futbola zituen gustuko. Nafarroako Futbol Federazioko lehen entrenatzaile promozioko kide izan zen 1971n. 

Erreakzioak
Boulandier hil dela jakin ondoren, Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde Iglesiasek doluminak eta atsekabea helarazi dizkie Foru Parlamentari izan zenaren familiari eta lagunei. Nafarroako Parlamentuak, gainera, Boulandierri esker ona adierazi dio, erakunde horretan Nafarroako herriaren ordezkari gisa eta Altsasuko alkate eta zinegotzi gisa egindako lanagatik.