EH Bildu Orain Errepublikak hautagaitzaren barruan aurkeztu da Europako hauteskundeetara.
Ez zara hauteskunde hautagaia, baina hauteskunde kanpainan parte hartzen ari zara?
Bai, noski. Pernando Barrena da gure zerrendaburua, baina alderdiko kide guztiei dagokigu euskal herritarron ahotsa Europara eramateko lan egitea. Europan gure eguneroko bizitza arautzen duten araudien %70 hartzen dira; beraz, denoi eragiten digu. Garrantzitsua da estaturik gabeko nazioak Europako parlamentuan ordezkatua egotea, horregatik goaz BNG, ERC eta ARA MES alderdiekin Orain Errepublikak koalizioan.
Zein da zure egitekoa?
Ekitaldietan ari naiz parte hartzen, atzo , garagarrilak 6, Pernandorekin batera Tafallan egon ginen. Garrantzitsua da jendeari Europan izango ditugun lehentasunak eta mezua helaraztea.
Hauteskundeetan hautagai izan edo ez, aldaketarik nabari da kanpaina bizitzeko moduan?
Pertsonalki presioa beste bat da, noski, orain nire kasuan lasaiago. Baina ilusio eta indar berdinarekin ari naiz parte hartzen.
Zer mezu ari zarete zabaltzen kanpainan?
Jokoan dagoena da ultraeskuinaren eta aukera neoliberalen gorakadaren aurrean, pertsonak erdigunean jartzen dituzten ezkerreko proposamenak indartzea, bakea eta ez gerrak sustatzen dituztenak, faxismoa geldituko dutenak eta herrien Europa defendatzen dutenak. Ez bagara mugitzen, guk uzten dugun hutsunea beste norbaitek hartuko luke. Eta orain ultraeskuina izan daiteke. Beraz, garrantzitsua da bozkatzera joatea.
Zergatik eman behar dizuete botoa?
Autoritarismoaren eta ultraeskuinaren aurrean euste-horma izan den eta den nazioa gara, eta gauzak aldatu daitezkeela erakutsi dugu, hemen Nafarroan esaterako. Europan egitea dagokigu orain. EH Bildu-Orain Errepublikak da Euskal Herria, herri ikuspegi batetik, Europan ordezkatuta egoteko aukera bakarra.