Ezker Batua SUMAR hautagaitzaren barruan aurkeztu da Europar hauteskundetara.
Ez zara hauteskunde hautagaia, baina hauteskunde kanpainan parte hartzen ari zara?
Bai, Nafarroako Ezker Batuko afiliatua naiz, eta gainontzeko kideak bezala SUMARren (EB kiden koalizioa) kanpainan parte hartzen ari naiz.
Zein da zure egitekoa?
Sakanan SUMARren proiektua eta proposamenak ezagutzera ematea.
Hauteskundeetan hautagai izan edo ez, aldaketarik nabari da kanpaina bizitzeko moduan?
Bai horixe. Hautagaiek lehen pertsonan eta intentsitate handiz bizi dute kanpaina, lurraldea iparraldetik hegoaldera ibiliz. Hautagaiak ez garenok, lasaitasun handiagoarekin eta gure prestutasunaren arabera, ahal dugun guztian laguntza ematen saiatuz; kartelak itsatsi, propaganda banatu, ekitaldietan lagundu... eta, batez ere, gure hurbileko jendeari gure proposamenak azalduz eta ezagutaraziz.
Zer mezu ari zarete zabaltzen kanpainan?
Zabaltzen ari garen mezua da Europako Hauteskundeak oso garrantzitsuak direla, gure lurraldeetan aplikatzen diren lege eta araudien zati handi bat Europan erabakitzen direlako. Murrizketa ekonomikoen eta gerraren egungo Europar Batasunaren aurrean, SUMARrek alternatiba sozial bat defendatzen du Europarendako. Eta ezinbestekoa da Europan SUMARren ordezkariak egotea, herritarren eta langileen eskubideak eta interesak defendatzeko.
Zergatik eman behar dizuete botoa?
Gu ezker politiko, sozial eta sindikalari botoa eskatzen ari gara, politika ausartak eta kementsuak nahi baititugu, bakezaletasunaren, ekologismoaren eta feminismoaren balioetan sustraituak. Guk gure boto emaileei lana, lana eta lana bakarrik agintzen diegu. Konbentzituta gaude SUMARrek Europaren norabidea markatuko duela.