Administrazioaren tutoretzapean edo zaintzapean dauden haur eta nerabeak harreran hartzen dituzten familiak badira Sakanan. Bost harrera mota daude: larrialdiko harrera, aldi baterako harrera, harrera iraunkorra, etengabeko bizikidetzarik gabeko harrera eta espezializatutako harrera. Iñigo Donamari Villava mota horretako harrera programaren gizarte laguntzaiela da. Premia edo egoera bereziak dituzten neska-mutilak daude, eta familia arruntetan harrera egitea bideraezina dela, eta beste harrera mota bat behar dutenak.
Zergatik da hobe familia batean egotea?
Neska-mutil horietako asko harrera zentroetan daude eta hainbat arrazoirengatik ezin dira bere berezko familiekin bizi. Nafarroako Gobernuaren administrazioaren tutoretzapean daude. Legeak dio, babes neurri gisa, beti lehentasuna ematen zaiola haurrak familia batean hazteari. Horrek ez du esan nahi harrera zentroetan gaizki daudenik. Baina zentro horietan, askotan, profesionalek lanez aldatzen dute, beste lanetara joaten dira. Familia testuinguru batean beste pertsona heldu baten pean egotea asko eskertzen dute, beti pertsona berdinak direlako eta horiekin egiten duten lotura positiboa, konfiantza eta harremana mantentzen direlako. Horregatik, posible bada, haur horiek familia testuinguru batean egotea ongi ikusten dugu.
"Posible bada, haur horiek familia testuinguru batean egotea ongi ikusten dugu"
Onurak besterik ez ditu ekartzen.
Ezin dugu ahaztu haur horiek zailtasun asko dituztela, askok kalte emozional handiak dauzkate, haurtzaroan bizitako zailtasunengatik, haien berezko familietan ikusi dituzten egoerarengatik, tratu txarrak jaso dituztelako edo bestelako arduragabekeria edo abandonu motak izan dituztelako. Horregatik, kalte emozional horiek lantzeko eta beren historian zehar izan dituzten zailtasunak ulertzeko eta laguntzeko, familia ingurunean bizitzea egoki jotzen dugu. Betiere haurren zein nerabeen instituzionalizazioa saihestuz, edo ahal bada mugatuz.
Prestakuntza Bereziko Espezializatutako Familia Harrera zertan bereizten da?
Bi baldintza daude: familiako kide batek umeekin gutxienez 2 urteko lan esperientzia izatea eta hezkuntzan, gizarte komunitate edo osasun arlotan ikasketak izatea. Ezagutza handiagoa izan behar dute, arreta handiagoa eskaintzeko. Borondatezko familia harreretan profil zail horiekin batzuetan oso zaila da elkarbizitza on bat mantentzea. Batez ere, haurren emozio kalteak, traumak edo izandako zailtasunak lantzeko, haien ongizatea lortzeko.
Arreta berezia behar duten haurrez ari garenean, zertaz ari gara?
Adinari erreparatuta, 7 eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeendako programa da. Baina ikusten bada 7 urte baino beherako haur bat oso kaltetuta dagoela, programa horretan sar daiteke, haien ongizatea lortzeko. Eta haien jarrera ezaugarriei erreparatuta, jarrera arazo oso sakonak izaten dituzte. Beren berdinekin izandako erlazioak batzuetan oso zailak dira, ez dira guztiz onak, hitz egiteko modua batzuetan ez da oso egokia. Batzuk, nahiz eta haurrak izan, haurtzaroan izandako tratu txar horiengatik, edo trauma horiengatik, buru osasuneko arazoak izan ditzakete, eta horien bidez batzuk ere ezgaitasunen bat. Orokorrean, jarrera arazoak dituzten haurrendako da, eta kalte emozional handiak dituztenendako.
"Nahiz eta berezko familia haurrarekin ezin den bizi, oso garrantzitsutzat jotzen dugu presente egotea eta haurraren ongizaterako mezu egokiak ematea"
Zein da harrera familia horien egitekoa?
Familiak eta lantaldeak (bi gizarte langile eta bi psikologo) batera lan egitea haur horien ongizatea lortzeko. Lehenik eta behin, familiak behaketa sakona egingo du haurrak dituen beharrei erreparatzeko. Esate baterako, funtzioetako bat litzateke txosten bat egitea esku hartze planifikatu batekin. Haurra kontuan hartuta helburu zehatz batzuk jarriko dira, sei hilero berrikusiko direnak, helburuak lortu diren edo ez ikusteko. Beste funtzio bat da beste profesionalekin koordinatzea, esaterako, ikastetxearekin etxeko lanengatik, eskolaz kanpoko jarduerak egiten baditu haien arduradunekin, osasun etxearekin... Denon artean koordinazio lan bat egitea guztiok zer lan egiten ari garen ikusteko, modu berean lan egiteko, eta erantzun berak emateko. Harrera familiaren egitekoen artean daude astean behin eginen diren bilerak. Haietan hitz egingo dugu elkarbizitzaz, sor litezkeen arazoez, eta denon artean erantzun posibleak pentsatu eta irtenbideak bilatuko ditugu.
Bestetik, Nafarroako Gobernuak ezarritako plana bete beharko da. Horren barruan dago haur horiek berezko familia bisitatzea. Beraz, beste funtzio bat izango da berezko familiarekin egituratutako komunikazio bat egitea. Esaterako, hamabost egunean behin, ama edo aitari telefonoz hots egin beharko dio haurrak kontatzeko nola dagoen, baita haien laguntza jasotzeko ere. Nahiz eta berezko familia haurrarekin ezin den bizi, oso garrantzitsutzat jotzen dugu presente egotea eta haurraren ongizaterako mezu egokiak ematea.
Familiak prestakuntza jasoko du?
Bai. Lehenik eta behin, balorazio prozesua egingo da familia egokia den ikusteko. Prestakuntza jasoko dute balorazio prozesuan zehar, eta haurrarekin elkarbizitza dagoen bitartean ere. Kasu zehatza eta haurraren beharrak ikusita, haurrak dituen zailtasunei erreparatuta, prestakuntza zehatza emango da. Esaterako, sexu abusuak izan badituzte, edo erregulazio falta handia eta leherketa sakonak dituztenei nola eutsi edo lasaitzen jakiteko... Beharrak ikusita prestakuntza zehatza emanen da programatik.
"Harrera horiek ez dira errazak izango eta arreta oso sakona eskaini behar da"
Familiek bestelako laguntza jasoko dute?
Bi laguntza mota izango dituzte. Lehenik eta behin, esandakoa, lantalde tekniko bat egongo da etengabeko laguntza emateko. Laguntza hori telefonoz eman daiteke egunero, hots eginez eta dauden beharrak azalduz, esku hartze plana batera elkarrekin pentsatzeko, helburu nagusiak zein diren aztertzeko. Gainera, larrialdietarako telefono bat egongo da. Telefono hori taldeko profesionalek izanen dugu, eta larrialdi arazoak suertatzen badira asteko zazpi egunetan 24 orduz arreta emango dugu. Esaterako, familiari emozio eustea emateko edo denon artean irtenbidea bilatzeko. Harrera horiek ez dira errazak izango eta arreta oso sakona eskaini behar dela ulertzen dugu, harrera horiek ez hausteko eta denon artean aurrera jarraitzeko. Lantalde tekniko bat beraiekin batera beti lanean egongo da.
Ekonomia arloari dagokionez, bi laguntza egongo dira. Bat haurraren mantenu gastuak estaltzeko konpentsazio ekonomiko bat da, Nafarroako Gobernuarena 850 eurokoa da. Bestetik ordainsari bat emango da. Eta gero, lehen azaldu dudan txostenak egitea, koordinazioak, behaketa pixka bat... Harrerako funtzio teknikoak egiteagatik ordainsari bat emango da: 3.600 euro gordin.
Lana utzi beharra daukate?
Programa horretan prestutasun osoa beharrezkoa da eta, beraz, bere lana utzi beharko luke ia osotasunean honetan lanean aritzeko. Jasoko duzunaren %25ekoa baino gehiago emanen dizun beste lan batean ezin duzu egon. Hau da, programan sartuz gero, esaterako, akademia batean klase batzuk eman ditzakezu ordu batzuez, baina hortik ateratzen duzun diruak ezin du gainditu programatik jasotzen duzunaren %25a. Esperientziak esaten diguna da pertsona askok bere lanean baimenak eskatzen dituztela, eszedentzia hartzen dute edo lana uzten dute momentu horretarako, eta baita bere hazkunde profesionala garatzeko ere.
Gaur egun familia eredu ugari daude. Guztiak onartzen dituzue?
Ulertzen dugu gizartea aldatzen joaten dela eta familia eredu ugari daudela. Beraz, programa honetan egon daitezke bi kidez osatutako familia, seme-alabak dituzten edo ez dituzten familiak eta baita guraso bakarreko familiak ere. Jartzen dugun baldintza bakarra da pertsona batek esperientzia eta prestakuntza izatea. Familia tipologiari erreparatuta ez dago inolako debekurik edo inolako arazorik.
Haurrak berezko familiarekin harremana izanen duela aipatu duzu.
Bai. Nafarroako Gobernuak markatzen duen bezala, neska-mutil horiek, orokorrean, haien berezko familiak bisitatzen dituzte. Guk, lantalde teknikoak, familia horiekin ere lan egiten dugu, haiek ere ulertzeko nora joan behar diren bere seme-alabak eta uler dezaten zer garrantzia duen haiek presente egotea haurren ongizatea sustatzeko. Esaterako, bisitetan batzuetan ikuskapena egiten dugu edo gu han egoten gara, pixka bat mezu egokiak emateko, baita ere baimen emozional bat emateko. Zeren ulertu behar da haur batendako batzuetan oso zaila dela beste familia batera bizitzera joatea, bere berezko familiak ez badio baimen hori ematen. Horregatik, berezko familiarekin lan egiten dugu, mezu egoki horiek emateko eta haurrari ahal den lasaitasuna emateko.
Berezko familia oso garrantzitsua da. Egoera kaskarra bizi arren, ezin dugu ahaztu haurren berezko familia dela, asko maite dute eta bere familiak emandako mezuak, segur aski, guk emandakoak edo harrera familiakoak emandakoak baino garrantzitsuagoak dira. Horregatik beti saiatzen gara familia horiekin elkarlanean aritzen, eta saiatzen gara mezu horiek duten efektua haiek ikustarazten.
"Bere familiak emandako mezuak, segur aski, guk emandakoak edo harrera familiakoak emandakoak baino garrantzitsuagoak dira"
Hiru aldeak ikutzen dituzuela.
Hiruki bat balitz bezala lan egiten dugu, eta hiru aldeak oso garrantzitsuak dira. Alde batetik, hirukiaren goiko partean haurra egongo litzateke, alde batean egongo litzateke espezializatutako harrera familia eta beste aldean egongo litzateke berezko familia. Lantalde teknikoa kanpoan dago. Gure lan egiteko modua da denon artean esku hartze sistemiko bat egitea, non hiru aldeak oso garrantzitsuak diren. Harrera familiak egin behar duen lana argi izan behar du, baina ezin du ahaztu baita haur edo nerabek horrek ere berezko familia duela eta denon artean lortu behar dugula hortik ez mugitzea haurra, denon aldetik mezu bera jasotzea eta haren ongizatea gustatzea.
Horregatik ere sustatzen dugu harrera eta berezko familien arteko erlazioa egotea, umeak ere ikusteko, haien artean informazioa pasatzen dutela eta denak zer pasatzen ari den dakitela, dena ahal den hoberen ateratzeko. Elkarlan bat da. Batzuetan ez da erraza, baina elkarlana lortzen bada umearendako oso lasaigarria da, eta emaitza onak dira. Gu hiru aldeen gainean gaude.
Zer esku hartze mota egiten dituzue aldeekin?
Esaterako, haur bat familia harrera batera joan behar denean, guk lehenik eta behin berezko familiarekin lan egiten dugu. Aurkezpen horretan haurraren berezko familiak harrera familia ezagutzen du. Berezko familiak haurrari buruzko ezaugarriak eta hainbat gauzak kontatzen ditu. Hori helduen arteko aurkezpena da. Horren ondoren haurrari esaten diogu bere amak edo aitak familia harrera ezagutu duela eta bere aita edo ama gai izango dela aurkezpen bat egiteko eta haurra harrera familiari aurkezteko.
Beste esku hartze batean, berezko familiak haurrari azalduko dio momentu horretan ezin diotela lagundu, ezin dela berarekin bizi, baina beste familia batekin egongo dela. Horrek haurrengan efektu oso positiboa du ikusten dutelako emozio baimena ematen diotela. Eta ikusten du denen artean errespetuzko erlazioa eta erlazio ona dagoela. Ez dira esku-hartze errazak izaten, duen emozio kargarengatik eta, azken finean, berezko familiarendako oso gogorra delako bere haurra beste familia batera bidaltzea, edo baimen hori ematea. Baina haurrarendako oso lasaigarria da eta dituen beldur asko eta zalantza edo galdera asko hor mozten dira.
Ondoren, egunean zehar sortzen diren arazoak. Guk jatorrizko eta harrera familiekin hitz egitea. Batzuetan harrera familiak ez du hainbeste ezagutzen haurra, baina berezkoak bai. Beraz, berezko familiak askotan gauza ugari esaten dizkigu, funtzionatzen duten teknika pasatzen digute eta elkarlan polita sortzen da.
"Berezko familiak askotan gauza ugari esaten dizkigu, funtzionatzen duten teknika pasatzen dituzte eta elkarlan polita sortzen da"
Epe jakinik badago harrera mota horretarako?
Bi egoera izan daitezke. Nafarroako Gobernuak erabakitzen badu haurra ezin dela familiarekin bizi, berezko familiak bi urte ditu plan bat burutzeko, eta helburuak betetzen baditu haien umea berreskuratuko du. Beraz, hor bada bi urteko iraupena duen harrera. Horiek pasata ikusiko da neska edo mutil hori berezko familiarekin bueltatu ahal den edo ez. Bestela, betirako harrera izango zen. Eta, orduan, haurra heldutasunera iritsi arte harrera familian egongo litzateke. Baina, beno, programa horretan berezko familiarekin lan egingo da beti. Lau urte pasata, bosgarrenean berezko familiak helburu horiek mantentzen baditu, haurra familia batera pasako da.
Esate baterako, harrera familia batean dagoen 8 urteko neska bat. Nafarroako Gobernuak markatzen duen bezala, harrera iraunkorra izango da. 12 urte dituenean bere ama edo aitak prozesu egokia egin badu eta helburuak bete baditu, agian buelta daiteke. Bestela, 18 urteak bete arte geldituko da. Betiere, bisitak mantenduz. Aukera dago bisita horiek areagotzea, edo, agian, pixka bat kentzea.
Beti lortzen da berezko familiarena bueltatzea?
Egia esanda, ez da kasu askotan lortzen, oso zaila delako batzuetan familia horiekin helburu guztiak betetzea eta testuinguru egokia egotea haurra bueltatzeko. Guri gustatuko litzaigukeena, eta umeei edo nerabeei galdetuz gero, haiek desiratzen dutena bueltatzea da. Azken finean, bere gurasoekin bizi nahi dute, eta hori izango litzateke onena. Bestela, jatorrizko familia mantendu behar da, erreferentzia hori ez galtzea, positiboagoa bihurtzea. Eta harrera familiarekin bestelako konpetentziak landu, gauzak egiteko beste modu bat ikustea, erreferente positiboak izan. Eta 18 urterekin, heldua bihurtzen denean, bizi kalitate ona izan dezala, emozio kalteak edo traumak landuak izatea, min gutxiago izatea. Heltzean erabakiko luke edo bueltatzea edo harrera familiarekin jarraitzea.
Zer egin behar da espezializatutako harrera familia izateko?
Lehenik eta behin, guk informazio hitzaldien bidez programari buruzko informazio sakona ematen dugu. Prestakuntzak, laguntzak eta profilaren adibideak jartzen ditugu. Bi informazio hitzaldi izango lirateke, ordu erdikoak dira. Familiak aurrera egitea nahi badu, Nafarroako Gobernuan izena eman behar du eta redesafe.org webgunean dagoen dokumentazioa aurkeztu behar du (lan bizitza, curriculuma...). Dena ongi badago, balorazio prozesu bat egingo dugu, hiru elkarrizketa izango ditugu familia pixka bat ezagutzeko: haien bizitza historia jakiteko, sakontasunean ikusteko ea zer familia mota den, nola ikusten dituzten arazoak, zer gauzak gertatu zaizkion haurtzaroan eta nola gaur egun hori eragiten dion edo ez.
Hiru elkarrizketa horien ondoren hasierako prestakuntza bat jasoko dute. Prestakuntza pixka bat orokorra izango da: esku hartze teknika, esku hartze planak nola egin eta nerabea edo umea sentitzen dutena sentiaraziz, lana nola egin jakiteko. Hori bukatuta beste elkarrizketa mota bat egingo da. Kasu praktiko bat emango diegu eta familia horrek guk emandako irakurketa batzuei esker haiek interbentzio plan bat egin beharko du, helburuak jarriz. Guk ebaluatuko dugu familia hori programetan parte hartzeko gai den edo ez. Balorazio prozesu horrek bi hilabeteko iraupena izan dezake. Balorazio prozesua bukatzeko, familiaren etxera joango gara baldintza egokiak dituela bermatzeko eta familiako beste kideak ezagutzeko.
"Heldutasunera heltzen direnean programan izan diren ume eta nerabeekin hitz egin dute eta esan dute oso eskertuta daudela"
Noiztik dago martxan harrera mota hori?
Gipuzkoan programa 2007tik dago martxan. Orain beste autonomia erkidegoetan ezartzen ari dira: Euskal Autonomia Erkidegoan Araban, Madrilen, Katalunian eta Nafarroan. 2022tik dago martxan aipatutako lurraldeetan. Urte akaberara arte iraunen du programak. Next Generation funtsek finantzatu dute. Epea bukatuta hemen Nafarroako Gobernuak hartuko du programaren ardura.
Zein emaitza eman du Gipuzkoan?
Emaitza positiboak izan dituzte. Haur asko pasa dira programatik, ehun edo gehiago. Orain 30 pasa dituzte. Heldutasunera heltzen direnean programan izan diren ume eta nerabeekin hitz egin dute eta esan dute oso eskertuta daudela: familia testuinguru batean hazi direlako, beraien bizi kalitatea hobeago delako, bizitzan dauden zailtasunei aurre egiteko gauza asko ikasi dituztelako eta teknika eta gauza berriak barneratu dituztelako. Guk gipuzkoarrengandik prestakuntza jasotzen dugu ahalik eta esku hartze onena egiteko, eta haiek lan moldea ezagutzeko.
Honen guztiaren berri nola zabaltzen duzue?
Joan zen urtean eta aurten hitzaldiak eman ditugu. Altsasun, Iortia kultur gunean, hilaren 11n, asteartearekin, 17:30ean emanen dugu. Programak 24 siete film laburra egin zuen, Goya sarietarako izendatuta egon zen. Ikus-entzunezkoak asko laguntzen du. Fikzioaren bidez errealitatera asko hurbiltzen da eta espezializatutako harrera familia nola izango litzatekeen azaltzen du. Film labur horren emanaldiaren ondoren jendeari programa azaltzeko solasaldi txiki bat egingo dugu. Iruñean eta Erriberan izanak gara, Nafarroan barna gabiltza. Pitteka, profesionalei, horren berri ematen saiatzen ari gara.