Iskiza Sakana Gimnasia Erritmikoko Taldearendako hilabete gogorrak izan dira azkenekoak, lehendabizi Nafarroako Kirol Jolasetako (NKJ) Banakako Nafarroako Gimnasia Erritmikoko Txapelketa izan baitzuten jokoan, tartean Espainiakoa, eta segidan NKJ-en Taldekako Gimnasia Erritmikoko Txapelketa hasi baitzen. Baina berehala merezitako atsedena hartzeko tartea izango dute, 2023/2024 denboraldiaren amaiera heldu baita.
Ekainaren 1ean NKJen Taldekako Gimnasia Erritmikoko Txapelketako bigarren fasea jokatu zen Berriozarren. Iskizako gimnastek urrian hasi zuten haien prestaketa, eta bederatzi hilabete hauetan gimnastek “lan handia” egin dutela azaldu du Iskizako Olaia Agirre koordinatzaileak.
Talde gehiago
Denboraldi honetan txapelketetan lehiatu diren taldeen kopuruak gora egin du Iskiza Sakanan. Guztira bost taldek parte hartu dute: kimuen mailako taldeak, infantilen mailako bi taldek, kadeteen mailakoak eta jubenilen mailakoak. “Kategoria ezberdinetan parte hartu dute, hiruk laugarren mailan eta bik hirugarren mailan, kimuen taldeak eta jubenil mailakoak. Hirugarren mailan maila altuagoa da eta kontentu gaude gure taldeek mailari eutsi diotelako” gaineratu du Agirrek.
NKJ-etan egindakoarekin “oso pozik” daude entrenatzaileak, gimnastak, eta familiak. “Bederatzi hilabetetan egindako lan osoa erakusten saiatzeko unea dira txapelketak, eta gimnasia erritmikoan 2 minutu eta 30 segundotan egin beharra dago. Oso zaila da 2 minutu horiek bikain ateratzea, entrenamenduetan ez dauden faktore gehiagok eragiten baitute: urduritasunak, publikoak… Baina aipatzekoa da gure gimnastak oso ondo aritzen direla lehiatzerako orduan, eta emaitzetatik at merezimenduak ikusteko gai direla. Gainera, emaitzak ez daude soilik gimnasten eta entrenatzaileen esku, epaileek ere esku hartzen baitute”.
Olaia Agirre: "Gure gimnastak momentu gorenean iritsi dira NKJ-etako Taldekako Txapelketara"
Momentu “gorenean”
NKJen Taldekako Gimnasia Erritmikoko Txapelketan talde guztiak “bikain” aritu zirela nabarmendu du Agirrek. “Gimnasta guztiak zoriondu nahi ditugu, taldean egindako lanagatik batez ere. Gure gimnastak momentu gorenean heldu dira txapelketa horretara”.
Emaitzei dagokienez, infantilen eta haurren kategorian (hirugarren maila) Iskiza Sakanak bigarren postua lortu zuen txapelketaren bigarren fase honetan. Jubenilen kategorian (hirugarren maila), Iskiza Sakanak lehenengo fasean lortutako bigarren postua defenditzea lortu zuen bigarren fasean, sailkapen orokorrean bigarren sailkatuz. Bukatzeko, infantilen M taldea (laugarren maila) sailkapen orokorrean hirugarren postutik 0,10 puntu eskasera gelditu zen, laugarren postua lortuz. Iskiza Sakanako entrenatzaileak “oso kontentu” daude ikasturte honetan Iskizako taldeek egindako lan eta esfortzuarengatik.
Ikasturteari, agur, Zelandin
Iskiza Sakanako ikasturte amaierako erakustaldia ekainaren 8an izan zen, Zelandi kiroldegian. Erakustaldi horrekin denboraldiari amaiera eman zioten gimnasta guztiek, Altsasuko eta Arbizuko eskolako neskek eta Olaztiko Sutegi taldeak.