Barruan duguna eta Eki, Libe eta Urrezko ezkurra ipuinen kontakizuna egingo du Mitxel Elortza Exea idazleak Nekane Suso Biain ilustratzailearekin batera, ekainaren 13an, oste guna, 18:00etan, Iortia kultur gunean. Altsasun egoteko "ilusio handiarekin eta gogotsu" dago.
'Barruan duguna' doluari buruzko ipuina da. Zerk eraman zaitu doluari buruz hitz egitera?
Gizartean kostatu egiten zaigu bai sentimenduei buruz bai heriotzari buruz hitz egitea. Urteak neraman horrekin buruan eta banekien zer edo zer idatzi behar nuela. Gainera, Euskal Herrian ospakizun oso garrantzitsu bat berrasmatzen ari da, Gau Beltza edo Arimen Gaua, eta hori oso ondo uztartu daiteke doluarekin. Gau Beltza bada maite ditugun pertsona horiekin hurbiltzen garen gau bat, oso berezia, eta pentsatu nuen zergatik ez bi gai horiek uztartuta doluaren inguruko zerbait idaztea.
Bost eta hamar urte bitartekoei zuzenduta dago, baina edozeinek irakur dezake, ezta?
Jendeak askotan galdetzen dit zenbat urtera bideratuta dagoen ipuina, eta niri ez zait gehiegi gustatzen adin tarte batera mugatzea. Edonork irakur dezake eta, gainera, adinaren arabera irakurketa bat egingo da eta hori ere aberasgarria eta interesgarria da.
Ilustrazioen beste irakurketa bat ere egin daiteke?
Dudarik gabe. Album ilustratu bat da; album ilustratuetan testu eta irudien arteko oreka ezinbestekoa da eta hor irudiak pisu handia eta zer esan handia dauka. Horregatik, ipuin honen atzean, oreka horretan, lanketa handia dago. Nik ipuina idatzi nuen, baina Nekane eta bion artean lan talde bat egon da pentsatzeko hitzetan adierazitako hori nola irudikatu genezakeen. Ipuina ez da narratiboa; olerkia, errimekin, idatzia dago eta horrek egiten du umeentzat lehenengo irakurketa batean ulertzeko pixkatxo bat zailagoa izatea eta horregatik saiatzen naiz beti bigarren buelta bat ematen eta horretan solaskideekin ipuinari buruz hitz egiten. Horretan bai zentratzen gara irudietan. Irudiek asko kontatzen dute.
Dolua tristurarekin lotu duzu edo modu positiboan landu nahi izan duzu?
"Barruan dagoena askatzeko ezinbestekoa da emozio guztien balidazioa"
Horri bueltak ematen egon naiz. Gizartean badago mania handia negar ez egiteko, triste ez egoteko eta abar esateko; barkatu baina negar egin, oihukatu, behar duzuna egin. Ipuina Barruan duguna deitzen da, eta hori nahi dugu, barruan dagoen guztia askatzea. Horretarako emozio guztien balidazioa ezinbestekoa da. Saiatu naiz horri buelta bat ematen eta ipuinaren mezu nagusiena da oroitzen ditugun pertsonak beti gure bihotzean egongo direla. Orduan, dolu bat pasatu behar dugu, barruan hutsune bat sentituko dugu, eta hor emozio asko egongo dira barrenean. Baina garrantzitsuena da zer egiten dugun emozio horiekin. Hor dago benetan garrantzitsuena. Umeei beste ikuspegi bat ematen saiatu naiz, egiaren bitartez, askotan ere izkutatzen delako gaia. Uste dut hori ez dela bidea. Egia esan behar da, errealitatea; bihotzean izan ditzakegu pertsona horiek eta gurekin egongo dira.
Liburu honek zer emango dio dolu prozesuan dagoen pertsona bati?
Prozesu horretan laguntzeko euskarri edo baliabide bat. Ez da antidoto bat, hori esatea asko litzateke, baina bai lagungarri bat. Azken finean, enpatia. Egoera horretan dagoen pertsonaren lekuan jartzea eta ikustea ez dagoela bakarrik prozesu horretan, jende askok pasatzen duela.
'Eki, Libe eta Urrezko ezkurra'-rekin bidaia bat proposatzen duzu. Nora?
Exiburu mundu magikora non gure protagonistak izaeraren arabera galtzagorri, herensuge, sorgin edo basegeinu bilakatuko diren. Abenturaz beteriko istorio ziragarria da. Beste pertsonaiak ere agertzen dira: lamiak, tartalo, Mari aipatuko da... Saiatu naiz kondairak kontatzen duena errespetatzen. Gehienbat idatzi dut uste dudalako ikastetxetan eta etxeetan euskal mitologia gero eta gutxiago lantzen dela; uste dut zerbait oso gurea eta ederra dela. Alde batetik, irakurzaletasuna bultzatzeko eta bestetik euskal mitologia umeei gerturatzeko idatzi dut.
Nolakoa izango da Altsasuko ipuin kontaketa?
Pianoa eramango dut eta obra bat jotzen hasiko naiz. Barruan duguna-ren irudi batzuk proiektatuko ditugu, gehiegi erakutsi gabe, misterioa mantentzeko, eta orduan hasiko gara haurrei galdetzen ea zer ikusi duten eta zeri buruz izan daitekeen ipuina. Kontakizunaren ondoren Nekanek azalduko du nolakoa izan den sortzen porzesua, baita krisantemoen inguruan hitz egingo du ere. Garrantzia handia du kontakizunean. Hausnarketa txiki bat egingo dugu eta tailerra egingo dugu.